euskalduntzea
Benito(e)k bidalita 2010, urtarrila 26 - 01:31(e)an.
Durangon ibili ginen larunbatean, Topaguneak antolatu zuen hausnarketa-jardunaldian. Moderatzaile-idazkari papera egokitu zitzaidan talde batean, eta han juntatu zirenak ikusita (eta ezagututa) zortea izan nuen duda barik (haiei tokatu zitzaien moderatzailearekin baino askoz gehiago ;) ). Euskaltzale animosoak, animatuak, gogotsuak eta arduratuak hausnarketak, bizipenak eta kezkak konpartitzeko gogoz, eta aurrera egiteko bide bila gogotsuago.
Eta kezka eta galderen artean behin eta berriz errepikatu zen bat. Jende berria etorri behar da, lan handia egin dugu (uste dut ez zela inor ausartu esaten, baina igartzen zaie guztiei harro daudela egindakoekin. Ala ez?), baina denbora aurrera doa eta gure atzetik norbait etorri behar da, eta etorri dator askotan. Baina, nola transmistitu gure baloreak, gauzak egiteko gure modua, gure esperientzia eta eskarmentua, urteetan ikasi eta ikusi dugun guztia? Ez daitezen berriro zerotik hasi, ez daitezen geure erroreetan jausi eta gure lanak jarraipena izan dezan.
Galdera ona, eta kezka nahikoa orokorra euskara elkarteen munduan. Eta transposizioak egiten hasita, gurera ekarri nuen galdera. Eta hemen ere ez gabiltza antzera? Urteetako ibilbidea dute eginda guretako askok (hala dio urtero zaharrago egiten gaituen estatistika horrek), eta noiz edo noiz berriak etorri beharko dira. Etorri, geratu eta lema hartzen hasi esan gura dut, zoritxarrez etorri eta alde egiten digute askok.
Baina, jakina, nola transmititu dizkiegu horiei guztiei geure baloreak, historia, ikasiak eta ikusiak. Badute nondik jaso? Mugatuko gara paper batzuk pasatzera zeremonia informal-instantaneo batean? Materiala non dagoen seinalatuko diegu eta listo? Gauza izango ote gara zerbait argi uzteko (iraultza egiten datorrenak zer irauli behar duen jakin dezan sikieran)?
Ala aurkituko du erreferentziarik gabeko anabasa, nondik oratu jakingo ez duena, eta horren aurrean bere mundua eraikiko du ahal duen modura? Geuk egin ditugun errore eta hutsak behin eta berriz errepikatuko ditu? Aurretik gertatu denaren berri bakarra ahozko tradizioaren bertsio finkatugabeetatik jaso beharko du, jasotzeko zortea baldin badu?
Kezkatzen nau asuntoak. Euskaltegien mundua ez da ondo ezagutua kanpotik. Topiko gehiegi dabiltza batzuetan, baina barrukoa misterioa izaten jarraitzen du askorentzat. Areago datorren jende berriak mundu honekin aurretiaz gero eta harreman gutxiago duela. Pasatu da ikasleak irakasle bilakatzen ziren denbora hura alegia. Eta mundu hau ezezaguna izateaz gainera, uste dut hortik kanpotik pentsatzen dena baino konplexuagoa dela. Lau hitzetan kontatzeko konplexuegia.
Edo zahartzen hasita nago igual.
Benito(e)k bidalita 2009, azaroa 7 - 22:33(e)an.
Ricardo Gomezek eman digu albiste latzaren berri, eta Euskaltzaindiaren oharrera bideratu: Juan Jose Zearreta euskaltzain urgazlea hil da gaur egurdian auto-istripuz.
Euskaltzain urgazlea izan eta erakundearen kudeaketa lanetan ziharduen gaur egun, baina Zearretaren bizitzak eta lanak lotura handia izan du helduen euskalduntze-alfabetatzearekin, Euskaltzaindiaren oharra irakurri besterik ez dago:
Juan Jose Zearreta Urigoitialdekozea Zornotzan jaio zen, 1947ko ekainaren 10ean. 60ko hamarkadaren amaieran hasi zen euskalduntze eta alfabetatze kanpainetan parte hartzen. Hala, 1968-69 ikasturtean Deustuko San Felicisimon euskarazko eskolak sortu ziren, Zearreta talde horretako partaide izan zelarik.
1970ean Lehen Urratsak liburuaren prestaketan jardun zuen, besteak beste, Patxi Elgezabal eta Ricardo Badiolarekin.
Urte horietan lanean zebilen Bizkaiko alfabetatze batzordeko kide izan zen. 1975-76an, herrialde guztietako batzordeak batu eta Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK) sortu zenean, bera izan zen sortzaileetariko bat, idazkari lanak ere bete zituelarik.
1973an hasi zen lanean Euskaltzaindian, Ekonomia arloan, Jose Luis Lizundia orduko idazkariordearen lankiderik hurbilena izan zelarik. 1975eko ekainaren 27an euskaltzain urgazle izendatu zuten.
2003an Euskaltzaindiaren kudeatzaile izendatu zuen Akademiak.
Euskalduntze prozesuarekin loturik beti ere, hainbat lan argitaratu zituen, elkarlanean:
- Euskalduntzen (3 liburuki), 1972
- Alfabetatzen (1975)
- Euskara: Hizkuntza Ariketak (1976)
- Euskal Hiztegi Modernoa (1977)
- Sortzen - I (1978)
- Hiztegia 80 (1980)
Bilbon euskara eskolak antolatu, ikasmaterial historikoen egile (Lehen Urratsak, Euskalduntzen, Alfabetatzen...) eta AEKren sortzaile. Ez da aipatu gabe uzteko moduko ibilbidea, baina aspaldian beste lanetan hasita, seguraski gaur egun askori ez zaie ezaguna egingo Zearretaren izena.
Ni neu behin suertatu nintzen berarekin. Duela hainbat urte, irakasle lanetan ia hasi berritan, ikasle talde batekin Euskaltzaindia bisitatzera joan nintzen. Plaza Barrian egoitza jarri baino urte batzuk lehenago izan zen, orduan Diputazioaren inguruko kale batean (ez dut orain zeinetan gogoratzen) pisu txiki batean zeukan Euskaltzaindiak Bilboko egoitza.
Ez zen hura gaurko etxe dotorea, ez. Dokumentuak eta altzariak ahal zen moduan apailatuta ziharduten han. Hantxe hartu gintuen Zearretak, eta Euskaltzaindia zer eta zertan zen eta han zegoena erakutsi eta azaldu zigun. Gogoan dut oraindino han zeukaten bilera-gelako horman egon zen organigrama moduko bat: Euskaltzainburua, euskaltzainak, sailak, eta han behean adartxo bat: AEK.
Ikasleak apur bat harrituta geratu ziren egia esanda, baita neu ere. Eguneratu barik zegoen organigrama hura, urteak ziren AEK Euskaltzaindiaren babesetik irten zela, eta, esango nuke orduko hartan erakunde bien artean harreman handirik ez zegoela. Hala ere, Zearretak organigrama hartaz baliatuta historia kontatu zigun: gau-eskolak, alfabetatze batzordea, koordinakundea...
Helduen euskalduntze-alfabetatzeak gorabehera handiak izan ditu, ordura arte ordutik aurrera: bereizketak, hausturak, pertsonak... Eta organigrama hartako AEK eta nik gaur egun lan egiten dudan lekua urrun daude duda barik. Baina urrun egon arren, lotura asko egon dira bitartean, pertsona eta esperientzia asko. Eta memoria historikoaz hainbeste jarduten den sasoi honetan, gogoratu dezagun geurean ere historia dagoela, nonbaitetik gatozela eta esperientzia ugari ditugula atzetik, gerora begira atzean utzi ezin direnak.
Bego beraz geure gogoan Juanjo Zearreta, bera eta bere lana. Kasualitate latz horietako batean auto-istripuan joan zaigu, helduen euskalduntzearen historian giltzarria izan zen Rikardo Arregi bezala.
Doluminak senideei, lagunei eta lankideei.
Argazkia: Euskaltzaindia
Benito(e)k bidalita 2009, azaroa 4 - 22:03(e)an.
Eusko Jaurlaritzaren aldaketak Helduen Euskalduntze-Alfabetatzearen bazter hauetara zer ekarriko zuen galdetzen hasi ginen duela hilabete batzuk. Eta, egia esanda, orain arte ez dugu aparteko berrikuntzarik edo berririk jaso, kargu aldaketa pare bat kenduta.
Aurrekontuetan ere berri gutxi, hobeto esanda, berririk ez, edo -nondik ikusten den- bai. HABE da diru-murrizketatik salbatu den bakarra antza, euskararen inguruko politikan bazterrak aztoratuta dabiltzan egunotan hori zerbaiten seinalea izango da, ez dakit zerena baina...
Eta gu zain, zer etorriko eta... gaur gutuna heldu da, HABEtik HABEren gutunazal ofizialean. Zer da ba (pdf eta hemen Ikasbileko lotura)?
"Sinposioa" irakurri dut. Dio! Bost hogerlekoko berbak dabiltza hemen. HABE eta EALTA... dedio! Kategoria ere badabil gero! "Ebaluazioan eta hizkuntza-probetan jokabide egokiak sustatzeko gida-lerroak". Dediole! Serioa da hau ba! Ondoren titularreko subjektu-objektu horiek perpaus konposatuan apaindu dizkigute dagozkion leku-denbora osagarriekin: "Ekitaldia 2009ko azaroaren 13an izango da, 09:00etatik 17:00etara, Donostiako Teknologi Elkartegiko Auditorioan...". Azaroaren 13an? Hori datorren astea da bata! Jeseus! Horrelako gauza serio-kategoriakoetarako ez dira ez dakit zenbat hilabete lehenagotik kanpaiak soltatzen. ala?
Beherantz segitu eta, joño! Good Practice-Buenas prácticas. Internazionala! Hortik aurrera HABEren siglak behin eta berriz, baina sarrera inpaktantea izan da, duda barik.
Hau ez da txikiteoaren erdian derrepentean antolatzen den afaria, ez. Eta orain derrepentean dator horrela? Despistatuta ibili naiz?
Inguruan galdetu dut. Zuek honen berri? Ez,ez, ez.... Ene! Asko da ba!
Zer ote den hausnarrean hasi eta, aaaaamigo! Erregalua gordeta eduki digute. Aldaketak etorri dira, HABEk horrelako sorpresak emango dizkigu hemendik aurrera. Espero ez duzula, tak! To sinposioa! Hurrengoa zer izango? Jakin minaren ilusioa piztu digute. Ole!
Gustatzen zaizkit sorpresak. Txikitan errege magoei gutunean direnak eta ez direnak eskatu ondoren ekarritakoak ikusita hartzen nuen sorpresa gehien bat.
Hori bai, espero dezagun sorpresa hauek ez etortzea "ebazpena" edo "xedapena" abizenekin, baten batek ikatza ekarri diotela pentsa dezake eta.
Hala ere, esango nuke sorpresazaletasun hori ez dela sorpresa izan, ezta?
PD: egiaztatze probekin zerbaitetan dabiltzala dirudi. Ea datorren ostiraleko horretan zer kontatzen duten. Sorpresa gehiago akaso.
Benito(e)k bidalita 2009, urria 12 - 18:22(e)an.
Lagun batek kontatu zidan behin ingeles-hiztun batekin elkartu zela Bilbon eta ingeles arinaiztarrean "city" hitzarekin definitu zuela lekua, ingelesdunak zuzendu-edo egin ei zion: Bilbao "city" berbara baino gehiago hurreratzen dela "town" adierara. Ez da hain handia alegia.
Bilbaino batentzat ingelesaren bereizketa horiek (hala baldin bada) purrustada edo bilbainada bat botatzeko modukoak izango dira seguruenik. Bai, bistan dago Bilbo ez dela ez London, ez New York, ez Sidney (gura lukete haiek ba!), baina mundu asko daude Pagasarri eta Artxanda bitarte honetan. Titaniozko museoa eta erreka bazterreko paseo horietatik alboetarantza apur bat eginda.
Era berean, Bilbo izango da euskara jende heldu gehien ikasten dabilen udalerria, euskaltegi eta ikastegi asko eta jendetsuak, Boluetatik Zorrotzaraino, baina mapamundiko mundu guztietan ez dago aukera hori ziurtatuta: Uribarri, Zurbaran, Otxarkoaga, Abusu edo Errekalde lako auzo jendetsuetan ez dago helduek euskara ikasteko berariazko zentro eraturik. Alboko auzoetara edo erdigunera jaistea izaten da aukera hangoentzat. Bestelako alternatibarik sortzen ez bada behintzat, eta egon da halakorik.
Uribarri auzoan adibidez, partida bat urte dira han egon zen euskaltegia itxi zenetik, eta beste aukerarik ezean lehengo eredura bueltatzea pentsatu zuten bertako euskaltzale batzuek, gau-eskolara hain zuzen ere. Hala bada, bost urtez ibili dira doako eskolak antolatzen interesa duten auzokideentzat, boluntario jardunda eta auzoko eskolako lokalak erabilita, klaseak nahiz bestelako aktibitateak. Eta aurten ere hala egiteko asmoa eduki dute, baina...
Aurten urtero legez, gelak eskatzera joan, eta ez die eskolako lokalak erabiltzen utziko. Hala adierazi dute Bilboko beste elkarte eta euskaltzaleoi bidali diguten mezuan:
Uribarriko Gau Eskolako ikasle eta irakasleok bosgarren ikasturteari ekingo diogu datorren 14an hasiko den ikastaroan. Denbora honetan Uribarriko eskola erabili izan dugu geure jarduerak aurrera eramateko; honela, helduei euskalduntzeko aukera eman diegu, euskara klaseak doan eskainiz. Urte hauetan zehar auzokideen erantzuna gero eta hobea izan da, euskarara musu truk hurbiltzeko aukera topatzeaz gain lagun arteko giro polita sortu baita, auzoko egunerokotasunera ere iritsi dena.
Aurten, ordea, geure harridurarako, EZ DIGUTE URIBARRIKO ESKOLA ERABILTZEN UTZIKO. Gure ustez, erabaki honen zergatiak oso irristakorrak dira, iraingarriak ez direnean, baina ondorioz, Uribarriko helduei euskalduntzeko aukera bat kentzen zaiela iruditzen zaigu.
Ez dakit zehazki zer gertatu den, baimena nork eta zergatik ukatu dien. Bilboko eskola askoren jabea eta kudeatzailea Udala bera da, beraz azken erabakia Erkoreka plazaren bueltan ibiliko da. Esan dudan modura, ez dakit zein arrazoi izan den tartean, baina Uribarriko euskaltzale horien haserrea pizteko modukoa bai behintzat, eta horrela lanean dabilen jendeari haserretzeko arrazoiak ematea ez dut uste bidezko eta ganorazkoa denik.
Are gutxiago jakinda Bilbon euskara ikasi nahi duen hiritarrak dituen aukerak ez direla beste hainbat udalerritan daudenen bestekoak: ez udal euskaltegirik edo euskaltegi publikorik, eta euskaltegi pribatuetan ikasteko diru-laguntza sistema murritza (gurasoentzat, langabeentzat edo kasu zehatz batzuetarako besterik ez). Hau da, euskara ikasten duten bilbotar askok HABEren diru-laguntza baino ez dute jasoko ( zati handi bat probak gaindituz gero gainera). Doan ikasteko aukera ematen duenari gauzak ez erraztea ez da oso ulergarria, ez.
Tira, arrazoiak arrazoi eta kontuak kontu, Uribarrin aurrera doaz eta asteazken honetan (urriak 14) matrikulazio festa egingo dute auzoko kanpan, euskarara urrun joan barik hurreratu nahi duenari arrimatzeko festa.
Ikusten duzuenez, Bilbon badira beste mundu batzuk, titaniotik eta Q87tik haragokoak. Ea kontua zentzu apur batekin konpontzen den.
Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 24 - 01:26(e)an.
EHUren udako ikastaroetan murgilduta ikusi dut jendea egunotan. Asko dira eta interesgarriak diruditen gauza asko seguruenik. Egia da era berean San Juan suarekin erre ohi ditugula azkenengo munizioak, honez gero norbera ere erre ez bada, eta uztail eta abuztu osoak ditugu aurretik geratu zaizkigun azken kartutxoen txinpartak ahazteko arsenala irailean berriro bete orduko
Baina tira, gure mundutxo honetan hain aukera gutxi gureaz jarduteko, badakizue didaktika kontu esoteriko horiek, eta datorren astean Miramarreko itsas-ikuspegiari begira jarri eta ikastaro kategoriarekin El profesor de segundas lenguas / II: la formación inicial y el desarrollo de la competencia docente (pdf) izeneko bat dugu.
Egitarauaren pdf-a deskargatu eta kuxkuxeatzeko umorea izan baduzue, ikusiko zenuten nire izena dagoela irakasleen artean. IKAko Xabier Bastida eta biok handik eta hemendik etorritako adituen azalpenen ondoren, gure erakundeetan euskara irakasleak abian jartzeko zer egiten dugun kontatuko dugu. Ez dakit horri "lezioa" kategoria eman dakiokeen, nik neuk behintzat ez dut hartu inori instrukzioak emateko asmorik. bakar-bakarrik helduei euskara irakasleak ziurtatzeko zer egiten dugun, zertzuk arazo aurkitzen ditugun eta nondik nora gabiltzan kontatu.
Irakasleak aurkitzea eta hasierako prestakuntza ziurtatzea izaten da gure sektorean gehien aipatzen diren kezketako bat. Seguruenik IKA edo AEK bezalako erakundeetan handiagoa. Baten batek bota zuen lehengoan euskaltegietan inoiz irakasle ibili den jende kopurua ikargarria dela, joan eta etorri izugarria daukagu gurean azken batean. Eta arazoak gutxi ez, ezta?
Beraz, bolbora apur bat geratzen bazaizue, eta tiroa Donostiaraino ailegatzeko moduan bazaudete, aukera ona daukazue honetaz munduan zer dabilen entzuteko gehien bat, baita gu zertan ari garen ere, eta azken eguneko mahai-inguruan zuen kezkak, galderak eta ekarpenak gurekin batera plazaratzeko.
Berriz, bolbora amaitu bazaizue , eta hala ere irakasle berrien prestakuntzaz zerbait esateko edo komentatzeko baduzue, hemen daukazue aukera plazaratzeko, beti bezala. Eta Miramarren egongo garenok estimatuko dizuegu gainera ikuspegi eta ideien ekarpena.
Datorren astera arte beraz, eta besteoi (gehienoi, ezta?) ondo pasa uda, merezi duzue eta.
PD: saiatuko naiz gure "lezioaren" materialak ekartzen, apur bat txukuntzen ditudanean. Eta Miramarren wifia ondo badabil, erretransmisio modukoren bat egiten.
Benito(e)k bidalita 2009, apirila 30 - 01:41(e)an.
Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak ikerketa aurkeztu zen atzo. EJren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak enkargatu zuen duela hiru urte, eta UNESCO Etxeak eta UNESCO katedrako Amarauna taldeko ikerlariek burutu dute.
Ikerketa interesgarria dirudi, EAEko erdaldunek (elebakarrak suposatzen dut)euskarari buruz zer pentsatzen duten, zer (aurr)iritzi duten eta zer harreman izan duten aztertu dute. Helduen euskalduntzean bereziki interesgarria gainera, azken batean kolektibo hori euskaltegion "target" nagusietako bat izaten da.
Baikor egoteko motiboa izan dezakegu zabaldu diren lehenengo datuak ikusita: %55 euskaren mundutik hurbil sentitzen ei dira, laurden batek dio hurbiltzeko interesa dutela, gehienek euskara ezin dela galtzen utzi eta euren seme-alabek jakitea nahi luketela.
Ikasteari dagokionez datu deigarriak hala ere: %65 inguruk dio inoiz saiatu egin da euskara ikasten, eta erdiek baino gehiago jakin nahi luketela diote. Lagin baten gaineko datuak dira, baina portzentaiok EAEko erdaldun elebakarren kopuru osora (900.000 inguru) ekarriko bagenitu, esan genezake 600.000 bat lagun saiatu direla inoiz ikasten, eta une honetan 500.000 inguruk jakin nahi luketela euskara .
Deigarria, esperantzagarria edo kezkagarria, nondik begiratzen zaion.
Eta zergatik ez dute ikasi/ikasten? UNESCO Etxearen webguneko laburpenean azalpen hau dugu:
Hiru oztopo-mota aipatu dira: hizkuntza zaila dela eta heldutan ikastea ia ezinezkoa dela perzibitzea; euskara ikasteko modu bakarra euskaltegira joatea dela pentsatzea eta horretarako denborarik ez izatea; eta, euskalduntze-sistemaren helburu bakarra “bikain” ikastea eta azterketa bat gainditzea dela uste izatea. Sarri helburu apalagoetarako eskaintzarik ez dagoela pentsatzen da: tabernan eskatu ahal izateko, seme-alabei etxeko lanekin laguntzeko, ulertzeko beste jakiteko edo “pixka bat” hitz egiteko.
Hizkuntza zaila da euskara, areago helduaroan ikasteko, topikoa izan daiteke, baina pertzepzio hori zabal dabil duda barik. Hizkuntzaren beraren ustezko zailtasunari ikasten laguntzen ez duen ingurune soziala gehitu beharko zaio seguruenik.
Modu bakarra euskaltegia dela. Hala baldin bada bistan dago nondik jo beharko genukeen: Mahomari etortzeko bidea eman, edo Mahomarenganaino mendia eraman bestela.
Eta bikaintasuna eta tituluak lortzera baino ez dela bideratzen eskaintza... zalantza pare bat datozkit.
- Batetik, tituluek jendea euskara ikastera ez zuten motibatu behar? Kontrakoa lortu dutela esan daiteke? Ala fase berri batean sartu behar dugula akaso?
- Bestalde, bitxia kezka hori nondik datorren, orain arte "titulitisaren" kalteak eta euskararen irakaskuntza erabilera errealarekin lotu beharra euskaltzale "erradikalen" leloak izan ei dira. Kontrako muturretik arazo berdina ikusten da orduan? Era berean "pixka bat es mucho" horren atzetik dagoenaren baieztapena ere izan liteke.
Informazio hau guztia orain arte zabaldu diren albisteetatik hartu dut, une honetan ez dakit ikerketa osorik non aurkitu daitekeen.
Loturak:
Benito(e)k bidalita 2009, apirila 28 - 00:55(e)an.
IV. mapa soziolinguistikoa aurkeztu digute egunotan. Lehenengo begi-kolpe batean ETBra ei datorren eguraldiaren mapa berriaren irudia etorri zait, EAEko mapa perfektoz josita dago dokumentua eta. Bigarrengoz, Txerrak bota duen galdera bera akordatu zait neuri ere. Ea hemen ere aipatuta baten batek argitzen digun.
Nolanahi ere, kolpe egin diot gainetik. Eta mapa horretan kokatzen saiatu naiz. Ea zer edo zer asmatu dudan.
- Gero eta zaharragoak gara, eta gero eta urbanoagoak, kaletarragoak.
- Atzerritar asko etorri da azken hamar urteotan. Haiek ere gero eta zaharragoak eta kaletarragoak izango direla suposatzen dut.
- Gero eta hiritar gehiagok ikasten/ikasi dute euskaraz eskolan, hauek ere gero eta zaharrago eta kaletarrago.
- Gero eta zaharrago, gero eta kaletarrago eta gero eta hizkuntza gehiago dakizkigu.
- Zenbat eta zaharrago, hizkuntza gutxiago jakin.
- Hizkuntza gehien dakiten lekuetan, gero eta zaharrago eta gero eta gutxiago.
- Hizkunta gutxien dakiten lekuetan, gero eta gehiago dakite.
- Kaletarrik kaletarrenak gero eta kaletarrago eta gero eta hizkuntza gehiago jakin haiek ere.
- Euskaldunak zaharretik gero eta gutxiago.
- Euskarak kaletarretik gero eta gehiago, etxekotik gero eta gutxiago alegia.
Ez dakit ba, mapak horrela irakurrita GPSren bat beharko dut igoal. Ea zuek bide hobea aurkitzen duzuen (pdf).
Benito(e)k bidalita 2009, martxoa 30 - 22:30(e)an.
HABEren Batzorde Akademikoaren bilera daukagu gaur. Duela urtebete deitu ziguten azkenengoz. Bilera hartan HABEren 25. urteurrenaren berri eman ziguten besteak beste.
Azaroan egin ziren ospakizunak, jardunaldi akademikoarekin amaitu zirenak, eta jardunaldi hartan datozen urteetarako ildoak zehaztearekin batera, helduen euskalduntzearen adierazle sistema aurkeztu zen. Hura Batzorde Akademikoan aztergai izango genuela esan zen, eta bileraren gai-zerrendan dugu hain zuzen ere.
Zer esanik ez dago HABEk azaroan aurkeztu zituen asmoak zertan geratuko diren EAEko hauteskundeen ondorioz Gasteizko gobernuan egon den aldaketak baldintzatu ahal duela, eta seguruenik hori dabil une honetan denon gogoan, batzorde akademikoaren funtzioak, pisua eta esanahia bera ere barne. Bilera hau uneak baldintzatuta dator oso beraz.
Bitartean, etorriko dena neurri handi batean Lakuako mekanismoak kontrolatuko dituzten alderdien menpean dagoela, ez naiz iragarpenak, kinielak eta aieruak egiten hasiko orain. Neurri batean edo bestean horretan gabiltza denok seguru asko, baina zer daukagu oraingoz zehazki?
Atzo PSEk eta PPk sinatu zuten akordian (pdf) hau diote Política lingüística atalean:
Revisión de los planes de euskaldunización en aplicación a la luz de los consensos alcanzados en la Ley de Normalización del Uso del Euskera de 1982 y su uso social efectivo en la actualidad.
Berrikuspena dator nonbait. Zelakoa eta norainokoa, batek jakin. Alderdi horien orain arteko ibilbideari, esanei eta eginei erreparatu beharko zaie duda barik, edo helduen euskalduntzea eta hizkuntz-politikaren arduretan jarriko dituzten pertsonen ideiei, asmoei, interesei, filiei eta fobiei bestela.
Ideia egiten lagungarria izan daiteke sozialistek euren hauteskunde-programan (pdf) esandako batzuk berriro ekartzea:
Defensa de un modelo lingüístico basado en el respeto a la diversidad; un modelo con reflejo en el sistema educativo que garantice la transmisión del euskera a las nuevas generaciones y que atraiga al mundo del euskera a los no vascoparlantes, sin repelerlos ni forzarlos a un aprendizaje impuesto cuyos resultados han sido en demasiadas ocasiones desoladores.
[...]
Un Gobierno de cambio presidido por un Lehendakari socialista aplicará una política activa de defensa del euskera. Desechará toda práctica sectaria en la política lingüística, para fomentar el idioma como patrimonio de cultura y comunicación de los ciudadanos vascos. La lengua nunca será tratada como elemento identitario de una parte de la población vasca y se preservará su gestión de intereses políticos. El desarrollo de esa gestión será labor de técnicos reconocidos, en el marco de una política lingüística integradora que partirá del principio de que el euskera es, junto al castellano, lengua oficial de la CAPV y patrimonio de sus ciudadanos, y que reconocerá la diversidad sociolingüística actual como un valor en sí misma y no como una situación que deba y pueda ser forzosamente superada a base de decretos.
[...]
Democratizando la política lingüística, para residenciarla en las instituciones representativas del País Vasco (Gobierno y Parlamento), y no en instancias privadas.
[...]
Introduciendo también la evaluación continua en el IRALE, para que el enorme gasto público que implica el proceso de euskaldunización del profesorado se refleje en unos resultados aceptables. El IRALE, tal como hoy funciona, no está cumpliendo sus objetivos. El sistema de examen único, en convocatoria única, hoy en vigor para determinar la adquisición de perfil lingüístico, es injusto y anacrónico. Por ello, adquirimos el compromiso de introducir un sistema que permita computar la evaluación continua de los profesionales de la enseñanza durante el período de aprendizaje en el IRALE, de modo que este proceso de euskaldunización equivalga por sí mismo al menos a un 50 % del resultado final de acreditación del perfil, dejándose al otro 50 % para la prueba final.
[...]
Evaluar los niveles de uso y no sólo de conocimiento. A la hora de obtener datos sobre niveles de uso o de conocimiento utilizar sistemas más fiables que la mera respuesta individual (autoopinión).
[...]
Realizar una política de subvenciones a la producción de materiales, no discriminatoria, que se fije en criterios de calidad (no de cantidad) y de complementariedad (cubrir huecos del mercado). Todas las subvenciones con fondos públicos estarán sometidas a un control estricto con criterios de eficiencia a los fines perseguidos, para lo que se hace necesario una evaluación permanente de los resultados. De esta manera, se terminará con los clientelismos,
alejando toda utilización ideológica y partidista. Se impulsará de forma especial el desarrollo de modalidades innovadoras para el aprendizaje y autoaprendizaje del euskera (elearning, medios digitales y audiovisuales, etc.).
[...]
Resolver los problemas que se plantean en el acceso a las Administraciones Públicas, mediante la normalización y homologación de los estudios que se realizan en los euskaltegis, las Escuelas Oficiales de Idiomas, exámenes EGA o los estudios en la Enseñanza Obligatoria y Bachillerato. Clarificar el futuro de los servicios de euskaldunización de adultos: papel de Habe y red de euskaltegis. También habrá de clarificarse el papel que debe jugar la enseñanza del euskera promovida por el Gobierno Vasco a través de EITB e Internet.
[...]
Cuantificar los recursos públicos puestos a disposición del proceso de euskaldunización (personal, cupos, presupuestos...) para lograr un acercamiento al análisis de costes resultado.
[...]
Zehaztapen handirik ez, nolanahi ere, hauteskunde kanpainetan esaten direnetatik egiten direnetara badakigu zer alde egoten den, baina epe labur-ertaineko prospektiban gabiltzala nondik nora jo daitekeen abiapuntu modukoa daukagu hor. Esperoan segituko dugu bestela ere.
