22
Aza
2008

Jardunaldi akademikoa

HABEren 25. urteurrenekoak ez ziren amaitu San Martin egunean Kursaalen. Ekitaldi harez gain, jardunaldi akademikoa egiteko asmoa ere egon da. Eta hala egingo da datorren ostiralean, azaroak 28, Bilbon Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, goizeko 9etatik bazkalordura arte.

Duela gutxi irakurri diot baten bati halako ekitaldi publikoetan interesgarriagoak izaten direla a posteriori kontatzen direnak a priori egiten diren deialdiak baino. Konforme nago neurri handi batean, eta kasu honetan areago. Izan ere, deialdia euskaltegietan zabaldu da eta, esan didatenez, dagoeneko izena eman dutenekin aretoa bete egin da. 100 lagun inguru. Beraz, alferrik ibiliko gara propaganda egiten.

Lastima, 100 lagunek baino ez ditugu entzungo (azkenengo reengantxe batean kolatu nautela uste dut) Josu Peralesek ikasprozesuaren azterketaz emango dizkigun datuak eta ondorioak, edo euskaltegietako ordezkariek ikas-prozesua hobetzeko dituzten ideiak eta proposamenak.

100ek izango dugu aukera  HABEko zuzendariaren eskutik erakundaren egitasmoen berri izateko. Elkarrizketa batean azaldu zituen duela aste pare bat, eta egitasmoen zerrendarekin batera, egitasmo horiei lehentasuna emateko bidea eta arrazoiak entzutea interesgarria izango da duda barik.

Eta 100 lagunen aurrean paratuko dira autoikaskuntza eta ikaskuntza konbinatuaren aukerak eta bideak aztertzen  ibili direnak; ondorioak, ideiak eta gogoetak plazaratzen.

Ez dakit jardunaldi akademikoa zergatik antolatu den horrela. Bilbon berton areto eta bilgune handiagoak daude. Baina, tira, HABEren misterioak argitzeko ahaleginak egundoko galbana ematen dit, eta alferrik izaten da gainera.

Ondorio bat dakar horrek hala ere: han botako direnak garrantzizkoak dira euskalduntzearen munduarentzat, duda barik, eta bertora joango garenok ardura izango dugu ondorioz geure lankideei haren berri eta iritzia emateko, baita datozen hilabeteetan geure erakundeetan haren gaineko gogoetak bideratzeko ere.

Bitartean -baten batek kontakatiluen kategorian sartuko gaituen arren- frikimedio minoritario hauetan gabiltzanok ere "partea" eman beharko dugu. Ez da derrigorrezkoa, badakit, baina bizioa hartuta gaude batzuk, eta sentitzen da, baina...

---

Erremateko galderak inork erantzuteko esperantza galduta daudenak: Wifia egongo da han? Badaki inork zelan egiten den korbataren korapiloa? Hamaiketakoa egongo da? Meza zutunik entzun beharko du inork? Egia da HABEk halako gehiago egiteko asmoa daukala? Halako jardunaldi gehiago egin behar direla uste dugu? Nahi dugu?

Buzoarekin joango naiz

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Azaroa 22 - 17:53-(e)an bidalia.

Ni bai, behintzat. Korbata nire ezkontzara ere ez nuen eraman. Beraz, atera kontuak!

Pintxorik ez dakit egongo den, baina egotekotan Kursaalekoek baino sustantzia gehiago izatea espero dut.

Momentuz, daukagun aukera hau aprobetxatu beharra dugulakoan nago. Honen harira etorriko hal dira etorri beharrekoak. Behintzat duela urte batzuk egin ziren topaketak berreskuratzea ez da ideia txarra. Nik dakidala bizpahiru urtez jarraian egin ziren UEU, AEK eta udal euskaltegietako irakasle batzuen ekimenez. Aktak eta guzti atera zituen UEUk liburu batzuetan. Harrez gero eten egin zen ohitura izatera ere heldu ez zen ekimen interesgarria. Espero dut aurtengoak segida izatea. Nola? Aurreko urtekoa hobetuta, dudarik gabe.

Buzoarekin? Kontuz!

Benito-(e)k 2008, Azaroa 22 - 21:55-(e)an bidalia.

Aitor, leku gutxi dago, eta buzoa jantzita bazoaz baten batek mantenimientokoa zarela pentsatuko du eta igual ez dizute sartzen utziko, edo txarrago, zeozer konpontzen ipiniko zaituzte. Jantzi apur bat "casual" sikieran. Tongue out

Jardunaldiak berreskuratzearena, ba, ez dakit.

Alde batetik argi dago gure sektore honek foroak behar dituela, une honetan ez daukagu ezer, gainera, gogoratzen dut UEUren jardunaldietan jendea apuntatu egiten zela, interesa dagoen seinale.

Beste alde batetik baina, apur bat eszeptiko nabil, arrazoi desberdinengatik. Bat, ez gaude ohituta halako foro formaletan jarduten (hizlari gisa esan nahi dut) eta kostatzen da ausartzea ere, zerbait informalagoa beharko litzateke akaso. Beste bat, UEUk utzi zionetik ez dut berreskuratzeko interesik edo proposamenik nabaritu, ez HABErengandik, baina, eta hau da kritikoena, euskaltegien partetik ere ez. Azken bat, irakasleak lanez lepo dabiltza, eta zaila izaten da tarteak aurkitzea, eta irakasleek parte hartzeo animoa izatea ondorioz.

Edozelan ere, HABEtik hau ez dela azkena izango esaten omen dabiltza. Ikusiko dugu ba!

Badaezpada

Aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Azaroa 23 - 11:54-(e)an bidalia.

Badaezpada karpeta eta libururen bat eramango dut, nahas ez nazaten.
Egia esan, harrituta naukazu, Beni: zure suskripzio edo harpidetza-sistemari (delicious, blognlines... edo dena delakoa) emakumezkoen poltsaren itxura hartzen diot: denetarik aurki daiteke bertan!

Jardunaldiez, a priori / a posteriori

Luistxo (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Azaroa 25 - 11:36-(e)an bidalia.

Han-hemenka aipatu izan dut kontu hau; jardunaldiez a-posteriori zein gutxi kontatzen den. Sustatu.com-era ere, zenbatek bidaltzen dituzten honako topaketa, hizketaldi edo mintegiaren oharra. Beti esperantzarekin aretoa ez dela hutsik egongo, Sustatuko ohar horrek audientzia 20 lagunetik 25era igoko duen itxaropentsu.

Bai, a-prioriko propaganda hori behar da. Baina, gero, kronikarik edo materialen argitalpenik gertatzen ez dela ikustean, galdetzen diot neure buruari: bueno, zein zen kontu honen benetako interesa? jardunaldia zen notizia eta aretoa txukun betetzea helburua?

Ez ote luke notizia izan behar jardunaldian esan dena, eta helburua haren zabalkundea?

Halakoak kontatzeko edo zabaltzeko gogoa sortzen ez zaigun bitartean, ez dugu blogosfera edo sareko komunikazio osasuntsurik izango euskaraz, nire ustez.

Bestalde, iruditzen zait, antolatzaileen ikuspegitik ere, askoz mesede handiagoa egingo diela a-posterioriko kronikekin hornitzea bazterrak, beren jardunaldietan zein gauza interesgarri esaten diren zabaltzea, ezen ez berriro aretoa betetzeko antsietate horretara itzultzea.

Onurak

Benito-(e)k 2008, Azaroa 25 - 12:47-(e)an bidalia.

Bai, Luistxo, gustatu egin zitzaidan zurea irakurri nuenean. Zuk diozun modura, onuragarria izango litzateke antolatzaileentzat halakoen berri "a posteriori" ematea, baina ez soilik ospe edo marketing kontuengatik. Zuk ekarri dituzun arrazoiei pare bat gehituko nieke:

  1. Jardunaldi horietan esan dena jende gehiagorengana ailegatzeko modua da. Bertaratu direnenez gain, hainbat jenderen eskura ipintzen da ezagutza.
  2. Jardunaldiekin sarri zabaldu nahi diren hausnarketak edo prozesuei segida emateko modua da. Entzun-esan dena iruzkindu, baloratu, azaldu, berprozesatu eta bideratzeko lana egin daiteke blogosferan. Askotan halakoetan oso gauza interesgarriak esan direla, hizlariak ikaragarriak izan direla baina gauzak horretan geratzen diren sentsazioa geratu ohi da.

Blogosfera eta internet halako hausnarketa eta prozesuen tresna eta kanal osagarri gisa ikustea eskatzen du honek guztiak, ez soilik iragarki-taula.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia