euskara, administrazioa

Hirugarren ametsa

Plisti-Plasta | 2007-10-21 19:42

Ametsa aldendu egiten da euskaltegitik. Gora egiten du. Han, behean, herriko plaza ikusten da: alde batean, eliza isil bat eta paperezko udaletxea; beste aldean, jende ugari, zaratatsu, euskaran jolasten, sozietate, probaleku, eta kantxa baten inguruan. Donostiara egin eta kristalezko etxetzar moderno batean sartu naiz.

Hirugarren ametsa: administrazioa

Atariko horman dagoen metakrilatozko esaldiari ari natzaio begira istant batez, zera dio: “Norbaitek hainbat egunetan kristal apurtua duen etxea ikusiz gero, litekeena da jendeak utzita dagoela pentsatzea. Horrela bada, laster izango ditu kristal guztiak hautsita” Bitxia, alajaina!

Lehenengo pisuko ate guztiak daude zabalik, odolik gabeko guda bat ari da gertatzen bulegoz bulego. Armada Beltzak : “konstrutibismoa”, “konektibismoa” eta “ataza” bezalako hitzekin erasotzen du Armada Berdea, zeinak zenbaki astunak eta araudi luzeak erabiltzen dituen ezkutu gisa. Nabaria da Armada Beltza ari dela nagusitzen aspaldiko partez, irribarrea ageri zait ezpainetan.

Unetxo bat beranduago, Armada Beltzeko buruzagia ari da mahai gainera igota ozen berbetan:

Garaipen garaiak dira lagunok! Une honetatik aurrera, sosak eta arauak didaktikaren zerbitzuan egongo dira. Sare publiko eta pribatu sendoak eraikiko ditugu. Irakasle guztiei zor zaien duintasuna aitortuko diegu. Euskaltegietako plantillak berritzeko eta egonkortzeko neurriak hartuko ditugu. Euskara doan ikastea hiritar guztien eskubide izango da. Garai berriak izango dira, lagunok!

Beldur apur bat sentitu dut hitz hauen ostean bandera ugari astindu direnean, irribarretxoa itzali eta eskaileretan gora egin dut, badaezpada.

Bigarren pisuan lasaiagoa da giroa, jende gutxi karrajuan, kafe makinaren ondoan antzina ikusi gabeko lagun bat, berbetan hasi zait:

- Aspaldiko! Zelan? Hamar zentimo bai?

- Tori! Josurekin geratuta nago. Zalaparta galanta behekoa!

- Bai, gizona! Josurekin? Zein Josu?

- Uste dut I+G departamenduan ari dela. EHUkoekin sinatu berri den hitzarmen batean nago interesatuta. Antza denez, soziolinguistikakoak oinarrizko ataza komunikatiboen frekuentziak neurtzekotan dira.

- Bai, bai...Josu Sagarzazu... ezaguna dut. Deskuidatuz gero, behean izango duzu hitz potoloren batez Armada Berdea erasotzen.

- Asko da, ba! Eta zu, zer moduz?

- Hementxe. Erakundearen erregulazio, prospekzio eta zerbitzu arloen organigrama berria taxutu nahian.

- Makinako kafea baino mingotsagoa zure lana, adiskide!

Bat-batean, brisst!, kristal zartatu baten hots zorrotza aditu dut. Urrunean hasieran, nire barnean ondoren, logelako leihoan atzenean. Esnatu egin naiz.

Argazkia: Black flag (nonameplayer)

Etiketak: | | | |
Irakurri gehiago | 3 iruzkin | View blog reactions
Bidalitako artikuluak

Syndicate content

Findu bilaketa

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak