ohiturazko jarduerak

27
Mai
2007

Mikroblogak

Zer: 

Twitter eta halakoek eman ditzaketen aukerei buruzko gogoeta.

Web2.0 kontzeptua agertu denetik (eta agertu aurretik ere bai) etengabe ari dira sortzen zerbitzu berriak, komunikaziorako funtzionalitate edo formato berritzaileak ekartzen dizkigutenak. Duela hilabete batzuk azkenengo "iraultzetako" bat agertu zitzaigun, Twitter. What are you doing? galderari barra-barra hasi zen jendea erantzuten mundu guztian.

Nabigatzaile eta blogarien artean muturreko erreakzioak eragin ditu olde horrek. Entusiasmo itsutik eszeptizismo garratzerainokoak, epeltasun gutxirekin, baita Euskal Herrian berton ere.

Ni neu zuri-beltz horretan grisak ere egongo direla pentsatzea gurago izan dut, furixara horrek, beharbada, ez digu utzi ikusten derrepentean erraldoi egin zaigun arbola horren ostean. basoan, landaredi ugariagoa egon daitekeela. Eta euskara ikasteari begira aukera batzuen trazak hasi naiz ikusten.

Pausorik pauso:

Zer dira mikroblogak (edo)?

Twitter sarean publikatzeko era desberdina da. Azkenengo urteotan bloga izan da izarra duda barik, baina bloga gero eta landuago eta (baten bati irakurri diodan bezala) "barrokoago" egiten dabil, hau da, ezaugarri zehatzetako testu generoa ari da bihurtzen.

Baina blog hitza weblog hartatik datorrela, gogoratu dezagun "log" kontzeptua dagoela atzetik: gertakizunak kronologikoki jasotzen dituen fitxategia, deskribapen labur eta zehatzean, titulu barik. Twitter hau, neurri batean lehengora bueltatzeko era izan daiteke horrela ikusita.

Twitter ez da mikroblog kategoria honetan sartu dezakegun bakarra hala ere, Twitter-en klonak gorabehera (gero eta gehiago), beste kontzeptu bat egon da urteotan ostenduta: tumbleloga, adibidea Tumblr zerbitzuan daukazue (hemen daukazue Karrajua Bi -n egin genuen aipamena, eta Joxe Aranzabalek Faroan egin zuena). Funtsean blogeatzeko edo sarean publikatzeko beste era bat: laburra, zehatza, eta sarritan egiten (ari) denarekin estu lotuta.

Aukerak

Tira ba! Zertan lagundu ahal digute horiek guztiak euskara ikasteko orduan? Ez daukat erantzun zehatzik, baina formatoan eta publikatzeko eran aukera batzuk barruntatzen ditut.

  • Testuaren luzera eta konplexutasuna murriztu egiten dira. Hizkuntz-formak sinpleak dira, esaldi bakarreko testuak.
  • Publikatzen errazak. Testuaren sinpletasunari gehitu web-en bidez edo mugikorren bidez publikatzeko aukerak.
  • "Benetako" testuak dira. Zerbait esaten diogu norbaiti, fundamento gutxiago edo gehiagorekin, baina komunikazio-ekintza gertatzen da. Hizkuntza erabili egiten da.
  • Testuok oso lotuta daude ekintzarekin, inguruarekin, egiten denarekin. Erabiltzen den hizkuntza estu lotuta dago errealitatearekin beraz. Batzuen arabera, hizkuntza ikastean pentsamendu eta gogoetarekin lotutakoak baino lehenago eskuratzen diren testuak dira hauek, ulergarriagoak eta sortzen errazagoak.
  • Testuak idatzi eta gorde egiten dira. "Log-a" egin ahal da, bilakaera eta prozesuen ispilu izan daitezke. Une honetan testu idatziak dira nagusi, laster batean seguruenik mikropodcast-ak ere agertuko dira, eta mikrovlogak (ezetz?).

Eta zein da hizkuntza ikasteko zabaldu daitekeen bidea? Beheko mailak adibidez. Ikuspegi komunikatiboaren agerpenetik ikasle hasi berrientzako jarduera komunikatibo erreal eta aldi berean eskuragarriak topatzea izan da buruhaustetariko bat. Zelan lortu hizkuntza beheko mailetan "benetan" erabiltzea? Aurreko puntu horiek adibidez A1 edo A2 mailako (Europako markoaren arabera) ikasle batek bete ditzakeen eginkizunetara (edo atazetara) garamatzate nonbait. Ezta?

  1. Konplexutasun gutxiko testuak, ulertzeko nahiz sortzeko.
  2. Ekintzarekin lotutako esanahiak, "grafikoak" eta "ikugarriak".
  3. Hizkuntz-forma sinpleak.

Zer egin daiteke orduan?

Esan bezala, ez daukat ideia zehatzik. Tresna hauetaz baliatzeko bideak jorratzen hastea baino ez dut proposatu nahi, baina bide batzuk zirriborratzen saiatuko naiz.

  • Ikaslearen log-a: Ikasprozesua jarraitzeko tresna modura erabil daitezke tutoretzetan edo ikasleen prozesuaren ebaluaziorako. Hizkuntza ikasteko zer-noiz egin dugun apuntatuta. Edo ikasle desberdinen prozesuak konparatzeko (guk geuk edo eurek).
  • Hizkuntz-formak erabiliaz lantzeko. "What are you doing?" galderari euskaraz erantzuteko modu ezberdinak daude: "telebista ikusten", "ariketa egiten", "lanean", "lotan" edo "butakan etzanda" adibidez. Eduki formaletan funtzioak, nozioak, hiztegia eta forma morfosintaktiko desberdinak ditugu. Egin daitekeen bat: ohiko ekintzen zerrenda eman, eta egunean zehar egiten dutenean mikroblogean publikatzeko esan. Hau hizkuntza erabiltzeko era bideratua izan daiteke.
  • Prozesuak kontatzeko. Zerbait egiteko pausoak mikroblogean apuntatuta, "Zer egin du honek gaur?" galderari erantzun dakioke adibidez. Edo zerbait egiteko instrukzioak erredaktatu.
  • Pertsonak ezagutzu-deskribatzeko. Kontatzen denetik pertsonaren deskribapena egiten saiatu daiteke adibidez: "Hau berandu altxatzen da", edo "Arratsaldean lan egiten du" bezalakoak.
  • Klaseko zer eginak eman eta haien jarraipena egiteko.Egin beharroa zein den publikatu, eta norberak egiten duenean abisua eman. Autoikaskuntza inguruneetan programazioen jarraipena egin daiteke honela. Honetarako zer eginak eta proiektuak kudeatzeko tresnak ere erabil daitezke.
  • Ikasleen arteko oharrak eta abisuak pasatzeko. Elkarlan eta elkarreraginerako tresna ere izan daitezke.

Boteprontoko ideiak izan dira hauek. Ez dakit noraino-norekin-non izan daitezkeen egingarriak, baina haritik tiratzeko balio badute, ondo.

Tresnak

  • Ordenagailua edo (eta) mugikorra.
  • Twitter. Esan bezala, une honetako izarra da. Erabiltzaile kontua edukiz gero, lagun zerrenda osatu daiteke talde bateko ikasleekin adibidez. Edozelan ere, aplikazio osagarriak, mashup edo RSSaren bidez jarraitzeko aukera ematen du.
  • Twitter-en klonak, mashup-ak eta aplikazio osagarriak. Etengabe ari dira agertzen. Hemen daukazue zerrenda bat. Nik Jaiku aipatuko nuke adibidez. Twitter-en funtzionalitateez gainera jario-agregatzaile edo lastermarken bilduma bezala ere erabil daiteke. Baina, ikusten duzuenez jenero ugaria dago hemen.
  • Tumblog-ak. Tumblr da ezagunena. Twitter-en modukoen aldean desabantaila daukate, zaila taldeak edo komunitateak osatzea, baina mezu-formato aukera gehiago eta diseinu hobea eskaintzen ditu. Aukera interesgarria izan daiteke pertsona deberdinen "twitter-en" agregatzaile edo metablog bezala erabiltzea, ikas-talde edo tutore baten ikasleena adibidez.
  • Aukera gehiago ere badira: sare sozial batzuetan twitter-en estiloko tresnak atondu dituzte, proiektuak eta zer eginak kudeatzeko zerbitzu kolaboratibo batzuk ere horrela erabil daitezke, edo Moodle-en egunkaria modulua... Pentsatzea da kontua.
  • (Eguneraketa. Ahaztu ere egitea!).  Gorka Julio Teketenek honen inguruan hausnarketa eta proposamen interesgarriak ere egin ditu, nanoformatoak, hain zuzen ere, estudiatu beharreko kontua duda barik.

Tira ba! Mikroblogeo polemiko horri atarramendua ateratzen hasteko moduak topatzeko hasierako ahalegina baino ez da izan hau guztia. Borobildu, egosi eta asko landu barik.

Dena dela, baten bati haritik tiratzen hasteko balio badio eta zerbait interesgarria pentsatu edo egiten badu, poztu egingo naiz. Bestela, "gaizki esanak barkatu...".

Sindikatu edukia