08
Mar
2010

Rith 2010 - Baile Átha Cliath - Patrick Street - 382

Azken aste-hileotan albiste dosi txikiak eman ditugu, baina bihar da eguna: Rith 2010 hasiko da Belfasten, eta Saint Patrick egunez Galwayra heldu arte ibiliko dira irlandarrak karraderan gaelikoaren alde. Bai, asmatu duzue, Korrikaren bertsio irlandarra da abian. Euskal Herritik ideia hartu eta eurenera eraman dute, lekuko, kantu eta guzti.

Eta Korrikak bezala Rith honek irlako ahalik eta herri, hiri eta eskualde gehienak lekukoaren lekuko izatea nahi du, eta bistan da Dublin hiriburua ez dutela alde batera utziko, ez, eta Dublinen karreraren giroak izango duela mugarrietako bat.

Ba, irlandar hauek ez dira esker txarrekoak, eta inbentoaren inbentoreoi dedikatu nahi izan digute kilometro bat: 382.a, Korrikaren eta Euskal Herriaren kilometroa. Patrick Street-en.

Ez ditut Irlanda eta Dublin ezagutzen, baina John Ford-en filmetatik eta bestetik, barruntatu dezaket Dublineko Patrick Street ez dela izango hiri-bazterreko errotonda tristea izenen bat ipini behar zitzaiona. Eta bertan badago Saint Patrick katedrala, ba, kale hori kale-kantoia baino apurtxo bat gehiago dela pentsatuko dut.

Gonbidapena luzatu digute irlandarrek euskaldunoi beraz, euren karrera nazional horretan Dublineko San Patrizioren inguruan lekukoa eramateko gonbitea. Han egongo dira AEK-ko lagunak oratzeko prest, eta zuetako inor han badabil, edo ibiliko bada, edo ibili nahi balu, edo low cost hegaldia hartzeko sasoian badago, edo euskalduna izanda atzerrian kilometro bateko gloria zer den dastatu nahi badu, edo euskaldunok koadrila batzeko zelako abilidadea daukagun erakutsi nahi badu, edo han egoteko egon daitezkeen hamaika mila arrazoietako baten jabe bada, edo deskribatu dugun profil horretan sartzen den inor ezagutzen baduzue, badakizue.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia