zuzentasuna

09
Ots
2012

Epailea eta iturgina

robo dunny dino

Materialen artean ikaslearentzako orrien subgeneroan bada ohiko figura bat. Zutabe biko taula edo grafikoa, eskuin-ezker “ongi” eta “gaizki” (edo haien sinonimoetariko bat) izenburu eta goitik beherako zerrendetan item bilduma sarri luzea, bostetik gorakoa normalean.

Lehengo egunean halako bat suertatu zitzaidan aurrean irakasle baten galderaren harira. Hark “baina hori “ondo”/”txarto” dago?” galdera bota zuen zalantzatan, eta kukutxoa egin nion zerrendari. Argitzen hasi nahi eta ez zitzaidan erraza egin item asko zutabearen alde batean edo bestean kokatzea, ez.

Eta une batean ongia eta gaitza apartatzen sentitu nuen neure burua, epaile paperean ustekabean. Norbait neure ebazpenak halako jurisprudentzia emango ziola esperoan zegoen, hark lege idatzi haren gainean eman beharko zuen-eta sententzia beste epaitegi batean, lehen auzialdiko auzitegian seguru asko.

Baina legea konplexua ei da, maila eta ñabardura askotakoa, ezin dena berdin arautu eta epaitu, eta item haien artean aldeak ikusi nituen:

  • Lege gorena, oinarrizko eskubideak edo konstituzioren baten kontrako “gaizkiak” batzuk. Zentzunak ere onartuko ez lituzkeenak. Argi.
  • Eskubide administratiboaren urradurak. Izapide jurdiko-administratiboetan onargarriak ez, baina bizimodu arruntean halako zorroztasunik eskatzen ez dutenak.
  • Delitu eta falta komunak, pena luzea merezi dezakete batzuek, isunik ere ez beste batzuek, beti ere delituaren nork, nori, nor, non, noiz eta nolakoaren arabera juzgatzekoak.
  • Auzi pertsonalak, moralak edo norberaren ideologiaren islak. Inondik inora ere eskubide orokorrak araututakoak, eta sarri bake-epaitegian bideratu beharrekoak, edo “Legearen” mundutik kanpokoak besterik gabe: sinismena, ideiak edo usteen arloko auzi hutsak.
  • Lege-ohitura lokalak, tokian tokikoak, helbiderik eta norabide argirik ez daukan paper batean idatzita.

Hauek guztiak arautegi uniforme batean agertzen ziren, lege-liburuen erreferentzia barik eta arloaren edo larritasunaren arabera sailkatu gabe.

Eta epaileak sententzia guztiak autoritate berdinarekin botatzen dituela, zein den konstituzio, zein den lege sendoa, zein behin-behineko xedapena, zein ohitura eta zein lege-hutsune... ez da harritzekoa izango hiritar etorri berriari hiri berria legez eta arau zorrotzez betetakoa iruditzea, estua, konplexua...

Baina epaileari ez zaio errezagoa lege-iturriak aurkitzea. Arlo bateko lege-arau batzuk ezartzen ditu batek, haren helmena eta eskumenaren gainean bertsio kontrajarriak egoten dira baina nolabaiteko autoritate ofiziala duen bakarra dela dirudi.

Hura ez da bakarra hala ere, ez dago legelarien kolegiorik baina hainbatek autoritatea hartu dutela dirudi: besteak beste ospe zientifiko-literario-soziala, erudizioa, togaren dotorezia, epaiak botatzeko abilezia edo sententziatzeko afizioa izaten dira autoritate-iturri.

Oinarri juridiko printzipal bat ei dago legegintza honetan hala ere: oinarrizko legea hiritarrek eurek menderik mende egin dute eta lege gorena huraxe dela. Baina lege hori ez dago idatzita eta hiritarrak hasi dira segurtasun hori galtzen sarri, legelarien kopuruak eta aniztasunak ez diete asko laguntzen horretan.

Eta zer egin epaileak? Berak epaitu behar ditu hiritar berrien egintzak eta esanak, hiriko biztanle izateko lain diren ebatzi gorago edo beheragoko auzitegietan, eta legearen bidea erakutsi bidenabar. Konplexua epaile-lana, bai. Hiritarren eta hiritargaien epaiketan edo aholkularitza juridikoan beti, eta sarri legegile ere bai.

Toga erantzi barik ibili behar nonbait. Hiritargaiaren obrak onaren edo gaizkiaren zutabeetan kokatu eta kokatu, epaia bota eta hurrengorako gaztigatu. Hiritargaiak "Amen!" normalean, baina erreintzidentzia tasa handia izaten du epaileak, erori eta erori egiten dira, haiek hiritartzerik ez dagoela etsipenaz sinisten hasi arte.

Epailea eta hiritargaiak hirian murgildu dira egun batean, hiritar bizimodua egiten denak maila berean: auzitegiko kafetegian, aurreko parketxoan edo aretoan bertan epai eta epai artean... Hiritargaiak ziudadano ahaleginean eta epailea toga erantzita, txamarraren azpian gordeta egia esanda, epaigintza ez, baina aholkularitza jurdikoa beharko baita segurutik. Eta une horretan konturatu da hiritargai horiek epailea bezainbat iturgina behar dutela ziudadania berrira ailegatzeko.

Ez diote ongiaz eta gaizkiaz galdetu apenas, ez da euren kezka une honetan, badakite inoiz gorago edo beheragoko aretoren batean euren hiritartasuna ebatziko dela, bai, baina hiriko kaleetan dorpe ibiltzen direla eta atasko horietatik irteteko seinaleak eskatzen dizkiote epaileari: "nola esaten da...?" hasten da galdera bat, nahi duen lekura joateko nora jo ez dakiela trabatuta beste bat, kalearen beste aldera pasatu ez pasatu zalantzan beste bat... atasko asko, ugari. Hirian berria zarelarik naturala da hori guztia bestalde.

Mailua atera eta mahaia jotzeko tentazioa izaten du epaileak sarri, baina mailua togaren barruko poltsikoan gorde, mantenu-gelara joan eta desataskadorea hartu du handik.

"Hiri honek iturginak behar ditu" idatzi du sententzia liburuan, "edo prebarikazio gehiago" oharretan.

Argazkia: robo dunny dino. Egilea: mugley. Lizentzia.

Sindikatu edukia