elkarrizketa

29
Urt
2012

Elkarreraginaren garrantziaz (II)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 29 - 18:59

Jarraian duzue aurreko sarreran agindutako adibidea. B2ko azterketa batekoa da, pena ezin dudala audioa erabili (baimen arazoak izan nitzake). Hala ere, baliagarria izango zaizuelakoan, hona:

Elkarrizketaren eskema

(klikatu gainean handiago ikusteko)

Elkarrizketaren azterketarako txantiloia: zuzenak eta  okerrak

Zuzen

  • Elkarri entzun diote.
  • Ikuspuntua azaltzerakoan kontuan izan dute solaskidearen iritzia.
  • Arestian aipatutakoa kontuan izan dute. Adibide baterako, Jonek hitztarte batean ‘ez hori bakarrik…’ esan dio solaskideari.
  • Saiatu dira, nolabait, komunikazio-hutsak konpontzen. Elkarri txandarik apenas eman diotenez, bestearen jarioa eten behar izan dute. Jonek gaiaren barruan mintzabide berriak zabaldu ditu [jolasak eta osasuna/ jolasak eta jolasguneak (herria/hiria)].
  • Biek ala biek jarrera aktiboa izan dute elkarrizketan.
  • Modalizazioa egokia izan da. Nabarmenena mutilak umorea erabili duenean.
  • Ez-hitzezko elementuak baliatu dituzte (keinuak, irribarreak…). Erritmoa onargarria izan da eta Anek oso ondo erabili du doinua, baita modalizatzeko ere; horrela adierazkortasun handia lortuz.
  • Ez dute intseguritate handirik erakutsi.
  • Ideia nagusia argia da.
  • Erregistro egokia.
  • Birformulazioa erabili ez badute ere, besteak esandakoa norbere diskurtsoari atxikitzeko gaitasuna erakutsi dute.

Oker

  • Ez dute egoki adierazi gaiarekiko abiapuntu-jarrera. Norbere abiapuntutik abiatu beharrean, Anek galdera batekin ekin dio; bere abiapuntuari uko eginez eta mutilarena erabat baldintzatuz. Honela, jostailurik aproposenari buruz aritu beharrean: ‘Zer gustatzen zitzaizun jolasteko?’ galderatik abiatu dira.
  • Ez dute jakin hitz egiteko txandak kudeatzen. Bestearen jarioa eten behar izan dute gehienetan, zerbait esan ahal izateko.
  • Baliteke neskak solaskidearentzat desatsegin samarra izan den diskurtso modua erabili izana: abiapuntua eragozteagatik, bestearekiko behar besteko elkarkidetza ez erabiltzeagatik, mintzabideak ez zabaltzeagatik…
  • Ez diote beti argudiobideari behar bezala eutsi: zauriei buruzko digresioa luzeegia izan da.
  • Jarioari dagokionez, gauza bitxia gertatu zait. Izaten dira, bada, ilusio optikoak, non kolorearen edo kokapenaren arabera borobil edo laukiren batek beste batek baino handiagoa dirudien (nahiz eta berdinak izan). Bada, horrelako zerbait gertatu zait: hasiera batean Anek Jonek baino askoz denbora luzeagoan hitz egin duela iruditu zait baina neurtu eta konturatu naiz ez dela horrela izan: mutilak 1’49’’ / neskak 1’ 57”. Horrek eraman nau pentsatzera zer-nolako garrantzia duen elkarreraginean  jarioak eta ideia/informazio-emariak (kantitateari zein kalitateari begira). Anek Jonen antzeko denbora erabili badu ere, hitz kopuru handiagoa igorri du eta horrek, nahiz eta berbaldia elkarreraginaren ikuspuntutik kalitate eskasekoa izan, mutilak baino askoz gehiago komunikatu duela pentsarazi dit. Baina sakonago aztertuta oso zalantzazkoa da baieztapen hori. Izan ere, jarioaren osagai garrantzizkoak dira automatismoak eta horretan gabezia dezente erakutsi ditu Anek. 
  • Argudioen kalitatea ez da nabarmentzeko modukoa izan. Dena behar alor honetan.
  • Ideia nagusian biak ados egon direnez, ez dute errefusa gaitasunik erakutsi.
  • Ez dute gehiegizko errepikapenik egin eta esaldiak ez dira solte geratu baina oso oinarrizko kohesioa erabili dute. Eta batzuetan txarto (‘ze herri batean bizi gara’ –mutilak-). Neskak bizpahiru aldiz erabili du modu okerrean  ‘hori’ erakuslea esaldiak kohesionatzeko, gaztelerazko kohesio elementuren bat ere erabili du (es que…).
  • Aberastasunari dagokionean, oinarrizko hizkuntz baliabideak erabili dituzte gehienbat, baina adierazi nahi zutena adierazteko behar bestekoak, lexiko akatsen bat salbu (ez dakit nola esaten den ‘cicatriz’).
  • Zuzentasunean: ez dute autozuzenketarik erabili eta oinarrizko akats askotxo egin dituzte, Anek batik bat (ez du egoki monitorizatu bere jarduna). Hara:
 Ane  Jon
  • Txikitan zer gustatzen zitzaizun jolastu/jolastea?
  • Es que gogoratzen dut txikia nintzenean egun osoan egoten ginen kalean.
  • Orain ikusten dut parkeak eta badaude umeak Nintendoarekin jezarrita.
  • Batzuek besteei ez borrokatzen edo jolasten.
  • Hori da, ba hori, etxean geratzen bazara eta ez daukazu beste pertsonarik.
  • Ni umeekin lan egiten dut.
  • Hori da ere.
  • Ez dago arriskutsurik
  • Kaleetan jolastea nahiago nuen.
  • Bideojokoak eta gauza horiek ez zitzaidan asko gustatzen.
  • Ume bat zauri bat egiten badu ospitalera joaten dira.
  • Zikatriz asko dauzkat.
  • Onartu behar dut zorte handi eduki dugula, ze herri batean bizi gara. Hori askatasun asko ematen du, orduan zorte handi dauzkagu.

 

 

 

 

 

Sindikatu edukia