agiriak, hizkuntz-politika

15
Ira
2008

Azterketitis kronikoa

Helduen euskalduntzeari buruzko artikulu interesgarri bi agertu dira egunotan erabili.com-en. Roberto Alkarterri hasi zen HABEren egiaztapen-mailak eta baliokidetza izenburu duenarekin, eta Bittor Hidalgok jarraitu du Atariko probak. Bai ala ez? artikuluan sokatik tiratzen.

Tituluak, probak eta azterketak dituzte biek mintzagai: proben (ez)egokitasuna, azterketitisa, haien inguruan sortzen diren arazoak eta ondorioak, kezkak... Bistan da egiaztatze-sistemak zer esana ekarri duela.

Era berean, bietan nabaritu dut lelo berdintsua: sistema honek zer hobetu asko dauzka, eta, oro har, zerbait "komunikatiboagoa" beharko litzateke.

Azkenotan "komunikatibo" hitza entzun-irakurtzen dudan bakoitzean mundu honetan egon bai, baina non-nola inork ez dakien zerbait aipatu dela izaten dut sentsazioa. Bestelan, hasiera batean ez dago konforme ez egoteko motiborik. Kontua berriz, hori guztia gauzatzeko orduan etortzen da, aspaldi etortzen izan da hobeto esanda.

Kontuak kontu, gauzatxo bat baino ez nuke azpimarratu nahi oraingoz. Ikasturte hasiera-hasieran (aurre hasieran hobeto esanda) gaude, eta azterketak eta tituluak gora-behera gabiltza dagoeneko? Gai hau beldur apur bat ematen hasi da. Ezta?

Loturak:

25
Urt
2008

Baliokidetzaren azken ordua!

Etxepel (Santurtziko Udal Euskaltegia) | 2008, Urtarrila 25 - 18:36



Hona hemen, jasotako prezioan, Titulu eta Hizkuntza Eskakizunen arteko baliokidetzaren inguruko azken orduko berriak.

Urtarrilaren 14an izan zuten Gasteizen gai horretaz arduratzen ari direnen batzorde-bilera (HPS, HABE, IVAP, Hezkuntza Saila).

Dekretuaren zirriborroa aztertu eta ontzat eman zuten, guztien adostasunez. Orain Jaurlaritza barruan dekretuek izaten duten tramitazioan dago; beraz, txosten juridikoak eta abar jasotzen.

Edukiei dagokienez, baliokidetuko ditu:

  • IVAPen 1 HE, Osakidetzaren 1. HE eta HABEren 1. maila (Europako Markoaren B1 maila)
  • IVAPen 2 HE, Osakidetzaren 2. HE, Ertzaintzaren 1. HE eta HABEren 2. maila (Europako Markoaren B2 maila)
  • IVAPen 3 HE, Osakidetzaren 3. HE, Ertzaintzaren 2. HE, HABEren 3. maila eta EGA (Europako Markoaren C1 maila)
  • IVAPen 4 HE, Osakidetzaren 4. HE, eta HABEren 4. maila (Europako Markoaren C2 maila).

Sei hilabeteko epea ezartzen da gainerako agiriak ere taula honetara ekartzeko (Hezkuntzako irakaspostuen 1. eta 2. HE-k, Irakaskuntzako Zerbitzu Pertsonalarena, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak).

Aurreikuspena da apirilaren lehenengo astean argitaratzea beranduena ere, euskaltegietako ikasleen matrikulazio hasterako.


24
Ira
2007

Irakaslea izateko probak

Duela egun batzuk mezu hau irakurri nuen erabili.com-en Gurien atalean: Irakasle lan poltsarako hautapen proben egutegia zehaztuta.

Ikasturte hasieran publizitatearekin batera leiv motiv bietako bat, lana. Azpetiko Udal Euskalegiko irakasle lan poltsa osatzeko hautapen probaren iragarkia da berau. 

Ea ondo ulertu dudan:

  • Azpeitiko Udal euskaltegian irakasle postua eskuratzeko 4. hizkuntz eskakizuna behar da. Beste udal euskaltegietan ere bai?
  •  Helduen euskara irakaslea izateko glotodidaktika jakintza frogatu behar da. Zer jakintza? Zein da HEAko irakasle baten gutxieneko profila?
  • Non ikasten da hori guztia? 4. HE eta glotodidaktika.
  • Euskaltegi ez publikoetan dihardugun guztioi eskatuko zaizkigu baldintza horiek? Noiz? Zeintzuk zehazki?
  • Hori guztia frogatzen duenak lana edukiko du, edo lan-poltsa batean geratu beharko du zain?
  • Zer karajo esan nahi du honek guztiak? Proba probatzeko proba da?

Kezkagarria iruditu zait. Ez egin beharreko probengatik. Probak eurak eta probok egiteko moduarengatik baino.

Kasu honetan behin-behineko funtzionari postua betetzeko baldintzak zehaztu nahi direla dirudi. Inoiz definituko ote da HEAko irakaslearen profila? Eta horretarako formazio plana eta baliabideak zehaztuko dira?

Alde batetik, euskaraz jakin eta dagokion unibertsitate agiria daukan edonor izan daiteke euskara irakaslea. Bestetik, halako 4 HEa eta glotodidaktika ezagupena bezalako eskakizun lausoak ditugu.

Azterketitisa gure artera ere helduko ote da?

Hainbeste irakasle ote dago galbahea pasatzen ibiltzeko?

06
Uzt
2007

Azterketak eta euskaltegiak

Tiraka blog berrituan euskara ikasten dabilen administrazioko langile baten "idazlan" hau erakutsi digute, iragarki-ohol batean agertua.

Zorionez/Tamalez, euskaltegi batean nabil euskara ikasten, ditxosozko eskakizun hori gainditzeko. Panorama triste benetan da eta gizartearen potereek zer ikusirik badute. Nire ikaskide guztiak, gazteak gehienak, helburu bat besterik ez dute, hau da, azterketa(k) gainditzea. Ez azterketa bat, ez, eskaintza handiagoa da eta. Batzuek egin dute, gaitasun berbera lortzeko: HABEko oraindik baliogutxi duten azterketa (baina auskalo), EGA itxita, EGA irekita, Hizkuntz eskola, eta batzuek, aukera daukagunok, administrazioaren Hizkuntz Eskakizuna. ¿¿¿¿!!!!!!BOST azterketa ¡¡¡¡¡???? gauza bera lortzeko. Giro honetan parekotasuna handia lortu du euskarak beste hizkuntzekin (frantzesa, alemanera, italiera, eta datorren urtean txinera ere egingo dute Hizkuntz eskolaren batean). Euskalduntzeko prozesua, aitzitik, oso bide okerratik bidali dugu. Azken txanpa honetan klase bitxiak dira, Jendea azterketa ez pasatu heinean klaseak utzi ditu, honela, lau ikaskide gaude klasean, oraindik azterketak prestatzeko ditugunok, azterketa ez gainditzekotan, zertarako joan?. Esan liteke ikaskide horiek euskalduntzeko gogorik ez dutela. Hala ere, azterketak gainditzeko ahalegin handiak eskatzen dizkiete eta ateratzea lortuko dute, ziur nago titulua lortuko dutela, erabiliko dutela ordea, beste kontua da, helburua azterketa gainditzea baita. Ez dute bat ere disposizio txarra euskararekin, kasu batzuetan behintzat (besteetan ez ona ez txarra alemanierarekin bezala). Ez dakit nor den erruduna, konpon daitekeen, nola egin behar den... baina ziur nago honela ez. Egoera hain penosoa da ezen euskaltegiak kutsatuta baitaude eta euskalduntzeko beharrean, azterketak gainditzeko bideratzen dituzte klaseak, batik bat goiko urratsetan. Naturala da, horrela egingo ez balute ikasleak joango lirateke eskaintza egokia duen lekura. Atzo euskaltegiko irakasle batek esan zuenez, berehala, titulodun kopurua, euskaldunak baino handiagoa izango da. Egoera hau azaldu diot bati eta besteari eta, izugarrizkoa da, guztiak ados daude, ordun, mesedez alda dezatela sistema ahalik eta lasterren erremedioa daukan (badu) bitartean. Amaitzeko, testuan akats gramatikalaren bat, kohesio eza edo naturaltasun falta balego, barka diezadazuela eskatuko nizueke, hizkuntz eskakizuna oraindik ezin izan dut gainditu eta. (!!Ole esaldia, ondo balego gainditzeko aproposa izango litzateke!!)

Armando Llamosas Rubio

Ez da kontu berria. Azterketarako prestatzea euskalduntzea da? EGAduna=euskalduna? Ezezko erantzuna dator derrepentean, tentsioak sortzen ari dira azterketa eta hizkuntz eskakizunekin gainera. Hala ere, ikasle horrek ondo igarri du, sistema honek euskaltegiak elikatzen ditu. Alternatibak eskatzen dira, baina euskalduntzea bermatzeko eta zabaltzeko alternatibarik jorratu dugu?

Bide batez, emaitzen arabera taldea zelan murrizten den ikustea irakaslearentzat ere ez da motibagarria izaten, ezta?

20
Api
2007

Agurripez

Gaurko berbalagun saioan berbalagun bik istorio berdintsua kontatu dute. Haien ezagun banak, hizkuntz eskakizunetako proben presioa pasatuta eta gaindituta antzeko zerbait esan ei dute: "Hemendik aurrera agur ere ez dut esango".

Kontatu dutenak eurak arduratuta kontatu dute. Harritu barik hala ere. Horren arrazoia azaltzen ere saiatu dira. Jendeari gauzak euskaraz azaltzeko eta esateko kapazitate nahikoa daukate, euskaldun zaharrak dira. Oztopo gehiegi euskaraz dakitela frogatzeko, tentsio gehiegi.

Ez dakit istorio hauek noraino diren adierazgarri, berbalagunen harridura eza ez zait seinale ona iruditu, horrelakoak entzuten ohituta baleude bezala. Euskaldun-euskaltzaleon ikusmiratik harago zer egosten den guk baino hobeto dakitela iruditu zait.

Okurritu zaidan komentario bakarra. Hemendik aurrera erakunde publikoetako normalizazio planetan jarrerak positibatzen ere lana egongo da.

Plisti-Plastak aspaldian plazaratu zituen lehenengo zantzuak.

28
Urt
2007

zergatik azterketa bat gainditu behar dut euskalduna naizela baieztatzeko?

zergatik azterketa bat gainditu behar dut euskalduna naizela baieztatzeko? - Euskalduna jaio nintzen, euskaraz hitz egiten dut,hala ere, lan egiteko orduan ez naiz euskalduna EGA ala Administrazioaren hirugarren hizkuntz eskakisuneko azterketa gainditu ez dadalako. Beste aldetik oraindik ez dut inoiz egin erderazko azterketarik, baina hori bai, ez dut arazorik erdedaluna naizela baieztatzeko, Beraz ez dit inork inoiz eskatu erderazko ziurtagiria. Orduan zer? Eusko jaularitza ez dago burutik sano ala? Horrela izanik, gero eta nazkagarri egiten zait euskara ikastea. [Galdetu.com]

Galdera hau bota du lagun batek galdetu.com zerbitzuan. Eztabaidatxoa ere piztu da. Zeuen iritzia eman nahi baduzue sakatu hemen.

05
Mai
2006

Euskararen mailarik gorenena arautu dute

4. mailaEuskararen mailarik gorenena arautu dute - Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikuluaren 4. maila arautu du Jaurlaritzak. Helduen euskalduntze alfabetatzeak eta oro har gizarteak euskararen laugarren maila lortu ahal izango dute, Kultura Sailburuak maila horri dagozkion eduki eta ebaluazio-irizpideak onartu ondoren. [Erabili.com berriak]

Maila gorenenera ailegatu ote gara?

Erabili.com-ekoek izenburu deigarria jarri diote albisteari bada. Orain arte euskara ikasleentzako erronka sorta zirudiena, euskaldun guztiontzako erronka bihurtu daiteke. Euskaraz ondo, zuzen eta egoki jarduteko gauza garela ez ezik (jakina), elegante ere jardun dezakegula frogatzeko proba edukiko dugu.

Zertifikazio berriarekin barik, alderdi didaktikotik euskara irakasleontzat erronka berria eta interesgarria zabaltzen da. Programa berriak diseinatu eta burutu, materialak egokitu,... 4. maila honetarako egin diren ekarpen didaktikoak ere ikusteko parada eduki dut: testu-arkitektura, genero testualak, edukiak zehazteko jardunbide eta taxonomia berriak (orain artekoaren aldean behintzat) boteprontoko akordatze arin baten. Pello Esnal eta Lurdes Elosegik Hizpide 57an plazaratu zituzten ildoetatik jo dute eta 4. maila honetarako ez ezik euskalduntze prozesu guztian ere baliabide eta jorratzeko moduko ildo gehiago dauzkagu. Baten bat hauen inguruan lanean hasi da dagoeneko.

Dena dela, HABEren adierazpenetan ikaslearen motibazioa eta parte hartzea ezinbestekotzat jotzen da. Gaur egun gizartean euskara haraino lantzeko halako grina zabalik badago? Motibazio instrumentalak adore nahikoa emango ote du? Tituluen amuak noiz arte iraungo du euskarak benetako indar soziala hartu arte? Agiri gehiago ezartzea nahikoa ote da euskalduntzeari behar den moduko sakada emateko? Zerbait gehiago behar delakoan nago, CACA zertifikatuarekin akordatu nahi ez badugu behintzat.

Sindikatu edukia