Egia esanda ez dut espero izan honenbeste ere, blog asko eta onak daude hor lehian, eta pozten naiz (baita konformatu ere) hango epaimahaiko kideek Karrajuari finalean egoteko merituak ikusi badizkiote.
Dena dela, onena sariaren bidez finalkideak ezagutzea, eta gomendatu ahal izatea:
Karrajuak bi aipamen berezi izan ditu sarean aste honetan, estimatzeko modukoak biak benetan.
Batetik, Patxo Landa lagunak Espiral sarietaraaurkeztu digu Karrajua. Hizkuntza irakasle askok bisitatzen gaituztela eta ideiak eta materialak aurkitzen dituztela, saridungai izateko meritua aitortu digu. Egia esanda, Espiral sarien berri izanda (gogoratu lehengo urtean Euskaljakintza saritu zutela), ez zait burutik pasatu ere egin Karrajua hezkuntzaren munduarekin lotutako sariketa horretara aurkeztea. Genero asko eta ona han gainera, beraz ez ezpero Joselito batekin etortzerik.
Ez dut inoiz Karrajuaren bisitarien tipologiarik egin, hasiera batetik helduen euskalduntze-alfabetatzearen inguruko jendea eduki dut "target". Edozelan ere, pozgarria da benetan beste arlo batzuetako jendeak ere Karrajuan zerbait interesgarri eta baliagarria aurkitzen badu. Eurengandik ere nahikotxoa jasotzen dugu guk bestela, eta blogosfera deritzon honen izpirituan horixe dago azken batean, partekatzea eta zabalkundea.
Bestea Joxe Aranzabal blogari ezagunak egin digu Euskadi Irratiko 8. probintzia saioan (klikatu hemen entzuteko). Zapatu guztietan blog pare bat gomendatzen ditu Joxek eta aste honetan Karrajua izan da bat (Bidasoatik interesgarriarekin batera). Lore politak bota dizkigu benetan, eta bihotzez estimatzen dira hauek ere, areago Joxerengandik etorrita.
(Hori bai, norberagatik inori instituzioa entzunda, poztu ala ikaratu geratzen zara derrepenteko batean.)
Biei ala biei, eskerrik asko aipamenagatik eta animoagatik, berdin Karrajua jarraitzen duzuen guztioi. Hori da hori saria!
Edozelan ere, aipamenetan esandakoen gainean ohartxo pare bat:
Patxok Espiralerako aurkezpenean hau idatzi du: "Es un blog colectivo que se mantiene desde el departamento de didáctica de la coordinadora AEK que gestiona la alfabetización en Euskera de adultos". Blog kolektiboa izateko asmoa bai, azkenotan hemen dabilen jendearekin gehiago, eta inoiz baino hobeto (lore guztiak haientzat ere badirela ez dago zertan esanik ere), baina Karrajuak ez dauka lotura organikorik AEKrekin. Nik han egiten dut lan, baina hau (AEKren laguntza eta sustengua inondik ere kendu barik) proiektu pertsonal modura sortu zen, eta, kolaborazio maila eta klase guztietara irekita (eta deseatzen) bagaude ere, horrela jarraitzen du gaur egun, euskalduntze-alfabetatzean dihardutenentzako gune ireki, independiente eta esperimental modura. (Google-edo oferta batekin etorri bitartean, noski )
Joxek esandakoari ere zehaztapen txikitxo bat. Ni neu euskara irakaslea izan banaiz, baina neure buruari merituak kendu beharrean nago: Karrajuan aipatzen ditugun baliabideak eta tresnak, zoritxarrez, ez ditut erabiltzen euskara irakasteko, hau da, une honetan ez dut klaserik ematen. Egiten dudan bakarra da han eta hemen aurkitzen dudana -edo burura etortzen zaizkidanak- lankideei eta interesatuei zabaldu, haiekin konpartitu, eta mundutxo honi saltsa apur bat ekartzen saiatu, beste barik.
Tira, eskerrak eta estimua guztioi berriro eta aurrera goaz. Ezta?
Karrajuan sartu nahi nukeen guztia ez da beti kabitzen. Paradoxa da, baina kontu laburrenak dira arazo gehien ematen dutenak: aipuak, interneten ikusitako zerbait, bideoren bat... Askotan iruzkintxo bat ere egiteko modurik aurkitu ez eta aipamen hutsarekin Karrajuko mezu kopurua gehiegi puztuko ote den beldurrez han geratzen dira.
Mezu laburrak maiztasun handiarekin publikatzea da nonbait. Microblogging deitu izan dena. Neureak botatzeko alternatibaren bila Twitter, Jaiku eta "what are you doing?" estilokoei erreparatu diet lehenago. Laburregiak baina, arinegiak. Sare modura funtzionatzeko ondo, baina publikazio irekirako ez naute konbentzitzen. Ezta Facebook bezalako sare sozial itxiek ere.
Tumblelog kontzeptua gogoratu dut gero. Blog moduko bat, baina arina, eduki mota asko batu ahal dituena: estekak, media fitxategiak, aipamenak... Ekilikua! Horrelako zerbait behar dut ba! Eta eduki ere eduki dugu aspaldian. Tumblr zerbitzuan hain zuzen ere. Zergatik ez hori erabili ba? Hara!
Atoan izena ipini diot, hau da, okurritu edo ikusi eta atoan apuntatzen dira horrelakoak. Eduki mota desberdinak formato desberdinean erakusteko modua ematen du: estekak, bideoak, aipamenak, elkarrizketak, entzungaiak, jarioak... Itxura dotore eta erakargarriarekin gainera. Adibide modura, Joxe Aranzabalen Farozaina daukazue.
Esteka jarri dut Karrajua.org-eko goiko menuan bestela.
Behin-behineko kontua da dena dela. Tumblr-en gauza pare bat falta direla uste dut. Iruzkinak egin ahal izatea eta erabiltzaile bat baino gehiagok editatzea. Alternatiba pare bat dauzkat eta saiatuko naiz jorratzen.
Gelato softwarea. Zeure zerbitzarian Tumblr-en moduko tumblelog bat egiteko modua ematen dizu, baina iruzkinekin eta erabiltzaile bat baino gehiagok editatuta. Dena dela, oraindik garapen fasean dago eta funtzionalitate batzuk nahikoa mugatuta daude. Oso interesgarria da egiten ari diren lana dena dela.
Norberak eraiki halako gune bat. Drupal edo Wordpressekin adibidez ez da zaila. Hain zuzen ere Drupalekin egin ditut proba batzuk. Hau izango da alternatiba seguruenik.
Lehengo egunean Aitorrek egin zizkigun iradokizunei bueltatxoa emanda, Karrajuaren diseinuan aldaketatxo batzuk egin ditut. Ez dira ez asko ez goitik beherakoak izan, alboko barrakoen berrantolaketa besterik ez. Hain zuzen ere:
Goian eskuinean Karrajuko atal desberdinetan publikatu diren azkenengo bost mezuak ipini ditut. Azalean osorik ez dira agertzen atal guztietako mezuak, blogekoak eta zuek bidalitako artikuluak soilik. Klaserako baliabideak eta ideiak, forokoak edo sarean topatzen ditugun testuak ez dira agertzen osorik. Horrela publikatu diren azkenengoen zerrenda ikusteko modua daukagu behintzat.
Bestalde, haren azpian artikuluak bidaltzeko propaganda apur baten ostean, nire ustez, Karrajuan garrantzi handiko elementuak ipini ditut, iruzkinak edo erantzunak() Ezkerrean bidali diren azken iruzkinak, eta eskuinean komentario gehien eduki duten mezuen zerrenda. Azken honek beharbada, apur bat lagundu ahal du saltsa non dabilen topatzen.
Hortik beherakoetan ez dago aldaketa handirik. Etiketa lainoak behera eta albistegiko azkenak goratxoago. Bestela, atal desberdinetan publikatutako azkenengoen zerrendak daude eskuineko aldean.
Ez da aparteko ezer, bistan da, baina espero dut honela Karrajuan zer dagoen eta zer dabilen argiago geratzea, eta nabigazioa erraztea.
Kritikak, ekarpenak eta aholkuak onartzen dira, esan gabe doa.
Foroak: Edonork eztabaidatzeko bota ditzakeen gaiak.
Klaserako ideiak. Klaseko aktibitateak egiteko ideiak saiatzen gara hemen batzen.
Klaserako baliabideak. Irakasle eta ikasleentzat sarean dauden gauza interesgarrien zerrenda egiten saiatzen gara hor.
Testuak: Idazten ditugun artikuluak, esperimentuak eta abarrak, liburu modura sailkatuta.
Artikuluak. Karrajuko erabiltzaileak ez direnei eurena artikuluak edo mezuak publikatzeo aukera emateko.
Hala ere, sarean sarritan artikulu eta testu interesgarriak aurkitzen ditugu, gure lanarekin lotutakoak eta blogean den-denak aipatzeko eta komentatzeko modurik ez dugu edukitzen, eta beste ataletan ez dira erraz sartzen. Normalean del.icio.us-en edo bildu.net-en markatzen ditugu, baina Karrajuan haiekin zerrendatxoa egiten hastea ere interesgarria izan daiteke. Beraz aurkitu eta zerbaitengatik azpimarragarriak deritzegun horiekin atala osatu dugu.
Hemen daukazue zerrenda, eta orri nagusian eskumako barran agertu dira behean gehitzen ditugun azkenak.
Ez da zerrenda zehatza eta izango, interesgarriak iruditu zaizkugunen aipamena baino. Dena dela, badakizue, irakurri eta haien inguruan jardun nahi baduzue, komentarioak erabili.