11
Mai
2009

Elkarrizketa, politikariak eta hizkuntza

Tema eduki dugu egunotan politikariek euskara jakin behar duten, zenbat jakin behar duten, ikasi behar duten eta abar. Gaur berton Soitun irakurri dugu zerbait (mersi Jozulin).

Euskara jakitearen alde argudio bat nagusitzen dabil: politikariaren itzala, eredugarritasuna eta hiritarrekiko errespetua. Ez dut argudio horri kontra egingo, inondik inora ere ez. Baina beste hari batetik tiratu nahi nuke bipuntuzerismoa, komunikazioa eta halakoei buelta pare bat emanda.

Web2.0 eta bere inguruko ideiak zabaldu zirenetik hitz bat dabil han-hemenka askoren aho-idatzietan: elkarrizketa, berriketa, solasaldia... (conversation alegia). Cluetrain manifestuan hasita, bipuntuzerismoaren ideologo askoren testuen tag cloud-a egingo bagenu hizki handiak hartuko lituzke berba horrek duda barik.. "Merkatuak elkarrizketak dira", "Internet elkarrizketa bilakatu da" eta halakoak.

Bai, web soziala deitu zaio oraingoari  (hurrengoaren esperoan). Soziala kontzeptuak pertsonen arteko elkarreragina esan nahi du seguruenik, komunikazioa, eta hizkuntza ei da klabea pertsonen komunikazioan, eta ondorioz gure bizi-jardun guztian. Felipe Zayasek adibidez lehengo egunean zirriborratu zigun konpetentziak eskuratzean eta garatzean hizkuntzaren papera eta pisua zein izan daitekeen.

Orduan, web2.0ak sozializazioaren tresnak ekarri baditu Internetera, pentsatu beharko dugu azken batean bizimodu "fisikoan" ere berdin gertatzen dela: elkarrizketa da gure bizitza, etengabeko hitz-trukea, elkarreraginean egiten dugu igeri behin eta berriro. Eta tartean hizkuntza.

Ez dakit Politika2.0 ekimena ezagutzen duzuen. Duela hilabete batzuk hemengo blogari batzuek politikan partaidetza, irekitasuna eta, seguruenik, "elkarrizketa" sustatzeko ipini zuten martxan kontua. Ez dut gertutik jarraitu eta ez dakit zer balantze egiten duten partaide guztiek. Edonola ere, Julen Iturbe-Ormaetxeren blogean hangoaren harira (suposatu dut) gogoeta hau aurkitu nuen (azpimarra nirea):

Un político depende en exceso de su gabinete de comunicación. Me temo que no es capaz de moverse en el terreno de lo público si no lo hace con elevadas dosis de cosmética. Para que un político conversara como persona debería acudir sin la parafernalia del sistema. Y hoy en día no se atreve y quizá ni puede.

Bizitza elkarrizketa da, elkarrizketarako hizkuntza ezinbesteko tresna, hizkuntzak komunitatea eratzen du, komunitatea elkarrizketan bizi da orduan (ezta?).

Komunitatearen hizkuntza ez dakien politikariak -bistan da- komunitatearen elkarrizketaren partaide izateko oztopo serioak ditu. Baina tira, politikariek oro har elkarrizketan murgiltzen ez badira ausartzen, edo ez badute nahi izaten, arazoa ez da hizkuntza izango nonbait. Eta politikaria parafernaliaren eta irudiaren esklabotzan bizi bada, hizkuntzarekin gauza bera gertatuko da: parafernalia-hizkuntza baino ez du bereganatuko seguruenera.

Galderak geratzen dira azkenean: Politikariek gure elkarrizketan partaide izan nahi dute benetan? Hizkuntza honetan gertatzen den elkarrizketan ere bai?

  • PS. Politikariak hartu ditut subjektu, baina egia esanda hiztegi zabala dugu esaldi horretako subjektuaren lekuan ipintzeko.
  • PS2. Bistan da hizkuntza jakite soilak ere ez duela solasaldian partaidetza derrigor ekartzen. Konpetentzia linguistikoa baino gehiago eskatu beharko da? (eta ez nabil gaitasun komunikatiboaren deskribapenetan agertzen diren gainerako gaitasunengatik: diskurtsiboa, estrategikoa, soziolinguistikoa... soilik)
  • PS3. Eta hizkuntza ikasi beharraz ari bagara, gure elkarrizketan jardutearren ikasten dute benetan? Gurekin jardun nahi dutela planta egiteko sikieran?

Argazkia: talk. Egilea: derpunk. Lizentzia.

Politika 2.0

Luistxo (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Maiatza 11 - 15:25-(e)an bidalia.

EAEn ikusitako Politika 2.0 delako horrek izen ekibokoa izan du hasieratik: Política 2.0 eta punto. Erdaraz pentsatutako bipuntuzerismo delakoak ez dio ezer ekarriko euskaldunei.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia