marketing

23
Uzt
2008

Zer ikusten diote euskarari?

Sergio Monge komunikazioan aditua aspaldiko ezaguna dugu Karrajuan eta blogosferan oro har. Ekarpen interesgarriak egin zizkigun ikasturte hasieran euskararen irudia eta euskaltegien publizitateaz, eta orduan zorretan utzi zigun hausnarketa plazaratu du egunotan taller d3 blogean. Bi artikuluotan hain zuzen ere:

Ideia-ikuspegi berri bati bueltak ematen dabilkio Sergio: euskara marka bat da, komunikazioaren aldetik horrela ikusita galdera planteatzen da. Zer dio "euskara" markak? Zer ematen/ekartzen dio "publikoari"? Zer pertzepzio-ideia dabiltza haren inguruan?

Ikerketaren beharra (eta metodologia) planteatzen du azken batean. Aurriritzi, topiko, azaleko pertzepzio asko dabiltza akaso gaur egun, baina azterketa serio eta oinarrituen falta dago nonbait.

Baliteke. Bati entzun diogunetik zenbat bider atera dugu "jendeak dio..." edo "jendeak uste du..." bezalakorik?

Eta analisiarekin batera galdera benetan interesgarria: Zer "marka" nahi dugu euskararentzat?

Azken horretan ez dakit gauzak oso argi izango ote ditugun, baina guk neurri handi batean euskarara hurreratzen den publikoarekin harremanetan lan egiten dugunez pista asko eman ditzakegu hasierako analisi horretarako.

Gure ikasleek (inguruan bizi diren era guztietako pertsonak azken batean) zer ideia-pertzepzio daukate euskararekin? Zer sentimendu? Zelan ikusten dute euskara? Eta euskaldunok zelan ikusten gaituzte?

Sergiok tradizioa, abertzaletasuna eta zorrozkeria aipatu ditu. Beste batek bertokotasuna gehitu du. Nik neuk, geure ikuspegitik, akaso gehituko nuke identifikazioa, sozializazioa, idealizazioa... Ez dakit ba. 

Gogoeta interesgarria edozelan ere. Orain egiteko, edo, publizitatearen oporren ostean nahi baduzue.

PD. Oporretan zelan begiratzen diguten aztertzera dedikatu gaitezke. Wink

Sindikatu edukia