krisia

05
Urr
2010

Udal Euskaltegietako murrizketak

Leire Narbaiza | 2010, Urria 5 - 01:06

Leire Narbaizak bere blogean idatzi duen artikulua hona ekarriko dugu bere baimenarekin. Krisia eta murrizketak aipatzen ari dira ikasturte hasiera honetan, eta kezka asko hasi dira zabaltzen, eta geure ahotsa entzuteko ordua ailegatu da akaso. Hona Leireren hitzak bada:

Ikasturte berrian ikasle asko kalean.

Udal Euskaltegietara murrizketak etorri dira. Gerrikoa estutu behar omen dugu guztiok, eta 2010-2011 ikasturtean %12,4 murriztuko dute gure aurrekontua. Euskaltegi guztiei ematen zaien aurrekontua, berriz, %6 moztuko da.

Zertan igarriko da hau? Irakasleen kontrataziotan. Hau da, plantillakoak direnek baino ez dute klaserik emango. Beraz, izena eman duten hainbat ikasle kalean geratuko da. Euskara ikasi ezinda.

Eudelek salatu duenaren arabera, 59 irakasle kaleratzea ekarriko luke neurri horrek. Ez dute ondo azaltzen. Seguru aski, irakasle horiek langabezian egongo ziren udan; izan ere, behin behinekoak direlakoan nago (batzuk 15 urtean, edo gehiago, lan honetan). Oso larria da, kontuan izanda, iaz kontrakoa geratu zela, behar beste irakasle kontrata zitezkeela, alegia. Horri esker, egin nuen lan iaz.

Larria izan liteke irakasle horiena, jakina. Baina ez da are larriagoa hizkuntza ofiziala ikasteko aukera barik gelditzea? Ez gara, bada zerbitzu publikoa? Eta, gainera, bokazio horrekin ez gabiltza? Kalitatearen aldeko lan guztietan ez dugu gure Mision-vison-valores-en hori defenditzen? Orduan?

Pasa den urtean, krisia dela eta, euskaltegietako matrikulak gora egin zuen. Jendea animatu egin zen euskara ikasten. Eta aurten hauxe. Nire iazko ikasleen erdia kalean geratu da. Badakizue zelako mina ematen duen horrek? Euskarentzako galdutako jendea da, berriro ere martxan jartzen eta motibatzen kostatuko zaiena kontuan izanda.

Gasteizko gobernua noraezean dabilela uste dut euskara irakaskuntzari dagokionez. Ez dakite zer egin, eta udal euskaltegiak patata beroa dira euren eskuetan. Baina errua ez da eurena huts-hutsean: Lehengo hautsek ekarri dituzte lohiok! Udal euskaltegiak sortzetik dira arazo, inprobisazioaren iturritik ezin litekeelako ezer ganorazkorik atera-eta. Nagusi biren morroi, neurri zorrotzak, ordutegi zurrunak eta epe laburrean jarrita pentsamendua. Sekula ez gaituzte iraunkor nahi izan, eta hona hemen emaitzak.

Baina ez dute merezi euskaldungaiek zerbitzu publiko iraunkor eta gaur eguneko beharrizanetara egokitutakoa? Ikasleei begiratzen diena eta ez ratioei, orduei edo diruari?

Leire Narbaiza: Udal Euskaltegietako murrizketak (Kalamuatik Txargainera)

24
Eka
2010

Artaziak, krisia eta enparauak: euskaltegien prentsaurrekoa

EAEko euskaltegi pribatu homologatuek prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Datorren ikasturterako finantziazioa oraindik argi ez dagoela eta EAEko agintarien ahotik krisi berba eta jarrera kezkagarriak antzeman dituzte.

Prentsaurrekoaren berri oraindik hedabide askotara ez da zabaldu eta hemen duzue zabaldu duten testua:

Euskaltegiek erantzuna exijitzen diote Eusko Jaurlaritzari

 Urte bete igaro da HPSen aldaketa eman zenetik. Orain arte behin eta berriro entzun ditugu honelakoak HPSeko arduradunen ahotik: «Gure nahia garbia da: atzerapausorik ezertan ez».

 Baina euskaltegiok beste era batean bizi dugu hau guztia. Izan ere, gaur da eguna oraindik ere ez dakiguna zein izango den 10-11 ikasturtean izango dugun diru laguntza. Hori azken urte hauetan maiatzerako jakin izan dugu, eta horren arabera antolatu dugu hurrengo ikasturtea. Hori dela-eta, kezka oso zabaldurik dago: borondate oneko hitzetatik haratago oraindik ezer ez jakitea oso larria da, hurrengo ikasturtea erabat baldintzatzen duelako. Eta are larriagoa dena, ezer onik etorriko ez den seinalea izan daitekeela susmatzen dugu. Datorren ikasturtea nolakoa izango den ez jakiteak, zalantzan egoteak, atzerapausoak egongo direla pentsatzera  garamatza.

 Bilerak egin, egin ditugu, eta ba omen dago borondatea gauzak bideratzeko. Baina “krisia” berba da etengabe haien ahotik entzuten dugun bakarra.

 Gauzak horrela, euskaltegietara hurbiltzen diren milaka ikasle horiek ordaindu beharko dute krisia berriro ere. Hizkuntza ofiziala den euskara ikasteko orduan beren poltsikotik egin beharko dute ahalegin handiagoa; doakotasunerako bidean berriro ere atzerapausoa emango da. Eta ez ikasleek bakarrik, euskaltegietan lanean ari diren euskara irakasleak, oraindik egoera normalizatua lortu gabe dugunean,  berriro egoera ez egonkor batera, sasoi ilunetara, bueltatzeko arriskua aurreikus dezakegu.

 Are gehiago, egindako azken bileran honelakoak  entzun eta gero: “Legealdi hau txarra izango da, eta aurrekontuetan artazia sartu behar duenak euskalduntzearekiko sentimendurik ez du”.

 Beraz, horren aurrean dei berezia egiten diogu Jaurlaritzari. Hasteko, neurriak har ditzala orain arte lortutakoaren bidean atzerapausorik eman ez dadin. Bigarrenik, sektore honi behar eta merezi duen aitortza eman diezaiola. Eta, azkenik, diru laguntzetatik laguntza iraunkor batera igarotzeko pausoak eman ditzala. Borondatetik eta hitz onetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu dela uste dugu.

 Euskaltegiak: Batuz, IKA, Elkarlan, Deustuko Euskal irakaslegoa, Maizpide euskaltegia, Bai & by, AEK

 Artazidunaren sentimenduez ez gara hasiko berbetan. Akaso lehenago artazirik ez ei darabilten batzuen uste eta eginen gainean hasi beharko genuke.

Eguneraketa:

Sindikatu edukia