20
Urt
2007

Marko konparaezina

Ez, badakit gaur zer egun den baina donostiarrei zorionak ematetik aparte ez dut Kontxa inguruaz jardungo. Beste marko batez baino, Europako Erreferentzi Markoaz hain zuzen ere. Apunte batzuk baino ez.

Lehengo egunean markoa aztertzen ibili ginen. Badatorrela, ez datorrela, eta hor dagoela, gurera urte batzuetan zer ekar dezakeen barruntatu guran. Aztertzeko saio ona prestatu ziguten lankide batzuek eta boteprontoko zertzelada batzuekin geratu naiz.

  • Ikas prozesuaren eta mailen deskribapena orain arte erabili ditugunak baino argiagoa egin zait. Azaltzen eta ulertzen errazagoa. Nire ustez, hizkuntza errealitatean erabiltzeko trebetasunarekin lotuta egoteak ematen dio ikutu hori. Gauzak definitu eta deskribatzeko era hori praktikoagoa izan daiteke. Beharbada ikuspegi komunikatiboa predikamenduetatik harago errotzeko behar den sakadatxoa ekar dezake.
  • Hango mailaketa eta orain darabilguna (HEOK) kostatzen zait uztartzea. Beheko mailetan aldeak daudela uste dut. A1, A2 eta B1 alde batetik eta 1a eta 1b bestetik. Goikoetan koinzidentzia handiagoa dago. HABEn kontua ikertzen ari omen dira, baina ez dakit sektoreak epe laburrean halako beste egokitzapen bat jasango ote duen. Areago HABEren kudeaketa-izapideetan oraindik lehengo 12 urratsen arabera mailakatu eta ebaluatu behar denean.
  • Markoak gurearekin aldeak dituen testuinguru baterako pentsatuta dagoela igartzen da. Europan zehar estatu desberdinetako hizkuntza ofizialen ikaskuntza eta ebaluazioa gidatzeko, atzerriko hizkuntza deitzen denerako. Euskara bezalako hizkuntza minorizatuen kasurako egokitzapenak egin beharko liratekeela uste dut. Proposatzen den terminologian adibidez: "turista maila",... Beste hizkuntzen irakaskuntzaren ekarpenak egokitzeko orduan sarritan gertatzen dira halakoak. Lankide batek bota zuen adibide ona: Ingelesa ikasteko hainbat metodo eta materialetan sarritan lehenengo (ikas)gaietako bat "in the airport" moduko zerbait izaten da. Gurean, zer esanik ez, euskaraz funtzionatzen duen aireportua balizko erroten artean dago oraindinokarren, Loiu ez da Heathrow, ez.
  • Ebaluazioaren atalean topatu ditut ekarpen asko. Irizpideen definizioan eta zerrendan, eta gehien bat haien azalpenean. Baita markotik eratorri diren tresnetan ere: portfolioa, biografia, pasaportea...

Ekarpen handiena, hizkuntza "ikasteko" edo ezagutzeko objektu gisa bakarrik ikusi beharrean, zer egin zehatzetarako behar den trebakuntza legez interpretatzea. Zerbait egitea lortu behar da, eta hori egin edo ez egin izango da "ikasi" den ala ez esango diguna, ez gehiago-gutxiago "jakitea". Ikuspegi hori mamitzen hasten bagara, aurrerapausoa izango da duda barik.

Ez da espero izaten dugun mana hori izango, ez, baina 10 orrialdetik gorako testu teknikoak irakurtzeari izaten diogun beldurra gaindituz gero lagungarriak aurkituko ditugu duda barik.

Zure artikulua

Benito-(e)k 2007, Urtarrila 22 - 00:40-(e)an bidalia.

Eskerrik asko Arkaitz. Dena dela, artikuluak Europako markoaren inguruko mezuarekin gaitik harago doanez, eta iruzkin modura bidalita formatoa emateko arazoak daudenez, mezu berri modura publikatuko dizugu, hobeto irakurtzeko eta bere kontestuan ipintzeko.

Gogoratu bestalde, inork karrajuan zerbait publikatu nahi badu, bi aukera daudela:

  • foroetan publikatu, horretarako erregistratu egin behar da (norberak egin dezake),
  • edo lantzean behin zerbait argitaratzeko asmoa edukiz gero, gurekin harremanetan jarri eta nork bere blog mezuak argitaratzeko baimena emango dugu.

Kasu bietan, baldintza bakarra gune honen gaiari lotzea da (euskalduntze-alfabetatzea).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia