Sarea pil-pilean dabil. "Pil-pilean" esamoldea bero-bero, gori-gori ulertzen dute askok. Pil-pila inoiz prestatzen saiatu denak badaki bakailaoa suabe-suabe, apurka-apurka egin behar dela, berakatzak, olioak eta gelatinak bat egin dezaten orduak behar dira, eta lapikoari pazientziaz eragin eta eragin. Ez gabiltza patatak olio beroaren txir-txirrean frijitzen, ez.
Interneten fast food-a topatzen dabilenak etsipena aurkitzen du berehala horrela. Borborkadak han eta hemen irteten dira, zarata handi barik, pok! ozenagotxoren bat entzungo duzu inoiz baina lapikoari eragiten jarraitu behar da etengabe behar den moduko bakailaoa jango badugu.
Bakailaoa jateko moduan egon dadin buelta batzuk falta dira oraindino. Baina olio epeletik hiru burbuila klase ikusi ditugu azkenotan, behin baino gehiagotan:
- "La educación puede ocurrir en cualquier momento y en cualquier lugar"
- "Merkatuak elkarrizketak dira"
- "...el imperativo cambia de “preservemos las instituciones actuales” a “hagamos lo que haga falta para que funcione”"
Azken egunotan berriro entzundako kontuak izan dira, ez dira berriak hemen. Eta guri zer? esan du honez gero batek baino gehiagok.
- Euskara ikastea toki, pertsona eta ordu tarte batean baino ez da gertatzen ezta? Bestela bada, badakigu, ez da gure ardura.
- Hizkuntza komunikazioa bada, hizkuntza ere ez da elkarrizketa, jarioa, joan-etorria, hartu-emana, elkartrukea, mogimendua? Eta ikastea?
- Zer nahi dugu, ikastea ahalbidetu ala ikas-instituzioak mantendu?
Txapelketako bakailaoa esperoko du baten batek, basi-basi egiteko moduko saltsarekin konformatuko gara beste batzuk. Segituko dugu ligatzen.



jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Txuri ala beltz, on ala txar... dikotomia eta muturreko sailkapen manikeisten zale ez banaiz ere, batzuetan errealitatea ispilatzeko modu errazak dira. Akatsa aitortuta, eragin diezaiogun apur bat kaxolari.
Hara, nire ustetan badira ikasteko modu bi. Batak hedapena du joera; besteak, aldiz, uzkurdura.
Ikasle batzuek hizkuntza edo beste ezein gai jorratzen dutenean, inguruari begiratu eta eskola edo euskaltegia ez ezik, inguruak berak ematen dizkien aukerez baliatzen dira ikasten jarraitzeko; are, ikasitakoa beren bizitzan integratzen dute eta ikasitakoaz baliatu egiten dira norbere hazkunderako.
Beste ikasle batzuek, ostera, bereizi egiten dituzte 'bizitza akademikoa' eta 'bizitza erreala', bien arteko hormak eraikitzen dituzte, bizitza akademikoa eskolako edo euskaltegiko denborara, espaziora eta harreman-sarera mugatzen dute. Esparru itxiak sortzen dituzte: lana-ikasketak/ familia-aisialdia... eta ez dute nahi izaten lanaren eta ikasketen adarrak inola ere beste esparruan sartzerik.
Hedapenezko ikasleei dagozkie gehienbat: ikaskuntza, sarea (eskola barne), autonomia, barne-motibazioa, elkarrizketa, erabilera eta etengabeko ikaskuntza.
Uzkurdurazkoei: irakaskuntza, eskola,kanpo-motibazioa, bakarrizketa, ezagutza eta ikaskuntza etena.
Ez naiz ni hemen hasiko esaten zein jarrera den zilegiago. Badakit hedapenezkoak ikaskuntza egokiagoa ahalbideratzen duela baina badakit, halaber, askoz zailagoa dela horrelako jarrera izatea. Hamaika arrazoi tartean: kultura mailakoak, egoera sozio-politikoari dagozkionak...
Irakasleok, beraz, prest egon behar dugu ikasle mota batzuei zein besteei erantzuteko, baina horretarako ondo aztertu behar dugu zein izango den gure jokabidea.
Hanburgesa nahi duenari pil-pila prestatzen irakatsi? Pil-pila nahi duenari ere hanburgesa eman? Hanburgesa nahi duenari hanburgesa eman? Biei legatza saltsan?
Erantzun zuzenik eta argirik ez daukat, baina gaur gaurkoz beti antzeko platerak prestatzen ditugulakoan nago. Alegia, gure errezetan osagai asko sartu behar ditugulakoan: aniztasuna, malgutasuna, pazientzia, emozioak,jolasa, bizitza erreala... Eta xuabe-xuabe, apurka-apurka eragin (ardo tragoxkaren bat ere beharko dugu, ba!).