zuzendari

10
Eka
2009

HABEren zuzendari nagusiari

Plisti-plasta | 2009, Ekaina 10 - 17:16

Hiru kontutxo/ipuintxo besterik ez dizkiot aipatuko gaur-gaurkoz, Hona:

1.    Prokusto (Joxerra Garziaren hitzetan)

Grezia zaharreko mitologia aberatsean bazen pertsonaia bat, behin baino gehiagotan aipatu izan dudana, liluratuta bainauka: Prokusto. Nor zen Prokusto hori? Bada, bide-bazterrean egon ohi zen erraldoi bat. Ohantze edo ohe moduko bat zeukan Prokusto hark, bere neurri-neurrikoa. Bidean pasatzen ziren bidaiariak hartu, eta bere ohean etzan arazten zituen, banaka. Hala jakiten zuen ea bidaiari bakoitzak luzera egokia zuen edo ez. Bidaiariren bat txikiegia bazen, hartu beso-zangoetatik, eta bortxaz luzatzen zuen, harik eta luzera egokia hartzen zuen arte. Harik eta bere ohearen tamainakoa egin arte, alegia, nahiz bortxazko luzatze horretan bidaiaria hil. Oherako handiegia bazen bidaiaria, berriz, ohez kanpo geratzen zitzaizkion puskak moztu egiten zizkion Prokustok, bidaiariaren beraren hobe beharrez beti ere. Alegia, tamaina egokiko izan zedin bidaiaria: ez handi, ez txiki… handi-txikia ohearen arabera juzkaturik beti ere.

2.    Rube Goldbergen makina

Rube Goldbergen makina edo gailu guztiek badute ezaugarri nabarmen bat: eginkizun errazena egiteko ere oso zeharkako bideak erabiltzen dituztela, alegia. Fisika eta surrealismoaren arteko nahasketa dira (patafisika). Nik beste urte dituzuenok, agian gogoratuko dituzue TBOn agertzen ziren tankera honetako makinak. Indianako Purdue Unibertsitateak urtero antolatzen du Goldberg-makinen lehiaketa, irabazle izateko ahalik eta urrats eta prozesu luzeenak burutu behar ditu makinak emaitzara heldu baino lehen.

3.    Föhn efektua

Alpeetako haize entzutetsu baten izena hartu du efektu honek. Erliebe menditsuetan gertatu ohi da, aire bero eta hezeak gora egin behar izaten duenean mendiak eragiten dion traba gainditze aldera. Honek ur-lurruna hoztu egiten du eta kondentsatu, ur-tantak sortuz haizealdeko mendi-hegalean, hodeiak eta euri zaparradak izan ohi dira bertan. Haizebeko mendi-hegalean, ostera, oskarbi izaten da eta tenperaturak gora egiten du.

Izan beza jakituria lagun zuzendari nagusiak, Prokustoren, Goldbergen eta Fönnen hatzaparretatik ihes egiteko.

Argazkia: Máquina de Rube Goldberg en la base del Alinghi. Egilea: freshwater2006. Lizentzia.

Sindikatu edukia