ebaluazioa

03
Mar
2012

Badaki euskara?

Plisti-plasta | 2012, Martxoa 3 - 11:57

Lehengo egunean irakasle-bilera batean bigarren mailako azterketako idazlan bat aztertzen ari ginen. Ebaluazio zertifikatzailean ari ginen, azterketariak maila ematen zuen ala ez ebazten. Ebaluazio irizpideei jarraiki egokitasunaz, koherentziaz, kohesioaz, aberastasunaz eta zuzentasunaz hitz egin genuen. Aberastasunean eta zuzentasunean denok ados samar, justuan bazen ere maila ematen zuen, baina egokitasunera, koherentziara eta kohesiora heldutakoan oso iritzi ezberdinekoak ginen: ‘gai’ batzuentzat, ‘ez gai’ beste batzuentzat. Halako batean, irakasle batek zera galdetu zuen: ‘Baina badaki euskara?’

Galdera ohikoa izan arren, ez da hutsala. Harrezkero, buelta asko eman dizkiot eta artikulu hau idaztera ere bultzatu nau.

Badaki euskara? galdetzea ‘badaki historia?’ edo ‘badaki geografia?’ galdetzearen parekoa da; hizkuntza bera, eta ez komunikazioa, hartzen du ikas-irakaskuntzaren subjektutzat. Beraz, nahikoa genuke hizkuntzaren beraren ezagutza testatzearekin. Hor ez dute lekurik egokitasunak, koherentziak eta abarrek.

Baina, egia esate aldera, zalantza egin nuen gero. Ez nuen ondo gogoratzen ‘badaki euskara?’ ala ‘badaki euskaraz?’ galdetu zuen irakasleak. Eta orduan hasi nintzen pentsatzen galdera horrek gordetzen zituen elipsietan. Zer dago ‘badaki euskaraz’ horren atzean? Kasu honetan, ‘badaki euskaraz idazten’ egon liteke batzuentzat. Hauen ustean, nahikoa luke azterketariak gaitasun minimo bat erakutsita. Gaia kontuan hartu, eskema estandar bat (sarrera: gaiaren garrantzia/ lehen-orain / abantailak-desabantailak/ bukaera: iritzia) aplikatu eta aurrera.

Beste irakasle  batzuentzat, ostera, elipsia luzeagoa, konplexuagoa eta, egitekoak horretara bultzatuta, aldakorragoa eta zehatzagoa da. Adibide baterako, honelakoa: ‘Badaki euskaraz tabakoaren legea onerako ala txarrerako izan den eraginkortasunez adierazten?’

Hiru galdera, hiru ikuspuntu, hiru paradigma. Bitxia da antzeko hitz ‘korporatiboak’ erabilita ere, zenbat ideia ezberdin ezkutatzen diren elipsi baten atzean. Baina nork du arrazoi?

Baten batentzat harrigarria izan daitekeen arren, hementxe hasten da nire arrazoibidea lausotzen. Ideologia didaktikoak hirugarren bidea hautatzera narama, zalantzarik gabe. Baina, ai lagunak!, idazmenaz ari gara. Ebaluazio zertifikatzaileak nabarmen gehiegizko pisua aitortzen dion trebetasun bati buruz, hain zuzen. Eta nik badakit zenbat eta zehatzago jokatu, orduan eta estuagoa eta zailagoa izango dela bidea; eta horrek trebetasun honen berrindartzea ekarriko duela. Hortxe hasten dira nire zalantzak eta beste irakasle askorenak.

Zalantzok argitze aldera bi dira hartu beharreko bideak. Batetik, norberaren sena eta eskarmentua abiapuntu, asko hitz egin, formazioa areagotu eta sarritan egiten ditugun elipsi horien atzean geratzen dena azaleratu. Eta, bestetik, trebetasunen  pisua eta jitea (interakzioari askoz gehiago erreparatuz) berauen erabilera errealari begira orekatu (baita maila zertifikatzailean ere).   

Imajinatzen al duzue bateratze-saio batean entzumenaz, irakurmenaz edo elkarrizketa-mekanismoez aritzea? Horixe da nire ametsetako bat.

29
Urt
2012

Elkarreraginaren garrantziaz (II)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 29 - 17:59

Jarraian duzue aurreko sarreran agindutako adibidea. B2ko azterketa batekoa da, pena ezin dudala audioa erabili (baimen arazoak izan nitzake). Hala ere, baliagarria izango zaizuelakoan, hona:

Elkarrizketaren eskema

(klikatu gainean handiago ikusteko)

Elkarrizketaren azterketarako txantiloia: zuzenak eta  okerrak

Zuzen

  • Elkarri entzun diote.
  • Ikuspuntua azaltzerakoan kontuan izan dute solaskidearen iritzia.
  • Arestian aipatutakoa kontuan izan dute. Adibide baterako, Jonek hitztarte batean ‘ez hori bakarrik…’ esan dio solaskideari.
  • Saiatu dira, nolabait, komunikazio-hutsak konpontzen. Elkarri txandarik apenas eman diotenez, bestearen jarioa eten behar izan dute. Jonek gaiaren barruan mintzabide berriak zabaldu ditu [jolasak eta osasuna/ jolasak eta jolasguneak (herria/hiria)].
  • Biek ala biek jarrera aktiboa izan dute elkarrizketan.
  • Modalizazioa egokia izan da. Nabarmenena mutilak umorea erabili duenean.
  • Ez-hitzezko elementuak baliatu dituzte (keinuak, irribarreak…). Erritmoa onargarria izan da eta Anek oso ondo erabili du doinua, baita modalizatzeko ere; horrela adierazkortasun handia lortuz.
  • Ez dute intseguritate handirik erakutsi.
  • Ideia nagusia argia da.
  • Erregistro egokia.
  • Birformulazioa erabili ez badute ere, besteak esandakoa norbere diskurtsoari atxikitzeko gaitasuna erakutsi dute.

Oker

  • Ez dute egoki adierazi gaiarekiko abiapuntu-jarrera. Norbere abiapuntutik abiatu beharrean, Anek galdera batekin ekin dio; bere abiapuntuari uko eginez eta mutilarena erabat baldintzatuz. Honela, jostailurik aproposenari buruz aritu beharrean: ‘Zer gustatzen zitzaizun jolasteko?’ galderatik abiatu dira.
  • Ez dute jakin hitz egiteko txandak kudeatzen. Bestearen jarioa eten behar izan dute gehienetan, zerbait esan ahal izateko.
  • Baliteke neskak solaskidearentzat desatsegin samarra izan den diskurtso modua erabili izana: abiapuntua eragozteagatik, bestearekiko behar besteko elkarkidetza ez erabiltzeagatik, mintzabideak ez zabaltzeagatik…
  • Ez diote beti argudiobideari behar bezala eutsi: zauriei buruzko digresioa luzeegia izan da.
  • Jarioari dagokionez, gauza bitxia gertatu zait. Izaten dira, bada, ilusio optikoak, non kolorearen edo kokapenaren arabera borobil edo laukiren batek beste batek baino handiagoa dirudien (nahiz eta berdinak izan). Bada, horrelako zerbait gertatu zait: hasiera batean Anek Jonek baino askoz denbora luzeagoan hitz egin duela iruditu zait baina neurtu eta konturatu naiz ez dela horrela izan: mutilak 1’49’’ / neskak 1’ 57”. Horrek eraman nau pentsatzera zer-nolako garrantzia duen elkarreraginean  jarioak eta ideia/informazio-emariak (kantitateari zein kalitateari begira). Anek Jonen antzeko denbora erabili badu ere, hitz kopuru handiagoa igorri du eta horrek, nahiz eta berbaldia elkarreraginaren ikuspuntutik kalitate eskasekoa izan, mutilak baino askoz gehiago komunikatu duela pentsarazi dit. Baina sakonago aztertuta oso zalantzazkoa da baieztapen hori. Izan ere, jarioaren osagai garrantzizkoak dira automatismoak eta horretan gabezia dezente erakutsi ditu Anek. 
  • Argudioen kalitatea ez da nabarmentzeko modukoa izan. Dena behar alor honetan.
  • Ideia nagusian biak ados egon direnez, ez dute errefusa gaitasunik erakutsi.
  • Ez dute gehiegizko errepikapenik egin eta esaldiak ez dira solte geratu baina oso oinarrizko kohesioa erabili dute. Eta batzuetan txarto (‘ze herri batean bizi gara’ –mutilak-). Neskak bizpahiru aldiz erabili du modu okerrean  ‘hori’ erakuslea esaldiak kohesionatzeko, gaztelerazko kohesio elementuren bat ere erabili du (es que…).
  • Aberastasunari dagokionean, oinarrizko hizkuntz baliabideak erabili dituzte gehienbat, baina adierazi nahi zutena adierazteko behar bestekoak, lexiko akatsen bat salbu (ez dakit nola esaten den ‘cicatriz’).
  • Zuzentasunean: ez dute autozuzenketarik erabili eta oinarrizko akats askotxo egin dituzte, Anek batik bat (ez du egoki monitorizatu bere jarduna). Hara:
 Ane  Jon
  • Txikitan zer gustatzen zitzaizun jolastu/jolastea?
  • Es que gogoratzen dut txikia nintzenean egun osoan egoten ginen kalean.
  • Orain ikusten dut parkeak eta badaude umeak Nintendoarekin jezarrita.
  • Batzuek besteei ez borrokatzen edo jolasten.
  • Hori da, ba hori, etxean geratzen bazara eta ez daukazu beste pertsonarik.
  • Ni umeekin lan egiten dut.
  • Hori da ere.
  • Ez dago arriskutsurik
  • Kaleetan jolastea nahiago nuen.
  • Bideojokoak eta gauza horiek ez zitzaidan asko gustatzen.
  • Ume bat zauri bat egiten badu ospitalera joaten dira.
  • Zikatriz asko dauzkat.
  • Onartu behar dut zorte handi eduki dugula, ze herri batean bizi gara. Hori askatasun asko ematen du, orduan zorte handi dauzkagu.

 

 

 

 

 

29
Urt
2012

Elkarreraginaren garrantziaz (I)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 29 - 01:53

Nahikoa litzateke Europako Erreferentzi Markoari begiradatxoa egitea elkarreraginari ematen dion garrantziaz jabetzeko. Hainbestekoa da, non ardatz nagusietakoa den eta bere baitan hartzen dituen idazmenaren eta mintzamenaren zenbait atal. Iruditzen zait apur bat kamustua dugula elkarreraginaren esparrua, mintzamenaren atal izatera mugatua, propio gutxiegi landua, eta balorazio garaian orokortuegia. Elkarreragin mekanismoak aztertu beharrean, erabili egiten dugu elkarrizketa egokitasuna, koherentzia eta kohesioa, jariotasuna, aberastasuna eta zuzentasuna neurtzeko. Komenigarria da, beraz, elkarrizketak berezko duen interakzioari eta beronen barrunbeari erreparatzea. Eta zeri begiratu behar diogu, bada? Hona hemen, txantiloia osatzeko irizpide batzuk:

  • Abiapuntu-jarrera egoki adierazi dute.
  • Entzun diote elkarri.
  • Egoki kudeatu dituzte hitz egiteko txandak.
  • Ikuspuntua azaltzerakoan kontuan izan dute solaskidearen iritzia.
  • Solaskidearentzat atsegin eta eroso samarra den diskurtso modua erabili dute: elkarkidetza.
  • Arestian aipatutakoa kontuan izan dute (egoki josi dituzte bi diskurtsoak).
  • Saiatu dira, nolabait, komunikazio-hutsak konpontzen: jario-etenak, isiluneak, mintzabideak zabaldu…
  • Jarrera aktiboa izan dute elkarrizketan.
  • Modalizazioa egokia izan da: ñabardura, graduazioa, umorea…
  • Ez-hitzezko elementuak baliatu dituzte (keinuak, irribarreak…)
  • Jarioa: ideia/informazio-emaria (kantitateari zein kalitateari begira). Erritmoa. Automatismoak.
  • Doinua.
  • Ez dute intseguritate handirik erakutsi.
  • Ideien arteko hierarkia argia da. Argudiobideari eutsi diote.
  • Errefusa gaitasuna.
  • Erregistro egokia.
  • Birformulazioa.
  • Kohesioa.
  • Zuzentasuna.
  • Eraginkortasun komunikatiboa.
  • Egoki bukatu dute elkarrizketa.

Badakit, hauetako puntu askok ñabardura asko eskatzen dituztela eta zerrendatu besterik ez ditudala egin, oso ordena nahasian gainera. Badakit edozein behaketa-txantiloik baino garrantzi handiagoa dutela behatzen duten begiek. Baina nik noizean behin erabili izan ditut irizpideok, elkarrizketaren eskemarekin batera, eta lagungarri gertatu zaizkit senak esaten zidana osatzeko. Adibidea jarriko dizuet hurrengo sarreran.

  1. OHARRA: Txantiloi honek Antonio Unzue-ren Debaterako argudiatu. Bigarren Hezkuntzako arlo guztietarako proposamena (pdf 623 KB)  du oinarri.
  2. OHARRA: Ahozko elkarreraginari erreparatu diogu oraingoan. Jakitun gara, baina, Internetek nabarmen areagotu duela idatzizko elkarreragina ere (e-posta, foroak, txatak, sare-sozialak…) Argi dago, beraz, idatzizko elkarreraginak ere merezi duela arreta eta lanketa.

Argazkia: Graphic Conversation. Egilea: Marc Wathieu . Lizentzia.

26
Mai
2009

Gaitasunaren ebaluazioa

Jolausen eskutik konpetentzien gaitasunen munduan paseoan Kataluniara heldu eta gaitasunen ebaluazioa jorratzen duen Xabier Villelaren aurkezpen honetara heldu naiz: Com avaluar per competències?

Mezuan dokumentu bi daude, diapositiben aurkezpen bat (powerpointa nahi baduzue),eta testu-dokumentu bat. Konptetetzien saltsetan gehiegi sartu barik, bistan agertu den taulari erreparatu, gustatu, eta beste zer eginik ez daukadala itzultzea pentsatu dut. Ideiaren edo gogoetaren bat ekarriko digun edo.

Bi ebaluazio ereduren arteko konparazio-taula

Edukien ebaluazioa Gaitasunen ebaluazioa
Zenbakiak erabiltzen ditu Gaitasun mailak erabiltzen ditu
Pertsonak konparatzen ditu Indibiduala da
Ez dakitena aurkitzen du Euren maila ezartzen du
Ebaluatuak ez du parte hartzen Ebaluatuaren partaidetza behar du
Une batean ebaluatzen da Prozesu guztia ebaluatzen da
Ebaluatzailea pasiboa da Ebaluatzailea aktiboa da
Ariketak erabiltzen dira Ebidentziei erreparatzen zaie
Programaren parteak edo emaitzak ebaluatzen dira Prozesua eta osotasuna ebaluatzen dira
Landutako programara mugatuta Esperientziaren bidez eta programatik kanpo eskuratutako jakintza aintzat hartzen du

Ebaluazioa? Zergatik gogoratu dut ebaluazioa orain? Udaberria ote?

18
Ots
2008

C-testak

Hizpide 66an Josu Peralesek idatzi duen artikulua irakurrita, C-test horietako bat egiteko gogoarekin geratu naiz.

Josuren instrukzioei jarraituta testu pare bat hartu ditut. Zazpi izan beharko lukete guztira, baina birekin hasi naiz.

Hark emandako irizpideak betetzen diutuztela uste dut: testu osoak, eduki neutralekoak (bigarrenean zalantza egon liteke), xede-ikaslearentzat egokiak (bota dezagun 2. mailako ikaslea), interesgarriak (uste dut), eta hizkera "korrientekoak" (espezializazio, bitxikeria eta termino tekniko barik).

Berriako albiste bat, eta Joxe Aranzabalen blog-mezu bat.

Javier Clemente Iranen biziko da azkenean (Berria, 08/02/18)

Javier Clemente (Barakaldo, Bizkaia) Irango futbol hautatzailea azkenean Iranera bertara joango da bizitzera, gaur Kayhan International hango egunkarian esan duenez. Selekzioa Euskal H------ zuzentzeko propo------ egin zi-- Irango Federa------ -Iranera par----- prestatzera soi--- joango ze-- adierazia zu---, baina feder------ ezezkoa em-- dio.

"Iranen biz--- naiz, ez dau--- inongo araz---- horre-----", esan d- hautatzaileak. Ha-- ere, Clem----- aipatu d- Zarauzko (Gipu----) etxera buelt----- dela Ira--- behar e- duenean –Zara----- bizi d--.

Hiru urt--- kontr---- sinatu zu-- lehengo ast---. Espainiako e-- Serbiako selek----- ere entre------ dago.

Eta hileta zibila nahi dugunok? (Joxe Aranzabal. Faroa, 08/02/12)

Ez dut presarik, baina hiltzen naizenean hileta zibila nahi dut neuretzat. Hala e--, Elorrion —e-- herri ask----, Eibarren iz-- ezik, beha----- —, ez da-- azpiegi------- horrelako zerem----- txukun egi----.

Zerbait eg-- beharko du-- egoera konpo------. Udalarekin hi-- egin, e-- baita ehorzte------- ere, lehen------ lekuren b-- presta de--- horre------, eta bigar----- eskain ditz---- gutxi----- zerbitzuak e-- azpiegiturak, na-- duenak hil--- zibila iz-- dezan.

Zuen herr----- zelan da-- kontu h--? Eskertuko nit---- zuen irit----.

Ez dira zailak sortzen. Akaso halako ariketak prestatzeko software batekin (Hot Potatoesen estilokoa), txukunago geratuko lirateke. Zalantza pare bat (Euskal Herria hitz bat ala bi dira?), baina testuak laburrak izanda berehala egiten da (instrukzioak ondo jarraitu baditut).

Egiten saiatu naiz, baina nik neuk egin ditudanez nahikotxo erraza egin zait. Zeuek probatu, nahi baduzue.

C-test hauei buruz zein da lehenengo inpresioa?

Eguneraketa.

Hot Potatoes-en JCloze erabilita sortu daitezke C-testak. Eta blogean sartu. Horrela geratzen da proba:
<br /> Eta hileta zibila nahi dugunok?<br />

Eta hileta zibila nahi dugunok?

C-testa. Bete hutsuneak.

Ez dut presarik, baina hiltzen naizenean hileta zibila nahi dut neuretzat. Hala e, Elorrion —e herri ask, Eibarren iz ezik, beha—, ez da azpiegiturarik horr zeremoniak txu egiteko.

Zerbait eg beharko du egoera konpo. Udalarekin hi egin, e baita ehorzte ere, lehen lekuren b presta de horretarako, e bigarrenek esk ditzaten gutxi zerbitzuak e azpiegiturak, na duenak hil zibila iz dezan.

Zuen herr zelan da kontu h? Eskertuko nit zuen irit.

14
Urt
2007

Aizkoraren distira

Hitzetik Hortzera ikusten egon naiz gaur. Joxerra Gartziari egin diote elkarrizketa. Eta euskararen egokitasuna dela eta ez dela galdetuta, bere lanetan (euskara komunikatiboa, pdf-n) sarri aipatzen izan duen Koldo Mitxelenaren aipua ekarri du atzera:

“Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik. Ona da, beraz, elkarrekin mintzatzeko eta elkarri gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako;
horrexegatik beragatik da ona haizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta haizkora amutsa, berriz, txarra. Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza amutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik, errua, behiala Axularrek zioenez”.

Mitxelena, Koldo (1972): Idazlan hautatuak . Bilbo. Mensajero

Aizkoraren zorrotza eta aizkoraren distira gogoan, geurera ekarrita domeka arrastiko hausnarketarako (edo siestarako) ideiak etorri zaizkit, ez dira berriak, baina, horra hor:

  • Zertan ematen dugu denbora gehiago? Egurra egiten ala aizkorari distira ematen? Zer erabiltzen dugu gehiago: zorroztarria ala trapua?
  • Ikasleari ebakitzen duen egurrak zeozer berotzeko balio dio? Ala behearen gainetik garbitu behar diren txirlorak eta ezpalak baino ez dira?
  • Badaukagu egurretan ibiltzeko basorik? Ala aizkora surik gabeko tximiniaren gaineko apaingarrien arteko beste bat da, laia, laratza eta taloburdina legez?
  • Aizkora ondo zorroztuta, ondo ebakitzen digu? Ala distirarekin itsututa konformatzen gara?
  • Zer-zelan egin dezakegu gure aizkorarekin auzokoaren motozerrak egiten ez duena?
  • Aizkora probetan enborrak eta denbora estiloa eta lustrea baino gehiago neurtzen dira?

Alegoria forestalak azken baten.

Argazkia: larrabetzutik mundura

24
Urr
2006

Partizipazioa

Alvaro Gregorik on-line komunitate eta jardueretako partizipazioaz gomendio batzuk ematen ditu Jakob Nielsenen iradokizunetan oinarrituta.

Partizipazioa fetitxe-berba izaten da gurean. Metodologia partizipatiboa, klase partizipatiboak,... Ikasle baten ebaluazioa egiteko orduan ere "oso parte-hartzailea da" edo "ez du parte hartzen" bezalakoak sarri entzuten dira, ebaluazio irizpideen artean daukagu nonbait, esplizitatuta egoten ez den arren.

Nielsen eta Gregorik ingurune birtualetarako aholkuak eskaintzen dituzte, haiek irakurrita bestelako inguruneetara (talde presentizalak jakina) ondorioak ateratzea ez zait zaila iruditzen: Partizipazioa erraztu, parte hartzeko ahalegina murriztu, kalitatezko parte hartzea sustatu, parte hartzea saritu...

Kontua harago eroango nuke hala ere. Igual galdera politikoki-ez-zuzenak izango dira, edo lerdoak besterik gabe, baina botatzeko dauzkat aspalditik:

  • Zer da partizipazioa? Zeri deitzen diogu parte-hartzea? Denok publikoan hitz egin/idazteari? Entzutea/irakurtzea/pentsatzea/prozesatzea/ondorioak ateratzea ere ez da parte-hartzea?
  • Zer parte-hartze maila nahi izaten dugu? Gure atariko batzarretan egundoko partizipazioa dago, baina ez dago ezer argitzeko modurik izaten. Parte-hartzaile aktiboa eta fagozitatzaile paperaren artean zein da muga?
  • Zertako nahi dugu parte-hartze maila hori? 20 laguneko taldean adibidez 20 ikuspuntuak hain desberdinak izango dira?
  • Nahi genukeen partizipazio maila kudeatzeko prest(atuta) gaude? Oilategia gobernatzeko alegia. Mintza-praktikaz ari bagara adibidez (hitz egin behar da), Willis-ek apuntatzen zuen modura ez da eraginkorragoa talde txikiagoak egitea?
  • Parte hartzen ez duenak balorazio baxuagoa merezi du horregatik? Gutxien ikasi duena da ala?

Karrajuko estatistikak ikusita, hemen mezuak eta iruzkinak idazten ditugun laupabost lagunok baino parte-hartzaile gehiago daudela pentsatzen dut orain adibidez. Errejistratuta egon ez arren. Zer esana edukiko dute batzuek, baina igual ez diegu txandarik ematen jakin.

06
Ira
2006

Adierazleak

Oporren aurreko azkenengo mezuan euskaltegien lanaren emaitzaz jardun nuen. Zer lortzen dugun, euskaltegiok normalizazioan zer paper jokatzen ari garen,...
Kasualitatez (karrajuaren boterea ez da handia ba!), iraileko lehenengo aste honetan HABEtik adierazleen zerrenda eta emaitza batzuk bidali dira euskaltegietara. Emaitzak denok edukiko dituzue euskaltegietan, beste baten heldu dakioke horri. Adierazleen zerrendari erreparatu diot oraingoan. Hemen daukazue (publikoa dela pentsatzen dut, beraz ez dut uste hemen jartzeko arazorik egongo denik):

1.- Adierazleak
Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen jarduera aztertzeko, honako adierazle kuantitatiboak hautatu dira:
 a) Talde-ratioa: aurrez-aurreko irakaskuntzan, taldearen iraupen-aldian izan den batezbesteko ikasle kopurua adierazten du. Ikasleei emandako orduen batura /(zati) talde orduen batura eginez lortzen da.
 b) Birmatrikula: datu honek adierazten du ikasturte bateko ikasleetatik zenbatek jarraitzen duen hurrengoan, eta ehunekotan adierazita ematen da. Jarraitze hori hiru aukeratan aztertzen da: edozeinetan, sarean eta euskaltegian.
  a. Edozeinetan: edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  b. Sarean: sare bereko edozein euskaltegi edo zentrotan birmatrikulatzen diren ikasleen ehunekoa adierazten du.
  c. Euskaltegian: birmatrikulatze hori euskaltegi berean egin duten ikasleen ehunekoa adierazten du.
 c) Asistentzia: aurrez-aurreko irakaskuntzan adierazten du ikasle bakoitzak eman zaizkion eskoletatik zenbatetan parte hartu duen, hau ere ehunekotan adierazita.
 d) 100 ordu emanda lortu maila: urrats bat lortzeko, batez beste, ikasleei emandako zenbat ordu behar izan den adierazten da hemen. Emandako ikasle-orduen batura /(zati) lortutako urratsen batura eginez lortzen da. Ematen den kopurua absolutua da. Ondorioz, adibide gisara, Bizkaian guztirako laukian 0,56 azaltzen bada, honek adierazten du Bizkaiko euskaltegi eta zentroetan ikasleei emandako 100 orduko, batez beste, urrats baten erdia baino gehixeago gainditu dela, edo, bestela esanda, 178,6 ordu inguru behar izan dira batez beste urrats bat lortzeko.
 e) Ikasleen matrikula-orduen batezbestekoa: ikasleek egin dituzten matrikulen trinkotasuna adierazten du, matrikulen ordu teorikoen batura /(zati) matrikulen batura eginez lortzen da.
 f) Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan eta EGAko deialdi itxietan izandako emaitzen berri ematen da, honako datuak eskainiz:
  a. Euskaltegiko ikasle eta aurkeztu: HABEren mailak egiaztatzeko deialdietan edo EGAkoetan parte hartzeko izena eman dutenen kopurua adierazten da, ikasle bakoitza ikasturte horretan ikasten aritu den euskaltegi/edo zentro guztietan zenbatuz (eta ez azterketa egiteko izena eman zuen euskaltegi/zentroan soilik).Kopuru absolututan ematen da datua.
  b. Euskaltegiko ikasle eta gaindituen %a aurkeztuekiko: aurreko horietatik ehuneko zenbatek gainditu duen adierazten du.
  c. Gaindituen % ikasle guztiekiko: euskaltegi/zentroko ikasle guztiekiko mailaren bat gainditu duten ikasleen ehunekoa adierazten du.

Eranskin gisara eskaintzen dira ikasle-orduak eta talde-orduak, jardueraren, eta lagin bakoitzaren, neurria izateko

2.- Adierazleen denbora-esparrua
Arestian azaldu diren adierazle hauek bi ikasturtetan aztertu dira, eboluzioa ikusteko: 2004-05 ikasturtean eta 2005-06 ikasturtean. Azken honetan neguko jarduerari dagozkionak soilik, eta 2006ko uztailaren 18ko datuen egoerara mugatuta. Horregatik, eta amaierako jarraipena soilik biltzen den jardueratan (autoikaskuntzan, bereziki), hainbat ikasleren matrikulak batere ordurik gabe daude, eta agian urratsen bat gainditua eman zaio, mailen egiaztapenean parte hartu ahal izateko.

3.- Adierazleen jarduera-esparruak
Helduen alfabetatze-euskalduntzeko jarduera-eremu bakoitzean euskaltegiak izan dezakeen esku-hartzea maila ezberdinekoa denez, lau multzotan sailkatzen dira adierazle bakoitzeko datuak: autoikaskuntza, talde berezi, ohiko talde eta guztira.
Euskaltegietako datuak kudeatzeko aplikazioan kolektibo jakin bat duten talde guztiak talde berezitzat hartu dira (IVAP, IRALE, enpresa, guraso,…).
Mailen egiaztapena: aurkeztuak eta gaindituak izeneko adierazlearen kasuan ez dira bereiztu jarduera-esparru hauek, taula gehiegi ez luzatzearren.

4.- Adierazleen laburpenetarako multzoak
Euskaltegi-zentro bakoitzak bere datuak erkatu ahal izateko bidaltzen zaizuen taula honetan, honako multzotan laburbiltzen da euskaltegi/zentroen jarduera:
- lurraldeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den lurraldea.
- eskualdeak: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den eskualdea, helduen alfabetatze-euskalduntzean erabiltzen ditugun eskualdeak kontuan izanda. Horien berri datutegian bertan jasotzen da, eta hor ikus daiteke herri bakoitza zein eskualdetan dagoen kokatua. Hala ere bada eskualde bat (99), barnetegietako jarduera guztiak, bai negukoak eta bai udakoak, bereizteko erabili duguna, barnetegietan edozein eskualdetako ikasleak aritu ohi baitira.
- sareak: euskaltegi/zentro bakoitzak badaki zein saretakoa den, eta sare jakin batekoa izan ezean, federatu gabeenean dago txertatua.
- tamaina: talde edo ikasle bakoitzaren ikaste-prozesua gertatu den herriaren biztanle-kopurua adierazten du:

  • 1: <5.000 biztanle
  • 2: 5.000-10.000 biztanle
  • 3: 10.001-25.000 biztanle
  • 4: >25.000 biztanle
  •  0: negu eta udako barnetegietako taldeak

Zer deritzozue? Gure lana baloratzeko eta ebaluatzeko adierazle egokiak dira? Nahikoa dira? Zerbait falta? Zerbait sobran?

Sindikatu edukia