berbalaguna, mintzapraktika

Mintza eguna 2008 Getxon

Benito(e)k bidalita 2008, ekaina 12 - 18:19(e)an.

Gauza asko asteon, eta ez da amaitu gainera. Ospakizun berezia daukagu larunbat honetan eta ez aipatzea bekatu larria izango litzateke: Mintza Eguna.

Iruñea eta Donostiarako buelta egin ostean Bizkaiko kostara aurten, Getxora. Programa polita prestatu dute EGIZUkoek, eta beraien nahiz lagunartean berriketan jarduten dugun guztion izenean ausartuko naiz gonbidapena luzatzen.

Esan bezala, programa polita Algortako Portu Zaharrean hasita, zizerone handiak eta giroa tamainakoa seguruenik.

Metroak bidean uzten ez bagaitu, hantxe izango gara urte guztian zehar ondo koipeztutako mingainak soltatzen.

Hemen behean daukazue programa eta mapa:



Mintza eguna 2008 - Upload a Document to Scribd
Read this document on Scribd: Mintza eguna 2008

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria | View blog reactions

Berriketan zuzendu

Benito(e)k bidalita 2008, martxoa 17 - 18:59(e)an.

Voces en español blog-podcast interesgarriaren artikulua ekarri genuen duela gutxi hizkuntz-elkartrukeak edo mintzalagunei buruz. Ordukoan mintzakide batentzako 5 galdera planteatzen ziren, oraingoan zuzenketa egiteko lau era 4 maneras corregir a tu intercambio mezuan. Orduan bezala artikuluaren itzulpen/remix librea egiten saiatuko naiz. Artikuluan eta hemen esaten denarekin konforme egon daiteke edo ez, hori da grazia.

  1. Ez esan inoiz "hori euskara txarra da", edo "txarto dago". Entzuten duenak txarra/gaizki/txarto entzuten du gehien bat. Hobeto "Ez da horrela esaten", "Naturalagoa da horrela...", edo "Nik horrela esango nuke..." Ezta?
  2. Ez eten mintzakideari zerbait kontatzen ari denean. Arrisku handia dago haria galdu eta hizkuntzari buruz hitz egiten amaitzeko. Apur bat ondo dago, baina betiko monotema aspergarri egiten da akabuan. Lagundu hitz baten bila badabil edo esaldia amaitu ezinik, baina ez eten berriketaren erritmoa.
  3. Ezinbesteko zuzenketak baino ez egin momentuan. Ulertzea benetan oztopatzen duten erroreak, nahasgarriak suertatzen direnak, horiek momentuan zuzendu beharko dira, baina bestela, errore txikiak badira, amaitu arte itxaron ahal da komentatzeko.
  4. Mintzakidearen merituak bilatu eta azpimarratu. Errorei begira ibili beharrean egin dezagun ahalegina ondo egiten duenari erreparatzeko (ez da hain zaila, ez, erroreen artean ondo esandako gauzak gehiago izaten dira). Ez dago batere soberan beraz lantzean behin loretxoren bat botatzea, mintzalagunak esperientzia positiboa izan dela sentitu dezan, eta hurrengora animo berriekin etor dadin. Dena dela ez pasatu koipea ematen!! Berari barrez ari garela pentsatuko du eta.

Zuzenketarena ez da kontu samurra mintzalagunen eta euskara ikasleen artean. Kike Amonarrizek lehengoan kontatu ziguna etorri zait akordura, Bizkaiko herri bateko guraso batek esanda: "El euskera es una lengua que todo el mundo te corrige, y cada uno te dice una cosa" (Euskara jende guztiak zuzentzen dizun hizkuntza da, eta bakoitzak gauza desberdina esaten dizu). Bai, dotrina asko dabiltza gure hizkuntzaren inguruan, eta ikasten dabilenari ez zaio batere komeni segurtasun faltsurik. Seguruenik bera izango da kapaz ondorioak ateratzeko.

Neure esperientziatik berbalagunean behintzat ez dut izaten zuzentzen ibiltzeko animo berezirik. Beharbada klase batean desberdina izan daiteke. Baliteke batzuk norbaitek zuzentzeko gogoarekin etortzea, zilegi da, baina mintzalagunak ez du zertan izan irakasle, eta irakasle papera hartzen bada, laster dator galdera madarikatua: Nola esaten da...? Eta orduan berriro pizten zait itzultzaileenganako miresmena.

Argakia: Egizu.

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | 2 iruzkin | View blog reactions

Enkarterriko Berbalagunak antolatutako “Euskararen gidabaimena” jokoa sekulako parte hartzearekin abiatu da

Igor Elordui, AEK | 2008-03-13 14:10

Enkarterriko Berbalagun proiektuak antolatu duen “Euskararen gidabaimena” jokoa martxan dago. Martxoaren 3an hasi zen eta ekainaren 6ra arte iraungo du. Arrakasta handiarekin hasi da gainera, 204 lagun ari baitira jokoan parte hartzen hasiera-hasieratik. Zalla, Balmaseda, Gueñes, Artzentales, Karrantza, Sopuerta, Gordexola, eta Alonsotegiko jokalariak dira gehienak, baina Bilboko eta Ezkerraldeko jokalariak ere badaude. Joko honek euskararen erabilera bultzatzea du xede, modu parte hartzaile eta umoretsuan, eta aldi berean euskaldunei elkar ezagutzeko aukera gehiago ematea. Horrekin batera, euskaldunen hizkuntza ohituren aldaketa bultzatu nahi da, Enkarterrin ere euskaraz bizi ahal dela erakutsiz.

Jokoa martxan jartzeko Berbalagun batzordeaz gain (Mankomunitate, Balmaseda, Gordexola, Sopuerta eta Zallako Euskara zerbitzua, Enkarterriko AEK eta Udal euskaltegia), Enkarterriko eragile desberdinekin egin dugu lan, besteak beste, Txotx Euskara Taldea, Ekintza Gazte Taldea, Hodoibaltza Euskara Taldea, eta jakina, Enkarterriko euskaldun eta euskaltzaleekin. Era berean, ezinbestekoa izango da denda eta komertzio txikien laguntza, haiek jokoan parte hartzen duten heinean euskaldunei eguneroko bizitzan euskaraz egiteko aukera gehiago emango baitizkiete.

Euskararen gidabaimena jokoa, oso erraza da. Jokalari bakoitzari, euro baten truke, 12 puntuko gidabaimena eta txapa bat banatuko zaizkio. Puntuak mantentzeko era bakarra jolasten ari diren lagunekin euskaraz mintzatzea da. Jokoak irauten duen bitartean derrigorrezkoa izango da gidabaimena eta txapa aldean eramatea, azken honekin jolaskideak identifikatzea posible izango da.

Jolasten ari den edonork, kendu ahal ditu puntuak, baldin eta txapa eramaten duen. Gidabaimena aldean eramaten ez duenari puntu bat kenduko zaio, beraz jokalari batek euskaraz egiten ez badu eta gainera ez badu gidabaimena aldean eramaten bi puntu galduko lituzke.

Puntuak kentzeko bi modu daude: momentuan, jolaskideari gidabaimena eskatuz, eta puntua kenduz edo “salaketa” jarriz telefonoz (946 670 312) edo e-postaz (enkarterri@aek.org).

Puntuak galdu ahal dira baina baita berreskuratu ere, eskualdean egiten diren euskarazko ekintza gehienetan parte hartuz edo jolaskide berriak aurkituz. Puntu gehien dituzten pertsonek irabaziko dute, berdinketa egonez gero, jolaskideei kendutako puntu kopurua kontuan hartuko da. Zenbat eta puntu gehiago kendu hobeto. Inork ezingo ditu 12 puntu baino gehiago eduki.

Irabazleek sari bikainak eramango dituzte: asteburu pasak, afariak, GPS-ak, eta abar.

Ideia Balmasedan jaio zen, Ekintza gazte taldeak antolatu zuen joko hau lehenengoz, haien artean euskararen presentzia areagotzeko. Jokoak oso harrera ona izan zuen, baina jarraipen eza zela eta bertan behera geratu zen. Orduan pentsatu zen jokoa Enkarterri mailan antolatu ahal zela, jarraipena eta parte hartzea handituz.

Jokoaren hasiera: Martxoaren 3a | Jokoaren bukaera: Ekainaren 6a

Izena emateko epe gehiago:

  • apirilaren 14tik 18ra (jokoa 8 punturekin hasiko da)
  • maiatzaren 5etik 9ra (jokoa 6 punturekin hasiko da)

Onintze Furundarena Mugarra, Miren Sanz Fika.

Enkarterriko Berbalagun: 946 670 312, enkarterri@aek.org

Etiketak: | | |
Irakurri gehiago | 4 iruzkin | View blog reactions
Bidalitako artikuluak

Syndicate content

AzkenakHarpidetu (RSS)

Harpidetu erantzun eta iruzkinetara (RSS)

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak