mintzamena

12
Eka
2008

Ahozko laginak lortu

Zer: 

Ahozko laginak internetetik batzeko ideia bat

esteka: 
http://www.snapvine.com/bl/IZd_YCm0Ed23YwAwSFs39g

Ahozko hizkuntza landu nahi dela, askotan entzun dut ez direla erraz topatzen ahozko hizkuntza informal eta kolokialeko laginak eta grabazioak. Badakizue, egunero inguruan entzuten den hori. Podcast-en inguruan endredatzen ideiatxo bat etorri zait. Inori zerbaitetarako balio badio-edo. Azalduko dut.

Interesatzen zaidana ez da neure grabazioak edo neure ahotsa entzunaraztea (entzuten baduzue, berehala konturatuko zarete zergatik), jendearen ahozko erantzunak jasotzea eta haiekin laginak batzea baino. Hiztun desberdinen ahozko laginak jaso nahi ditut hain zuzen ere, besteak beste:

  • Ikasleari eskaintzeko entzungai "naturalak" edo errealak
  • Ahots desberdinen bidez input ugariagoa emateko.
  • Euskaldunen ahots "erreala" erakusteko.

Eta badira podcast zerbitzu batzuk mezuak ez ezik, erantzunak ere ahoz bidaltzeko aukera ematen dutenak. Bat aukeratu dut, Snapvine, eta podcast-audiobloga zabaldu dut.

Hori lortzeko bide erraz eta eskuragarria eskaini dit Snapvine honek. Ordenagailuak mikrofonoa badauka atxikirik (gero eta ohikoagoa), ez da aparteko endredorik behar, botoi bati sakatu, grabatu eta bidali.

Lau ideia hasteko:

Kasu guztietan ahozko erantzunak jasotzea interesatzen zaigu. Hizkuntz-laginen errepositorioa arin eta erraz sortu daiteke honela. Enbotatzeko aukera ere badugu:

Audiobloga


edo

mezu bakoitza


Comment | Copy This

Snapvine hau ez da izango egiteko bide bakarra seguruenik. Ez naiz gehiagoren bila zoratu, baina boteprontoan anterakoak egiteko bi hauek etorri zaizkit gogora:

  • Forvo. Web zerbitzu honek hizkuntza desberdinetako hitzak ahoskatuta biltzen ditu. Erabiltzaileek eurek grabatu eta bidaltzen dituzte. Hizkuntza arrotzeko hitzen ahoskera ezagutzeko pentsatuta dago, baina ikasteko ere baliagarria da. Euskara ere han dugu.
  • Covcell tools. Moodle-ekin ari zaretenontzat interesgarria. Ahozko elkarreragina eta grabazioen bidalketarako modulua ari dira garatzen. Ez dakit garapena une honetan zelan dabilen, baina barruntatzen dut garatzaileetako bat ez daukagula oso urrun. ;-)

Hor duzue ideia. Tiratzen jarraitu nahi baduzue, aurrera!

17
Api
2006

Net Hurbil: Hegaldi merkeak klima aldaketa hobeki ospatzeko

Zer: 

Hegaldi merkeen ondorio ekologikoei buruzko artikulu interesgarria. Irakurtzen duguna eguneroko berriketara zelan eroan

esteka: 
http://tinyurl.com/hf7ut

Aurreko baten ere Pello Zubiriak ARGIAn daukan sekzio hau aipatu dut. Ez da ARGIAko deigarriena, baina irakurtzen hasita beste inon topatzen zailak diren kontuak aurkitzen dira, eta gainera zer esana eman dezaketenak.

2036. zenbakian agertu den honekin saiatuko naiz artikulutik zer esanera bidea egiten. Azken baten horixe izaten da aldizkari, egunkari eta gainerako agerkarietan irakurtzen dugunaren funtzzioetako bat, gure pentsakera, gure iritzia eta ondorioz, gure diskurtsoa berregituratzea.

deiak

Artikuluko pasarte batzuekin irakurriko duguna asmatzen saiatu gaitezke aurretik.

Aipuak:

"Ohartu naiz berde bizitzeko nire ahalegin guztiekin birziklatu, etxea isolatu, ez erosi 4x4 erraldoi horietako bat lortutakoa airez egindako bidaia bakar batek alferrikako bihurtzen zuela"

...emakume batek esan dio kazetariari ezin zuela soportatu hegazkinek zenbat energia xurgatzen duten jakin eta berdin segitzea

Europatik Australiara joan-etorria hegazkinez egiten duen pertsona batek horretan erretzen du urte osoan hiru autok gastatzen duten adina gasolina

Loiuko aireportuak bizi duen loraldiak -eta Forondakoak izango omen duenak berdintsu- jadanik sortzen duen kutsadura handitzeak zertan utziko ote ditu aurrezte horiek?

Beste herritar batzuek, ordea, nahiago dute argi eta garbi uko egitea hegazkina usatzeari.

Ondoren galderoi erantzuten saiatu gaitezke:

  • Irakurri dugun artikuluaren amaieran zer esango dela uste duzu?

  • Irakur ezazu. Horrela izan da?

  • Zerrendatu horren alde ematen dituen arrazoiak.

Irakurri ostean.

Irakurri dugunaz hausnartu eta beste komunikazio-jarduera batera zelan eraman pentsatzen jarriko gara: 

  • Konbentzitu zaitu? Irakurri aurretik bezala pentsatzen duzu?

  • Klasea amaitu da, eta berriketan zabiltza baten batekin, zelan amaituko zenuke esaldi hau?

“Ba, gaur klasean artikulu bat irakurri dugu, eta artikuluak kontatzen du zelan......................................”

  • Hau irakurrita zer esango zenuke orain berriketan hau entzungo bazenu:

“Gaur egun ez du merezi kotxea edo trena hartzea, hegazkina ia merkeago irteten zaizu”

  • Aurreko hori esan duena kontatu duzunarekin ados ez balego, edo serio hartuko ez balu, testuan irakurri duzunetik zertzuk erabiliko zenituzke? Prestatu hemen argudio eta adibideen zerrenda

Argudioa

Zelan botako zenuke ezagun batekin berbetan? Pentsatu, esan eta gero ahalik eta literalen idazten saiatu

Europa barruko hegaldietan dabiltzan bidaiariek trenez doazenen zortzi halako gastatzen dute

Badakizu hemendik Londresera abioak gastatzen duela zortzi trenek gastatzen dutena? Ibilbide berdina egiteko gainera.

kutsadura hori guztia atmosferan oso goian geratzen da eta askoz kaltegarriagoa da lur azalean sortzen dena baino

Gogoeta

Ulertzen duguna ez da irakurtzen duguna soilik. Honako artikuluok zer pentsatua ere ematen dute (eta pentsatu eragitekoak dira izatez), beraz, horri tiratzen saiatuko gara:

  1. Hau irakurrita burura etorri zaizkizun ideiak apuntatu hemen. Artikuluan bota direnak ez, zeuri okurritu zaizkizunak baino:

  2. Zure gogoeta horiekin zer eta nola esango zenuke?

  • Lagun artean berriketan, zer komentario egingo zenuke?

  • Inkesta baten ekologiari edo bidaiei buruz zer pentsatzen duzun galdetuko balizute?

  • Nola beteko zenuke honako taula bat?

 

GARRAIOBIDEA

 

ALDEAK

 

KONTRAKOAK

  • Autoa

  • Trena

  • Autobusa

  • Hegazkina

Zer komentario egingo zenuke aipatu diren gauza hauen gainean:

  • Bristoleko emakumeak dioena

  • Etxeko isolamendua hobetuz gero aurreztuko litzatekeena

  • Bidaia agentziak egin duena

  • Atxekimenduak eta konpromisoak antolatzen dabiltzanak

27
Ots
2006

HAMABOSTIAN BEHIN (VIII) Berbalaguna

Zer: 

Bertsoak irakurri, entzun eta haien gainean hitz egin

esteka: 
http://kaiolumazikinez.blogspot.com/2006/01/hamabostian-behin-viii-berbalaguna.html

Berbalagunari kantuan

BLOGA BLOGA, MARINELA!, Josu Martinezen blogetik ekarritako post-a

Deskribapena

Kontestua

Josu Martinez Santutxuko gaztea da, artista polifazetikoa: bertsolaria, kantaria, idazlea,.. Euskadi irratiko Hamabostean behin programan kolaboratzen du.

Programako konbidatuentzat kantua egin eta bertan kantatzen die. Azken asteotan bere blogean eta podcast sistemaren bitartez kantuen letrak eta bere komentarioak irakurri ezezik kantua bera entzuteko modua ere badago.

Zer daukagu hemen?

Post honetan lau gauza dauzkagu

  1. Blogariaren sarrera eta komentarioa
  2. Kantua entzuteko modua. Hemen sakatuta entzungo duzu.
  3. Kantuaren letra
  4. Irakurleen iruzkinak

Zer testu klase? Sarreran azalpena eta iritzia ematen du. Kantuan iritzia ere ematen da, bertsotan, azkenotako gertakarien zerrenda egiten du. Komentarioetan animozkoak, harridura azaltzekoak, galderaren bat eta kritikaren bat ere badago. Testuan esanekoaren inguruan edo beste barik jartzeko moduaren ingurukoak.

Zer egin honekin orduan? Zertako erabili klasean?

Lehenengo "okurrentziak"

  • Euskara ikasle batentzako kontu hau apur bat urrunekoa izan daiteke. Euskadi irratia, bertsoak, Berbalaguna,... Hemengo edozein testurekin lan egitekotan hurbiltze eta kontestualizatze lan handia egin beharko da.
  • Podcast-a ezin da ordenagailura jaitsi hain erraz, neuk behintzat ez dut horretarako modurik topatu (egon badaude, baina!). Beraz kantua entzutea nahi badugu ikasleak sareaan konektatutako ordenagailua beharko du. Muga handia kasu gehienetan.
  • Komentariogile batzuk bloglariak ere badira, blogari horien identifikazioaren inguruan egin daiteke atazaren bat.
  • Mintzagai asko okurritzen zaizkit (hemengo tag-etan sartu ditut batzuk). Euskara eta euskara ikastea, gertakariak, bertsolaritza, musika, irratia, teknologia,... Nondik tiratu badago, asmatzea da kontua.
  • Zer egiten da honekin? Nik neuk sarrera irakurri dudanean burutazioa eduki dut euskara eta euskaltegien inguruan. Kantua entzutean letra irakurtzen egon naiz aldi berean, aipatzen direnak gertatu direnekin lotzen ibili naiz, aipatu dituenen zerrendatxu mentala egin dut. Irakurri nuenean ez zen komentariorik egon eta hasierako burutazioarekin komentarioa gehitu nuen. Gerora komentarioak agertu ahala komentariogileek blogariarekin zer erlazio daukaten aztertzen ibili naiz (lagunak, lankideak, gogaideak, ...), euren blogak gainbegiratu ere egin dut nortzuk diren gehiago jakiteko. Horren ondorioz, noski, balorazioak ere egin ditut: "Jendeak zelan flipatzen duen teknologiarekin", "Podcast-aren inguruan zeozer egin daiteke..".

Forma

Hizkuntzaren eta formaren gainean ezer gutxi okurritu zait:

  • Espresio batzuk: lantzean behin, huntaz eta hartaz, tira,...
  • Definizioak egiteko erak: Berbalaguna, edo mintzalaguna, edo mintzakidea: (tokian tokiko izenak denak) beren euskara praktikatzeko aukerarik ez daukaten euskaldun berriak gure hizkuntzara hurbiltzeko proiektu ederra (da). Zer-nolako jendea dago hirietan?:euskera ikasi eta gero ahaztu egiten duena. Erlatiboetan pentsatzen hasi naiz (je, je, je,...)

Zelan egin?

Hemen ideia bat:


Berbalaguna prestatu

Zer egin zentrala (ataza) hau izan liteke: Azkenotako gertakarien zerrenda bat hartuta Josuk zeintzuk aipatu dituen eta zeintzuk ez identifikatu. Edo beste hau ere bai: Berbalaguna, solasaldi informala prestatu.

Helburuak:

  • Entzundako edo irakurritako testu baten (aukeraren arabera)topikoak identifikatzea.
  • Elkarrizketa informala prestatzea. Mintzagaiak aukeratu, solasaldiaren ibilibidea aurrikusi, mintzakideari egokitu,..
  • Euskaraz solasaldia egiteko norberak dauzkan hutsuneak eta betebeharrak aztertu eta hobetzeko bideaz hausnartu.

Prozedura:

  • Atazaurrea:
  1. Berbalaguna, zer da? Azalpena. Dokumentazioa topa daiteke, edo norberaren esperientzia kontatu (balego).
  2. Azken asteko gertakariak: gai egokia izan daiteke berbalaguna egiteko?
  3. Gertakarien edo pertsonaia protagonisten zerrenda jarri. Zer gertatu da honen inguruan?
  • Ataza
  1. Berbalaguna egingo dugu gure artean eta azken asteotako gertakariak erabiliko ditugu zeresana emateko. Bikoteetan prestatuko ditugu zeintzuk erabili eta bakoitzaz zer esango dugun.
  • Feedback-a
  1. Josuren kantua entzun (edo irakurri) egingo dugu. Berak esango lukeena eta guk esango genukeena zertan koinziditzen duen konparatuko ditugu.
  • Atazostea
  • Berbalaguna egingo dugu klasean. Saiatuko gara gaiak planteatzen. Horretarako denbora emango dugu (ordu erdi?). Ondoren ebaluatu egingo dugu:
  1. Kostatzen da derrepentean hitz egitea? Isiluneak gertatu dira? Eroso sentitu gara?
  2. Honako kontu serioez berba egin ahal da horrela? Kontu friboloagoak errazagoak dira?
  3. Zelan egin dugu berba? Kostatu zaigu? Zein izan da arazorik handiena? Zer egin beharko dugu hori gainditzeko? Klaserako edo norberak lantzeko proposamenik?
  • Bertsoa hartu eta beste aste baten gertatutakoekin saiatu estruktura ahalik eta gutxien ikututa berregiten.
Sindikatu edukia