interakzioa

04
Ots
2010

Interakzioaz (2)

Plisti-plasta | 2010, Otsaila 4 - 01:00

Interakzioa eta konektibismoa

Lehengo batean, sarean ez dakit non (hau paradoxa!), Siemensen hitzok topatu nituen:

Google-n bilatu ahal izanda, zertarako behar dugu memoria? Zer esanahi du gaur egun ‘jakin’ aditzak? Zerbait buruan izatea esan nahi du? Ala esanahia klik batera izatea? Nire ustetan, jakiteak sarean ondo kokatua egotea esan nahi du; testuinguruaren arabera, beharrezko ezagutza eskuratzeko behar besteko konpetentzia izatea.

Zerbait kanporatzen dudanean, informazioa da. Norbaitek nolabait informazio hori konektatzen duenean, ezagutza bilakatzen da. Ezagutza funtsean erabilgarritasuna / konektibitatea da.

Lehenengo galderara itzuliko naiz. Google izanda, zertarako behar dugu memoria? horretara, alegia. Oso ondo jasotzen du konektibismoaren ideia nagusienetako bat: jarioaren tutua ezagutzaren oinarrian jartzen duena, hain zuzen.

Baina honela gertatzen al da hizkuntzaren irakaskuntzan?

Bai eta ez. Nire ustetan zenbait geruza ditu ezagutzaren tipulak. Har dezagun ordenagailuaren beraren adibidea. Sinple-sinple esanda, lengoaia-geruza bat baino gehiago bereiz genitzake sakonenetik hasita: makina-kodea, sistema-eragilea eta softwarea dira horietako geruza batzuk. Gizakiaren kasuan, burmuinaren oinarrizko funtzioek eta emozioek osatzen dute oinarrizko geruza; interakzio-sistemek (lengoaiek, hizkuntzek eta bestek) bigarrena eta interakzioak berak hirugarren geruza.

Ezin ahaztu, halaber, sistema konplexu baten aurrean gaudela, geruza hauek etengabe elkar eragiten dutela eta elkarreragin horrek aldaketak ere sor litzakeela geruza bakoitzaren egituran. Alegia, barrutik kanporako ibilbideak daudela, baina baita kanpotik barrurakoak ere.

Nire ustetan, konektibismoak aipatu dugun hirugarren geruza aztertzen du gehienbat, baina zailtasunak ditu beste bi geruzak esplikatzeko orduan.

Gatozen geurera. Onartuko dugu ez dugula buruan gorde beharrik interakzioak berak eman liezazkigukeen zenbait ezagutza-mota. Adibide bat jartzearren, tresna bat erosten dugunean ez dugu instrukzio-liburua goitik behera ikasi beharrik , nahikoa dugu zenbait funtzio ikasi eta liburuxka zein kajoitan gorde dugun jakitearekin. Geruza honetan jartzen du azpimarra konektibismoak eta, zalantzarik gabe, gehiegikeriak gehiegikeria, aurrerapausoa da ezagutzaren eskurapenaren azterketan. Baina hizkuntza ikasten duen ikaslea ez da soilik hirugarren geruza horretan ari. Hirugarrena eta bigarrena ditu helburu, interakzioa ez ezik, interakzio-sistema ere eraiki behar du. Adibideekin jarraiki, instrukzio-liburua ulertzeko berak ezagutzen duen hizkuntzaren batean idatzia egon beharko du, bestela alfer-alferrik gogoratuko du zein kajoitan dagoen gordeta.

Honetan du ajea konektibismoak (dena den, ez dezagun ahaztu oraindik orain eraikitzen ari den teoria-corpus baten aurren gaudela).

Ageriko ondorio gisa: hizkuntza ikasteko, interakzio-sistema eta interakzioa bera, biak ala biak, dira ezinbesteko. Hain agerikoa al da aipatutako ondorioa?

02
Ots
2010

Interakzioaz (I)

Plisti-plasta | 2010, Otsaila 2 - 01:00

Interakzioa eta iterazioa

Lehengo batean lanera joan aurretik gosari-legea egiten ari nintzela, zientzialari bat ari zen sukaldeko irratian zenbait galderari erantzuten. Haren erantzun batek kendu zizkidan loaren azken arrastoak. Esatariak munduak azken 100 urteetan egin duen aurrerapenaz galdegin zion. Zientzialariak urteotan ezagutza izugarri hazi dela erantzun zion, aurreko mende askotan baino gehiago. Hazkunde horren arrazoia ere argitu zuen: interakzioa. Interakzioa da, beraz, ezagutzaren hazkundearen lehengaia.

Goiz horretan nire gosariak ohi baino azukre apur bat gehiago izan zuen.

Pentsatzen jarrita, azter dezagun giza-talde, pertsona edo erakunde baten interakzioaren kantitatea eta kalitatea eta beronek, ziur aski, emango digu bere egoeraren eta aurrerapen-gaitasunaren neurria.

Pentsatzen jarrita, azter ditzagun Benitok azken hilabetean jarritako zenbait mezu: Komunitatea?. Zaindariaren karga. Atazaute. Etorriko dira berriak. Topikoak edo.

Ez al gara guztiotan interakzio-arazoak aipatzen ari?

Zenbaitetan, ez al gara euskaltegietan interakzioa iterazio huts bihurtzen ari?

Sindikatu edukia