metodologia

Topaketa eta ekintza

Benito(e)k bidalita 2007, azaroa 28 - 12:18(e)an.

Santurtziko Udal Euskaltegikoek ekarri digute albistea (eskerrak sarea baten batek animatzen duen): XVI Encuentro Práctico de Profesores ELE.

International House Barcelonak eta Difusion argitaletxeeak antolatuta, Bartzelonan abenduaren 14 eta 15ean. Gaztelania-irakasleei zuzendua, baina hizkuntzen irakaskuntzan dihardugunontzat gauza interesgarriak jorratzen dira.

Lehengo urteko topaketaren aipamena egin genuen aurreko batean, eta aurtengoan ere gauza interesgarriak eta ugari programan eta blogean.

Hitzaldietako bati erreparatu diot bereziki. Monique Denyer-en ¿Cuáles son exactamente los lazos entre el enfoque por tareas y el Marco Europeo?

Kezka dabil ELEren munduan Europako Markoak aldarrikatzen duen Ekintzara bideratutako ikuspegia dela eta. Hemen daukazue EEMko aipamena:

Hizketa-ekintzak hizkuntzaren jardueretan gauzatzen diren arren, gizarte-testuinguru zabalago baten osagai dira, eta testuinguru horrek berak ematen die esanahi osoa. “Atazez” mintzo gara, jardueretan gizabanako batek edo gehiagok beren gaitasun espezifikoak emaitza jakin bat lortzeko era estrategikoan erabiltzen dituztela adierazteko. Ekintzara bideratutako ikuspegiak, beraz, ezagutzaren, emozioen eta borondatearen baliabideak ere kontuan hartzen ditu, eta baita gizabanakoak gizarte-eragile den aldetik aplikatzen dituen gaitasun espezifiko guztiak ere. (EEM. 20. orr.)

Aurrekoan ekarri genuen zerbait hona, eta orain honelako galderak plazaratu ditu Moniquek:

¿Qué ocurre con el enfoque orientado a la acción que recomienda el Marco común europeo referencia? ¿Es este enfoque tan demoledor como parece o acaso se inscribe en la continuidad metodológica? ¿Tiene algún impacto en la determinación de los objetivos de enseñanza de idiomas? ¿Qué cambio conlleva en la elaboración de los currículums? ¿En qué modifica el contenido de los libros de textos? ¿Qué supone en la práctica diaria tanto para los profesores como para los alumnos? ¿Podemos seguir evaluando de la misma forma?

Zalantzak dabiltza beraz han. Gurean ez dakit.

Egia esanda guk halako topaketarik ere ez daukagu. Ezta bizitza sozial deitzen den hori egiteko ere.

Bartzelonaraino joan beharko da hemengo baten bat topatzeko? Edo Bartzelonatik baten bat ekarri haren inguruan batzeko?

PD: Encuentro Practico-ren webgunean aurreko urteetako materiala eta dokumentazioa dauzkazue eskuragai.

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | 7 iruzkin | View blog reactions

Galderak eta erantzunak

Plisti-plasta | 2007-10-27 19:27

“Zazpi galderaz egunian, asko jakiten da astian”

Egunotan, ikasteko erabiltzen dudan Bloglinesi esker, Redes saioko pasarte labur baten berri izan dut eta ,egia esan, gogoan mamurka dabilkit. Onena ikustea izango duzue eta, ondoren, bideoaren barrunbeari egingo diogu begiratutxoa.


Hona pasarte honetan agertzen diren ideia nagusiak eta berauei buruzko komentariotxo bana.

Ezagutzaren igorpenean funtsatutako sistemak porrota eta frustrazioa ekarri ditu. Egungo sistema antzinako ideietan sustraituta dago, esperimentazioan eta hausnarketan oinarritutako ikasketa prozesu naturaletik urrun.

Ezaguna da paradigma berria irakaskuntzan baino gehiago ardazten dela ikaskuntzan. Eta ikasi eginez ikasten dela. Betiko adibidea jarriko dugu: auto-eskolakoa, alegia. Ziur nago zuetako edonork gidabaimena atera berritan baino hobeto gidatzen duela gaur egun , hau da, erabilerak ikasarazi dizuela. Baina zuetako zenbatek gaindituko luke azterketa teorikoa? Gutako zenbatek gaindituko luke selektibitatea?

Heziketa sistemak ikasle guztiek ahalik eta denbora laburrenean gauza berberak ikastea du helburu.

Guri ere honelako zerbait gertatzen zaigulakoan nago. Badakit hizkuntzen irakaskuntzan badirela zenbait eduki ikasle guztiek ikasi beharrekoak: mekanikaria ala medikua izan. Baina gure ikasleak hizkuntzaren erabilerarako prestatu nahi baditugu, pertsonalizazioari ere ekin beharko diogu. Ez dagigula gerta euskaltegietan ikasten denak bizitza errealean (norberaren lanean...) ezer gutxi balio izatea. Egun ikasle guztiak leku berera daraman trenaren bagoi bakarrean sartzen ditugun susmoa daukat.

Mende askotan ezer-gutxi aldatu da irakaskuntza.

Zalantza egin dut “gutxi aldatu da irakaskuntza” ala “gutxi aldatu da ikaskuntza” jartzearekin. Egia esan, biak ala biak dira gutxi aldatu direnak. Horretan irakasleona ere bada ardura, ezen ikaskuntza-irakaskuntza asimetrikoa planteatu baitugu etengabe, gure botereari, nagusitasunari, eutsi nahian.Batera ala bestera, gutxi aldatu da eskuarki. Berrehun urteotan lotan egondako irakaslea gure ikasgela batean sartuz gero, lasai asko hartuko luke klariona eta bere ezagutza igortzeari ekin. Ikasleak ere antzeko papera jokatuko lukeelakoan nago. Berdin gertatuko ote litzateke sendagile baten kasuan, adibidez?

Erantzuna da giltzarria (azterketak...) Gizarteak erantzuna lehenesten du (telebistako lehiaketak... adibide). Oraindik ere garrantzi handia ematen zaio memoriari. Baina honek ez du aurrerabiderik. Informazioaren gestioan makinek duten zeregina areagotu egingo da. Erantzunaren balioak gainbehera egingo du galderaren balioaren mesedetan.

Hauxe dugu bideoaren muina, tesia. Ukaezina da darabilgun sistemak erantzunari ematen diola sekulako garrantzia, produktuari prozesuaren kaltetan.Eta ez gainera edonolako erantzunari, erantzun konbergenteari (irakasleak edo programa informatikoak aurreikusitakoari), baizik. Erantzun dibergenteak (aurreikusi gabekoak, ataza irekiak...) paper txikiagoa du, besteak beste, sistemari giza-baliabide eta koste ekonomiko handiagoa ekartzen diolako.

Galderei dagokienez, sarritan, ebaluatzeko erabiltzen ditugu, ikasi beharrekoa ikasita dagoen baieztatzeko eta ez ikas-prozesuaren osagarri garrantzitsu lez (hausnarketarako...).

Egia da, azken urteotan galderok prozesuan txertatu ditugula gero eta gehiago, baina iruditzen zait ikasleengandik sor daitezen dinamikak abiatu beharrean, guk geuk edo ikasmaterialek egiten dituztela galdera horiek.

Kontu honetan, beraz, batetik, oreka handiagoa bilatzearen aldekoa naiz: galderen eta erantzunen artean, produktuaren eta prozesuaren artean, galdera konbergente eta dibergenteen artean. Eta bestetik, ikasleak berak galderak sor ditzan dinamikak sortu behar direlakoan nago.

Horiek horrela, kontuz ibili behar dugu penduluarekin; zaleak baikara ezkerretan zegoena eskumatan utzi eta desorekak sortzen. Nire ustetan egia da neurri batean bideoak dioena: burmuina baino biltegi hobeak izango dira ordenagailuak. Beraz, makinak hobekien egiten dakiena egin behar du eta gizakiak, berriz, informazioa pilatzen baino berau eskatzen, baloratzen, filtratzen eta erabiltzen jakin behar du (oraingoz horretan hobeak gara, zorionez).

Baina ideia orokor bezala egokia den honek hizkuntzaren ikaskuntzan baditu zenbait ñabardura. Ezen memoriarik gabe eta ezagutzarik gabe ezin baita hizkuntza erabili. Hizkuntza nolabait esatearren sistemaren barne-memorian dago .

Abokatu batek ez du ez dakit zenbat legeren formulazioa ikasi beharrik, ordenagailuak emango dio hori, beste trebetasun batzuk garatu beharko ditu dudarik gabe baina hizkuntza ikasle batek ezinbesteko du konpetentzien upela beteta izatea eta horretarako ezagutza eta memoria ezinbesteko izango ditu.

Adimen artifizialak heziketa ingurune berria ahalbideratuko du. Bertan esperientzia birtualak bizi ahal izango dira eta ikaskuntza praktikan oinarrituko da.

Badakit zuetako askorentzat zientzia-fikzio ukitua duela esaldi honek baina nik neuk ez dut zalantzarik. Horrela izango da eta ez luzera jota gainera (hor ditugu: Second Life, My world proiektua etab.). Gainera, honek ikaskuntza paradigma aldatzeko bide ez ezik, zenbait aukera berri eskainiko dizkigu hainbat arlotan (ikaskuntza kooperatiboan; ikaskuntza formalaren eta informalaren uztarduran; edukietan ez ezik, harremanetan oinarritutako ikaskuntzan...).

Adibide bakarra emango dizuet. Xabier Imaz ikasleak bere zaletasunei buruz aritzeko mintza-lagunak izan nahi ditu. Bere herrian, Sestaon, ez du txirrindularitzari buruz euskaraz aritzeko mintza-lagunik aurkitzen eta Second Lifera (jarri nahi duzuen izena) jo du. Bertan, Elgoibarreko eta Zornotzako lagun batekin aritzen da eta, gainera, igande honetarako ibilalditxoa ere prestatu dute. Hain ezinezkoa iruditzen al zaizue?

Beno, nahikoa da , bi minutu pasatxoko bideo batek bi ordu pasatxoko lana eskatu dit eta. Baina aizue, bidean ikasi egin dut, galderak egin dizkiot neure buruari eta erantzunak bilatzen saiatu naiz. Ez da gutxi. Banoa Xabier Imazekin bizikletaz ibilalditxoa egitera.

Etiketak: | | |
Irakurri gehiago | 2 iruzkin | View blog reactions
Bidalitako artikuluak

Lehenengo ametsa

Plisti-plasta | 2007-10-07 02:43

Amets egin nuen bart.

Sisifo agertu zitzaidan, agure, ametsaren ertz batean, unaturik, euskal aditzaren harritzarra mendi tontorrera igo nahian. Ametsaren beste ertzean ere Sisifo, heldu, idazmenaren harritzarra mendi gailurrera igo nahian, neke. Ametsaren hirugarren ertzean berriro Sisifo, gazte, mendian gora zeraman harritzarrarekin komunikatu nahian, akituta.

Bat-batean ertz guztiak batu eta ametsa zatitu egin zitzaidan.

Lehenengo ametsa: metodologia

Xabier Imaz dugu protagonista. Tentuz dekoratutako euskaltegiko gela urdin batean Xabier eta euskaltegiko aholkulari panpox bat Xabierren behar komunikatiboak, konpetentzia maila eta ikasteko era aztertzen ari dira. Bi motatako beharrak antzeman dituzte: komunak (euskara ikasle guztiek dituztenak) eta berariazkoak (inguruak, lanak, ordura arteko ikas-prozesuak... eragindakoak. Xabierrek bere berezkoak dituenak, alegia). Horrekin batera, Europako Marko Osatua erabiliz konpetentzia maila B2ri dagokiona dela erabaki dute eta nola ikasten duen aztertu dute.

Aholkulariaren eta tutorearen garaia da. Xabierren kasua estudiatu eta ibilbide didaktikoa diseinatu diote (gero Xabierrekin berarekin adostu beharrekoa). Behar komunikatibo komunak asetzeko bere konpetentzia mailako beste ikasle batzuekin jardungo du gehienetan (era presentzialean edota on-line), eta berariazko behar komunikatiboetan trebatzeko egokitzapen kurrikularra egin diote: ataza espezifikoak, tailerrak, proiektuak...

Ametsean Xabierren aholkularia eta tutorea entzun ditut berbetan.

Tutorea: Hitz egin al diozu Xabierri ikaskuntza formala eta informala uztartzearen garrantziaz?

Aholk: Ez, datorren asteko bileran ekingo diogu horri. Ea zer asmo duen. Nire ustez, ondo etorriko litzaioke ikaskuntza informalaren garrantziaz jabetzea: interneteko jario kaotiko apur bat, bere zaletasunei lotua jakina, eta berbalaguna edo praktika-guneren bat, kirol elkarteren bat litzateke aproposena. Mendi-taldearekin dugu hitzarmena, ezta?

Tutorea: Baietzean nago.

Aholk: Hitz egingo dugu sakonago baina motibazio aldetik justutxo ikusi dut.

Tutorea: Ez kezkatu gehiegi horregatik. Iaz, Ataza Banku Berriarekin eta Tailerrekin aritu nintzen lanean eta zalantzarik gabe ikaslearen motibazioa areagotzen dute.

Aholk: Bai, ba! Ikasleari plusen bat eskaintzea garrantzitsua da eta. Hizkuntzan, hau da, tresnan, arreta guztia jarri beharrean, tresna hori erabiliz lor ditzakeen gauzetan jartzea, alegia.

Tutorea: Horixe da! Zein ondo pasatu zuten iaz ikasle batzuek Euskaltegi@ proiektuan, gainera egindako lana oso baliagarri suertatu zaigu guztioi. Bueno, Benito, gauzatxo batzuk prestatu beharra daukat, hiru aste barru egingo dugu ebaluazio bilera, ezta?

Aholk: Ondo da. Bitartean lantzean behin egingo diot begiratutxoa Xabierren jarraipen fitxari.

Oraingoan ametsak irakasle-gelara eraman nau. Bertan Xabierren tutorea ordenagailuarekin lanean ikusi dut. Ikasbilera jo du eta Ataza Banku Berrian "komunak" "B2" etiketak sakatu ditu eta hiru ataza berde eraman ditu Xabier Imaz ipintzen duen karpetara. Ondoren, "berariazkoak" "B2" "udaltzaingoa" sakatu eta beste ataza berde bi aukeratu ditu. Agendari egin dio orain begiratutxoa: Mendi Elkartearen telefonoa ageri da pantailan dir-dir...

Dir-dir, dardaraka ari den neoizko idazkunera egin du jauzi ametsak "Euskaltegi@" iragartzen dute ketchup kolorezko letrek...

Baina hau bigarren ametsa duzue eta Benitoren baimena izanez gero, hurrengo astean kontatuko dizuet, Sisiforen harritzarra baino astunagoa gerta ez nakizuen.

 

Etiketak: | | | |
Irakurri gehiago | 4 iruzkin | View blog reactions
Bidalitako artikuluak

Ingelesa eta beste

Benito(e)k bidalita 2006, urria 29 - 16:34(e)an.

Francisco Muñozen blogaren bidez artikulu hau topatu dut: ¿Por que los españoles no aprendemos a hablar ingles?. Meneame-n ere zabaldu da eztabaida. Hasiera baten gurearekin loturarik ez daukala pentsatu daiteke, baina azken baten Iberiar penintsulako biztanle askok ama-hizkuntza ez dauzkatenak ikasteko dauzkaten arazoez ari dira. Hegoaldean behintzat ez nuke esango hor esan direnetatik oso urrun gaudenik, gaztelania ama-hizkuntza daukagunnok behintzat. Betiko topiko-astakeria batzuk kenduta, aipatu/antzeman diren jarrera batzuk behintzat ezagunak egin zaizkit: hitz egiteko eta praktikazeko lotsa, beharrik gabe ezin ikasia, hizkuntza zaila izatearen ustea, pertsonaia publikoen eredu txarra, .... Egun baten ingeles irakasleak eta euskara irakasleok batuta antzerako pasadizoak aterako genituzkeela uste dut.

Albotik baino ez bada ere, beste gogoeta bat etorri zait hau irakurrita. Euskara bertoko hizkuntza dela etengabe aldarrikatzen dugu, geurea, hemengoa. Diskurtso maila afektiboan batez ere horrela zabaltzen dugu. Baina, maila teknikoan, hau da, klase-jarduera antolatzean, hurbiltasun tratamendu hori ematen diogu? Ikasleak askotan ez ote dauka ingelesa bezain urruneko hizkuntza ikasten duen sentsazioa? Geuk ere neurri baten ez dugu sarri errealitate hurbiletik urruntzen?

Lau kasurekin saiatuko naiz esan dudana ilustratzen:

  • Lehenengoa ez dut esango konstatazioa denik, baina azkenotan kasu batzuk ikusi ditut. Gaztelania ez beste ama-hizkuntza daukaten eta euren herritik duela hamar urtetik behera etorritako batzuk ezagutu ditut (alemaniarrak, ingelesak, poloniarrak,...) euskara ikasi eta, hala iruditu zait niri behintzat, hemengoek baino zailtasun haindiagorik izan ez dutenak. Badakit hau ez dela berez esanguratsua eta ondorioak ateratzeko iturri sendoa, baina ilustratiboa da.
  • Iñaki Gaminde hizkuntzalariari entzunda beste bat. Bilboko gaztelanian "zarama" hitza ezaguna izan da, edade batetik aurrerako bilbotar askok behintzat "zarama" eta "zaramero" hitzak ezagutu dituzte. Baina Bilboko euskaltegietan askotan "zakarrontzia" eta "zaborrontzia" berbak zabaldu dira "zarama"ren kaltean. Anekdota baino ez dirudi, oso kasu zehatza eta beharbada apur bat estututa ekarri dut. Nik jarrera baten ispilua dela susmatzen dut hala ere. Euskara sarritan mitologia afektibo baten kokatzen dugu, baina errealitatean suertatzen zaizkigun agerraldien aurrean ez dugu jakiten didaktikoki zelan jokatu.
  • Niri aste honetan gertatutakoa. Irakasle pare batekin ikasleak bistan eta eskuan daukagun zerbait zelan egiten den azaltzeko gaiak eta gauzak topatzen. Mila ideia: argazki baten dagoena azaldu, arraultza zelan frijitzen den, .... kasu gehienak errealitatean berton erakusteko antzerkia edo egoera fortzatzea eskatzen dutenak, ikasleari zer eginean sartzeko oztopoak ekarriko dizkiotenak. Ahoz gora pentsatzen gabiltzala, mahai gainean mugikorrak dauzkagu... Ez du ba jendeak mugikorrean gauzak zelan egiten diren azaltzen aparatua eskuan darabiltela besteak entzun eta ikus dezan? Errezeloa eman digu aukera honek. Arruntegia. Tontakeria dela pentsatuko dute. Ez dugu materialik prestatu behar,... Euskara fikzioa egiteko baino ez dugu erabiliko akaso? Ala errealitatera ekartzeko geuk ere arazoak dauzkagu?
  • Azkena neuk barik, Plisti-plastak azaldu du azken artikuluan. Bota duen galderak tak! egin duela uste dut. Dinosaurioa zelan egiten den ikusten duten umeak zertan dabiltza? Dinosaurioa egiten? Ingelesa ikasten? Gramatika lantzen? Seguruena, hizkuntzaren bidez zerbait ikasten. Hizkuntza hori zein da? Errealitatera ekartzen duguna.

Ez dakit beste inork inoiz honetaz pentsatu duen. HABEren formazio bideoen bildumako ale baten antzeko kontu bat plazaratzen entzun nion Ernesto Matin Perisi aspaldi. Martzianoen hizkuntaz ziharduen hark.

Ikusten duzuenez momentuko gogoeta izan da, gauza bat ikusita gogora etortzen diren hariekin osatuta, ez dogmarako sententzia inola ere. Pentsatzen eta komentatzen hasteko atxakia besterik ez.

Etiketak: | | | | | | | |
Benito (r)en bloga | 2 iruzkin | View blog reactions

Autoelikadura

Karrajua(e)k bidalita 2006, apirila 25 - 22:27(e)an.

Ricardo Gomezen Filoblogia blog bikainean aipu hau irakurri dut hemen interneteko euskarazko blogak eta albistegiak direla eta:

...nolanahi ere, honezkero nabari zaio mota honetako beste gune orokorrei ere egotzi zaien "arazoa": azken batean, ez dira hain "orokorrak eta aski makurtuta daude teknologia, informatika, internet eta, oro har, ziber-ixa gaietara. Ez diot hori ona ala txarra den; horrelaxe gertatzen dela, besterik ez.

Egunotan neuk ere eduki dudan sentsazioa ere izan da. IKTak, blogak, web 2.0. gora eta behera, eta azken baten forman geratzen ari garen begitanzioa. Eduki nagusia teknologia bera sarritan eta beste arlo batzuetan, hezkuntza, hizkuntza edo gure kasuan bezala euskalduntze-alfabetatzea, software sozialaren aplikazioak autoelikatzeko joera nabarmena.
Duela urte batzuk, gurean teknologia berriak eta informatika gehien bat zabaltzen hasi zenean lankide batek esanekoa etorri zait akordura: "Aurrerapauso metodologiko hauetariko asko atzerapauso metodologiko ez ote diren nago".

Etiketak: |
Karrajua (r)en bloga | 4 iruzkin | View blog reactions

Syndicate content

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak