09
Api
2011

Gramatika hizpide

Plisti-plasta | 2011, Apirila 9 - 23:58

Bidaiatxo honetan lagundu nahi badidazu, Hizpideren 75. zenbakia izango dugu abiapuntu. Zehatzago, Josu Peralesen ‘Ba al dago bizitzarik atazetan oinarritutako irakaskuntzatik harago?’ artikulua. Bertan, Josuk, ohi bezain fin eta aratz, azken urteotan ikasbideek izaniko bilakaera erakusten digu.  Josuren iritziz,  proba enpiriko gutxitxo dago metodologia bat edo beste hobesteko.  Bere hitzak esanguratsuak dira oso: Ikasbide bat puri-purian egoteak ez du esan nahi hizkuntza ikasteko modurik eraginkorrena horixe denik. Indarrean zegoen ikasbidearekiko frustrazioa, asperdura, aldatzeko gogoa, gauza berrien lilura, argitaletxeen interesak, izan daitezke, besteak beste, ikasbide bat zokoratzeko eta beste bat besarkatzeko arrazoia.

Zenbait pausaldi egin ditu Josuk artikuluko ibilbidean, AOI zuhaitzak itzalpean ezkutatzen duenari  erreparatu dio batean, APP harkaitzaren gogortasunari beste batean eta Gramatika errekastoaren ibarrean ere eseri da, uraren emariari  begira. Hementxe paratuko gara gu ere Josuren ondoan. Longburuan duela:  Zeri begiratu:  hizkuntz formari ala hizkuntz formei? - galdetu digu tupustean.  Hizkuntz  formei begiratzen badiegu,  antzinako modu klasikoa izango dugu oinarri, item linguistikoen lantze soila. Hizkuntz  formari begiratzen badiogu, ostera, komunikazioa izango dugu funts eta abiapuntu, hizkuntzaren formak komunikazioari eragin liezazkiokeen  trabak edo erants liezaiokeen eraginkortasuna (gaitasun estrategikoa) aztertuko dugu. Korapilo polita!

Dagoeneko nekatzen hasiak gara eta nasai ditzagun, beraz, apur bat mendiko boten lokarriak. Horretarako, belarria zorroztu eta sei ikasgelatako jarduerak adituko ditugu segidan, zuk zeuk azter dezazun bilakaera, noiz den gramatika helburu eta noiz komunikaziorako baliabide:

  • 1. gela: Epa! Gogoan duzue atzo landu genuen ‘Norentzat’ kasua, ezta. Bada,  gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero ariketa analitiko batzuk egingo ditugu,  ondo ulertu duzuela ziurtatzeko eta praktikan jartzeko.
  • 2. gela: Epa, gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero berau zertarako erabil daitekeen azalduko dizuet:  identifikazioak eta definizioak egiteko, hain zuzen.
  • 3. gela: Epa, irakurri mesedez eman dizuedan testua eta erreparatu azpimarratuta dituzuen esaldiei:  erlatibozkoak dira. Zertarako erabiltzen ditugu? Nola eratzen dira?
  • 4. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue, erlatiboa erabiliz. Hara, erlatiboa egiteko…
  • 5. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue. Ikus dezagun zeintzuk baliabide behar ditugun horretarako: lexikoa, postposizioak, erlatiboa, deskripzioaren ordena…
  • 6. gela: Epa, azter dezagun atzo grabatutakoa (idatzitakoa). Hara, identifikazioa ez duzu egoki formulatu; batzuetan ez da gramatikalki zuzena (kasu honetan, adibidez) eta beste pasarte hau errepikakorregia da. Begira, erlatiboa deitzen den tresna hau erabil dezakezu, hobetzeko.

Beno, konforme. Akaso, ez dira adibiderik egokienak, esan dizut, ba, nekatu samar nengoela. Dena den, bada hor bilakaera bat. Beraz, zaude lasai. Ez lotsatu, batzuetan bide malkarretan gramatikaren makila erabili behar izanagatik. Baina gogoratu makila honek  komunikazioaren bidean  laguntza tresna izan behar duela beti, eta ez helburu. Makila helburu bihurtzen denean, denok mutu geratzen baikara.

Erreka ondoko iturriko ura eskaini digu Josuk, burua apur bat  freskatu eta zahatoari tira egin diogu guk, ordea…  Segi zuk ere bidea egiten,  gustuko baduzu.

Etiketak: AOI | gramatika | hizpide | Josu Perales | Long |
Bidalitako artikuluak

Sintesia

Benito-(e)k 2011, Apirila 10 - 21:29-(e)an bidalia.

Asmoa eduki dut neuk ere Josuren artikuluaz zerbait esateko, baina alferkeriak jota edo hortxe hartu didazu aurrea, eta laburrago jorratzeko aitzakia ere bai.

Artikulua azken batean azken 15-20 urteotako bilakaeraren errepasoa da, interesgarria une honetan hizkuntzen irakaskuntzan didaktika  kontuak nondik nora dabiltzan. Eta HABEko teknikari batek idatzita, ez dakit noraino den Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean egosten denaren seinale edo isla.

Azken urteotan atazak gora eta atazak behera ibili garela pentsa daiteke hau irakurrita, eta maila batean horrela izan da seguruenik. Bi muturren arteko pendulu-dantza moduko bat egon dela pentsa daiteke era berean, "gramatikismotik" "atazismora". Gramatika irakatsi edo klasean zerbait egin, zerbait kontrajarria balitz bezala, alderdi bat edo beste bat.

Eta Long-en "forma" hori ez da berria, areago, esango nuke ikuspegi komunikatiboaren katexima hedatzen hasi zenetik hori egon dela beti atzetik: hizkuntza baten gramatika komunikazioaren errealitatearekin ahal denik eta lotuenik landu behar da, esanahia, funtzioa eta bizitzako jarduerekiko harremana aintzat hartuta. Adibide lerdo-didaktiko antzeko zerbait egitearren "Nik zu maite ........" bezalako batekin euskaraz maitasuna deklaratzen ikasten ari garela gogoratu edo konturatu beharra du irakasleak zein ikasleak.

Atazetan oinarritutako irakaskuntza? Hori da une honetan bide metologiko "ofiziala" nonbait. Hamar urte baino gehiago dira terminologia hori zabaltzen hasi zenetik. Jakin beharko litzateke zer-nolako interpretazioak egin diren hala ere. Batzuek (bide estua edo) gramatika baztertu beharra ulertu zuten (aditzen taulak erre egingo lituzkeen bat baino gehiago ezagutzen ditut). Beste batzuek halako slalom-ak egin dituzte: erlatiboa landu, NNN landu eta gero "ataza" bat egingo dugu. Ataza hizkuntza praktikatzeko une bezala ulertuta edo, "ataza komunikatiboaren" ideiari ondo eutsita.

Peralesek gogoratu digu bestalde, komunikazio hutsean oinarritutako jardunaren (gramatikaren bazterketa muturreko kasuetan) eraginkortasuna frogatzen duenik ez dagoela, aitzitik, kontrakoa dioten ikerketek-edo gehiago dira, nagusi dira alegia. Hizkuntzaren gaineko hausnarketa nola edo hala beharrezkoa da, edo kalterik ez du egiten behintzat, aldarrikatzen den moduko kalterik gutxiago. Zer egin orduan?

Forman oinarritutako bide hori izan liteke bide bat. Aspaldian da bidea, esango nuke nik. Baina bitxia da era berean nola zabaldu dituen beste esparru batzuk. Ikaskuntza informalaren aipamena egin da bateko, teknologiak ekarri duen zurrunbiloa besteko.

Azken batean, ulertu dut euskara ikasteko bide guztiak hartu behar direla aintzat, bakoitzak bere neurrian egiten duela ekarpena: metodologiak, jarduerak, tresnak eta formatuak. Eta ez dela bidezkoa batean edo bestean ikustea irtenbide bakar-nagusirik.

Beti ere hizkuntza gauza egiteko tresna dela jakinda, eta gauzak egiteak ematen diela funtsa eta esanahia hizkuntzaren elementu guztiei.

Erlatiboa

Pittu (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Apirila 10 - 21:37-(e)an bidalia.

Eta... ikasleei esan behar diegu erabiltzen duten hori "erlatiboa" dela? ikasle mota guztiei? ez dira beldurtuko?agian,  baten bat nahastu eta euskaraz definizioak beti erlatiboak direla ulertuko du... eta orduan bai, nahaste komunikatiboa gertatuko da!! ste Hizpide 75 aste honetako egitekoen artean, ea aukerarik dudan.

Kontzientzia metalinguistikoa

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Apirila 11 - 12:28-(e)an bidalia.

Josuren ondorioetako bat azpimarratu nahi nuke:

Euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, egin dugun azterlan propioan, Kontzientzia metalinguistikoa, hots, hizkuntzari objektu gisa begiratzeko gaitasuna da lorpen-emaitzekin loturarik sendoena duen aldagaia.

Hau honela bada, argi dago kontzientzia komunikatiboa eta kontzientzia metalinguistikoa uztartu beharrean gaudela ekintza komunikatiboen baitan.

Ezin gara jokabide sinplistetan erori. Sinplistegia zen gramatikan oinarritutako ikasbide estrukturalista baina sinplistegiak dira oraintsu antzeman daitezkeen zenbait jokabide ere. Berauen ustez, nahikoa da ikasleak bere bizimodu-komunikatiboan egiten dituen atazak atzeman eta mailaketa bat ezartzea, programazioa ataza hauen  simulazioan oinarrituz. Hain dira anitzak egoera komunikatiboak eta berauei aurre egiteko moduak, ezen ezinezkoa baita kalkoetan oinarritzea. Nabarmena da kalkoa oinarri izan beharrean, egoera komunikatibo batean zein bestean erabilgarri diren elementu transferigarrietan  jarri beharko dugula arreta. Elementu horiek mota askotakoak diren arren, bi multzo handi egingo ditugu: elementu esplizituak eta inplizituak.

Kontzientzia metalinguistikoa esplizitazioaren alorrekoa da. Hizkuntzaren funtzionamenduaren alor batzuk (ez guztiak) esplikatzen dituena. Eta honetan bi zedarri nabarmen ditugu: Gramatika eta Hiztegia. Esplizitazioa eraginkorra bada, zer dela-eta utzi behar dugu albora beronen  eragile garrantzitsuenetako bat: gramatika?  Pittuk dioen moduan nahasterik sortu gabe. Eta nahasterik ez du sortuko,  baldin eta gehiago jorratzen badugu Gramatika Kognitiboaren eta Gramatika Didaktikoaren bidea. Araua baino gehiago eraginkortasun komunikatiboa bilatzen duena.  Gainera, gramatika ikusteko era berri horren zantzuak izan baditugu etxean bertan  ere (Pello Esnalen lan batzuk gogoan).

Baina  esplizitazioaren alorraz gain, bada berau bezain garrantzitsua den alor ilunago bat, alderdi  inplizituari dagokiona, alegia. Inplizituak dira  esplikaziorik behar ez duten elementuak: hizkuntza baterako zein besterako berberak direlako (paralinguistika, adibidez) edo  hizkuntza batetik bestera automatikoki transferitzen direlako (mundu ezagutza edo erregistroarekin zerikusia duen kokapen soziala, adibidez). Inplizituak dira, halaber, esplikatu ezin ditugunak, dela ezagutza gabeziagatik , dela  ezagutza  partzialaren erruz (honelakoak ditugu ikas-prozesuaren alderdi asko).

Biak ala biak, elementu esplizituak zein inplizituak, egin eta hausnartu, harremanetan jartzeak eraginkorrago bihur lezake ikasbide komunikatiboa.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia