09
Ira
2007

Marko Europarraren harrak

Plisti-plasta | 2007, Iraila 9 - 15:56

Bat-batean nire unibertso txikian... A1... C2... B1 eta horrelako hotsak aditzen hasi naiz, umetako ontzitxoen jolasa burura etorri eta... “C1...hondoratua!” bota dut. Alboan neukan irakasle batek, ordea, zerau esan dit: “Irakur ezak Erreferentzi Marko Europarra, bestela EGA (C1) bera hondoratzeko kapaz haiz eta”.

Txintxo baino txintxoago kasu egin eta ekin diot irakurtzeari ditxosozko Marko Europarra baina txulotxoak eta harrak antzeman dizkiot.

Hasteko eta birritan azpimarratuta esan behar beharrezkoa zela Marko Europarra erreferentzi komuna izateko eta honexegatik bakarrik merezi duela eta lagungarria izan daitekeela programatzeko orduan.

Gainera, aurkikuntza politak ditu: trebetasunen helburuak eginkizunka definitzea adibidez, baina kalitate eskasekoa dela begitantzen zait. Zergatik diot hau, ordea?

Atal askori buruz ari gintezke (atazena, ebaluazioarena...) baina ekarpenik handiena helburuen definizioan ematen denez, horrexeri lotuko gatzaizkio. Jar gaitezen begira, adibide gisa, bigarren mailako (B2) mintzameneko helburuei:

  1. Helburu batzuk gehiegizkoak dira. Adib : gai da ama-hizkuntzan diharduten solaskideen arteko eztabaida bizien erritmoari jarraitzeko (eztabaida informala)
  2. Helburu batzuen formulazioa ez da koherentea. Adib: gai da elkarrizketak eraginkortasunez eta jariotasunez egiteko, prestatuta dituen galderetatik aldenduz, tarteka, hariari ongi jarraituz eta erantzun interesgarriak emanez.(elkarrizketak egitea eta elkarrizketatua izatea)
  3. Helburu batzuk kontraesankorrak dira. Adib: gai da inguruko elkarrizketetan esaten dena ulertzeko, ahaleginak eginez bada ere, baina zail gerta dakioke ama-hizkuntza duten horiek beren diskurtsoa nolabait moldatzen ez dutenean haiekiko elkarrizketan eraginkortasunez jardutea (eztabaida informala) vs. gai da ama-hizkuntzan diharduten hiztunekin solasean aritzeko haiek ama-hizkuntzan diharduen beste solaskide batekin ez bezala aritzera behartu gabe (elkarrizketa)
  4. Helburu zehatzen atalean ere batzuk orokorregiak dira: gai da eztabaida formaletan era aktiboan parte hartzeko, izan arruntak ala ez.
  5. Marko europarrarentzat ez da Internet existitzen. Ez irakurmenean, ez idazmenean, ez elkarreraginean, ez... aipamen bakar bat ere ez. Oso larria deritzot honi, ezen gaur egun elkarreraginezko komunikazioaren gune garrantzitsua baita Internet.

Eta jarrai dezaket baina ez dut inor nekatu nahi. Berriro diot: beharrezkoa zen Erreferentzi Marko Europarra eta euskararen munduan ere laster dugu nagusi baina lilurarik ez (Marko Europarra, aizu!!! Hamika adituk eginikoa, aizu!!!) eta etsipenik ere ez (Ez du ezertarako balio! Bah, beste rollo teoriko bat!).

Bide batez, pare bat galderatxo: zer asmo dago? Kurrikuluma eta Markoa uztartzekoa ala bata edo bestea aukeratzekoa? eta “meme” bat: zer iruditzen zaizue Marko Europarra?

Etiketak: didaktika | europako markoa | HEOK | Kurrikuluma | Markoa |
Bidalitako artikuluak

Markotrafikoa

Benito-(e)k 2007, Iraila 9 - 20:03-(e)an bidalia.

Joño Plisti, oporretan topatu duzu zer egina, markoa irakurri... baita aztertu ere.

Galdera potolo bi bota dituzu. Lehenengoari ezin diot erantzun argirik eman. MEaren erabilera "ofizialaz" ari bazara behintzat. Baten batek eman diezaguke erantzun argiagorik.

"Memeari" berriz, erantzun memelotxua emango diot. ME zer iruditu? Totxoa. Alegia, lehenengo bistazo batean orri asko. Ez nabil txantxetan (ezta serio-serio ere), baina hori da seguruenik gure inguruan dabilen iritzi masiboa (masiboa bezain aitortezina bestalde).

Dokumentuaren estiloa ohikoa baino gertuagoa da dena dela, baina formatoak zuk aipatutako bi jarrera horiek ekarri ditu: lilura (irakurri eta mamitu barik askotan), eta etsipena -etsipena barik nik ez endredatzeko gogoa esango nuke-. Ondorioz, beste hainbat "dotrina" legez hala bedi esan beharrekoen artean geratuko da, baina mamitu eta erabili barik. Ondo dago horrela zuk egin dituzun moduko "harrak" agerian uztea, sikieran baten bati era kritikoago baten kukutxua egiteko "harra" sartuko zaio.

Lehenengo bistazotik harago zer iritzi? Ikuspegi komunikatiboa hurreratzeko eta aplikatzeko ahalegina, ez perkektua, baina behingoan ikasle nahiz irakasleei eskura ipintzeko modukoa. Hizkuntza konpetentzia modura ulertzen da, eta hala zabaldu nahi izan da, nire ustez oraindik ondo mamitu ez den kontzeptua da hori.

Beharbada ikuspegi komunikatiboa benetan ulertu eta aplikatzeko azkenengo aukeretako bat izan daiteke. Eta guztion esku dago hori guztia abian ipintzea. "Irakurri markoa!" edo "irakurri curriculuma!" edo "ikastaro bat egin behar dugu" bezalako formula akademizista-errazetatik harago.

 


 

To, txo!

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 9 - 23:12-(e)an bidalia.

Arrazoi duzu Markoa "totxo" samarra dela aipatzen duzunean. Nire ustetan, ez da liburu arrunt bat bezala irakurtzekoa. Nik neuk behintzat irakurri (ideia orokorra izateko -ezaguera-), ondoren utzi eta ariketak edo maila programatzeko orduan helburu zehatzak ezartzeko kontsulta liburu bezala erabiltzeko asmoa dut.

Argi daukat Markoa egun dagoen anabasa (batzuk urratsekin lanean, beste batzuk mailekin, asko biekin batera) ordenatzera etorriko dela batetik, eta bestetik kurrikuluam ezarritako zehaztapen maila orokorraren eta ikasgelako jardueraren artean dagoen jauzi itzela leuntzera, tarteko zehaztapen maila ezarriz.

Baina nire aurreko mezuan nioen bezala, irakurri aurretik neukan itxaropena apur bat zapuztu egin zait, lehenago aipatutako bost harrengatik (seigarren bat ere bada, hots, helburu zerrenda batzuk guztiz partzialak eta osatu gabeak dira -ikus adibide gisa, estrategiak-) eta dokumentu guztiak daukan "politikoki zuzenaren" ajeagatik; jakin dakidan arren, administrazio hauetatik "ekumenismoa" besterik ez daitekeela espero eta benetako bultzada didaktikoak beste lekuren batetik etorri beharko duela.

Argi gera bedi nire asmoa ez dela Markoa gutxiestea, esan dizuet langai hartzeko asmoa dudala, baina modu kritikoan, dauzkan hutsune estrukturalak kontuan izanik eta erabat osatu gabeko dokumentu irekia den aldetik guztion artean osatzeko proposamena eginik.

Beno, Benito eskertzen dizut zure/gure Karraju honetan noizean behin "meme"lokeriak botatzeko parada izatea, badakit gaia "totxo" samarra dela baina iruditzen zait luze baino lehen kontu honek uste baino eragin handiagoa izan lezakeela gure jardunean.

Memea aurrera!

Benito-(e)k 2007, Iraila 9 - 23:59-(e)an bidalia.

Eskerrak zuri hausnarketa hemen konpartitzeagatik.
Memea bota duzu, eta aurrera egin dezala. Seguru gu biok ez garela markoa irakurri dugun bakarrak, ezta zalantza eta iritzia dauzkagun bakarrak ere.
Ea ba! Egiozue kasu Plistiren memeari!

memea

arkaitz zarraga azurmendi (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 10 - 16:28-(e)an bidalia.

Epala!
Markoaz entzun dizuet eta...gaia itxi aurretik... Noski, markoa ez da tresna erabakigarria, panazea. Seguruenik ez da gauza bera izango LHn dabiltzan umeentzat edo HEAn dabiltzan gure ikasleentzat; arrantza munduan arituko direnentzat edo osakidetzan dabilenarentzat. Bakoitzari deskribatzaile ezberdinak ezarri beharko genizkieke, bakoitzaren testuinguruaren ezagutzatik abiatuta, egokitzapenak eginez. Horrexegatik da Erreferentzi markoa. Baina ikasleen beharrak identifikatzeko eta haien arabera planifikatu eta ebaluatzeko tresna erabakigarriak dira. Bide batez, ikasleari bere ikas prozesuaren kontzientzia hartzen lagundu ahal dio.
Ez dut esango Markoaren defendatzaile sutsua naizenik, baina euskalduntze planetan adibidez, oso aplikagarria iruditzen zait. Deskribatzaileek plangintza ezberdinetara egokitzeko aukera ematen dute, enpresa batean telefonoa hartzen duenak, lan komertziala giten duenak eta txostenak egiten dituenak trebetasun ezberdinak garatu beharko dituzte, gaitasun ezberdinak baloratu beharko zaizkie eta estrategia ezberdinak erabiltzea komeniko zaie.
Kontua da, benetan, gure ikasleak ez ditugula markoan agertzen diren deskribatzaileen arabera ebaluatzen eta, beraz, nahiko zaila da ikas prozesua horretara egokitzea.
PERFILAK (hauek behintzat) DIRA GURE MINBIZIA!!

Markoaren ekarpenak

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 10 - 19:19-(e)an bidalia.

Aupa, Arkaitz!

Konforme nago Markoak oinarrizko bi gauzatan egiten duen ekarpenarekin: batetik, helburuak eginkizun komunikatiboei lotzearekin; eta bestetik, behar komunikatibo pertsonaletara egokitzeko ematen duen bidearekin.

Helburuak eginkizun komunikatiboareki lotzearekin, zera esan nahi dut: ezin dela helburutzat erlatiboa ikastea hartu, kasu (ataza "bideragarri edo pedagogikoa" ez bada behintzat) eta ezta, gramatika testuala aitzaki, instrukziozko testua edo beste halakoren bat; alegia, argi daukat helburuak komunikazio eginkizunari lotuta egon behar duela, eta honetan Markoak ezartzen duen norabidea egokia dela uste dut.

Behar komunikatibo pertsonaletara egokitzeko bide ematen du. Oxala zuk egiten duzun Markoaren interpretazioa nagusituko balitz: "enpresa batean telefonoa hartzen duenak, lan komertziala egiten duenak eta txostenak egiten dituenak trebetasun ezberdinak garatu beharko dituzte" Horixe da bidea zalantzarik gabe eta diseinu kurrikular espezifiko horietarako lagungarri gerta dakiguke Markoa baina euskaltegion munduan oraindik ere erronka handia dugu dibertsifikazioaren ildoan eta, egia da, perfilen kontu horrek ere askorik ez duela laguntzen.

PERFILAK (hauek behintzat) DIRA GURE MINBIZIA!! diozu eta horretaz ere aritu beharra daukagu, ia datorren astean Benitoren baimenarekin tartetxo bat hartzen dugun. Bitartean, kontura zaitez zein puntutarainoko metastasian erorita nagoen/gauden...ez diot ba, lehenengo mezuan, C1i 3.maila deitu beharrean, EGA deitu!! Jibaro, jibaro!

 

 

Konpetentziak

Benito-(e)k 2007, Iraila 11 - 01:24-(e)an bidalia.

Lan-munduaz ari zarela, Markoaren aurretik enpresa munduan, formazio alorrean gehien bat, ezagunak dira konpetentzien mapa deritzenak. Hau da, Lanpostu batean eduki eta garatu beharreko konpetentzien zerrendak eta haiek ebaluatzeko tresnak.

Niri begitantzen zait MEa azken batean ikuspegi konpetentziala (terminoa oraintxe asamatu dut) deitu daitekeen zerbaiten beste agerpen bat dela. Europako zortzi konpententziak ere hor dabiltza.

Azken batean ikuspegi komunikatiboaren inguruan ere gaitasunez hitz egiten hasi zen (gaitasuna / konpetentzia ez dira ia sinonimoak?).

Ikuspegi oso pragmatikoa da, eta beharbada une honetan ez datorkigu txarto pragmatismo apur bat. Alde horretatik ekarpena da duda barik.

Hala ere ikuspegi komunikatiboa garatzeko arazo berberak ez ditugu topatuko? Helburuak garatu eta ulertu, ebaluazio adierazle argiak eta erabilgarriak, edukien zerrendak... praktikara ekartzea azken batean.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia