06
Aza
2010

Bipuntozero gara aspaldian?

Jendea sare sozialetan enredatzen hasi denetik blogak hilda ei daude. Blog honek azkenotan izan duen aktibitatea ikusita diagnostiko onik ez luke izango, ez. Baina gaixo honek ez du epidemiarik ekarri, eta badira munduan irakurri eta alegratzeko modua ematen duten blogak oraindik ere.

Hizkuntzen irakaskuntzaren esparru zabalean eta gaztelaniaren ikas-irakaskuntzan (ELE deitzen duten horretan)  zehazki, JRamónELE da horietako bat. Gogoeta didaktiko interesgarriak, originalak eta praktikakoak sarri, hausnartu, motibatu eta ikasteko abiapuntu ona. J. Ramón Malaga Sí eskolako zuzendari akademikoa da, irakasle eta materialgile lanetan ibilia, baita irakasleen prestakuntzan ere. Eta blogean bere lanarekin lotutako ideiak, hausnarketak eta proposamenak jorratzen ditu, blogari onen estiloan: labur, argi eta gertutasunez.

Gaur hain zuzen ere post dotorea ekarri digu: Características 2.0 de un profesor de E/LE.

Gogoeta original eta grafikoa. Web2.0 (honez gero hilda behar lukeen beste bat) kontzeptuari buelta eman, eta, sarri egin den ez bezala, 2.0 irakaslea eta 2.0 zerbitzuen zerrenda grafiko-diagramiko estentsiboa egin beharrean, kontzeptua bera eta irakasle baten papera alderatu ditu, eta grafiko argigarri honetara ekarri.


Eta grafikoari kolpe hasi eta lehenego ideia. Web2.0 kontzeptuan ez daude bada aspaldian irakaslearentzat aldarrikatzen diren hainbat rol eta gaitasun berberak? Asmakizun berri(tzaile)a ei zena aspaldiko ideia dela esan liteke:

  •  Web "soziala". Irakaslea ere "soziala" da, baita beraren papera eta lana ere. Ikaslea inguru sozialean diharduen pertsona da, besteekin elkarrekin atazak egiten dituena, besteekin eta "besteei" ikasten diena, afektibotasunaren porlanak finkatzen duen giro batean dihardu, sare sozial bat ehuntzen dituen harietako bat da, eta hizkuntza giro eta inguru horren tresna sozial nagusi bezala erabili eta ikasten du.Eta irakaslea ere "sozietate" horren bazkide eta agentea da.
  • Elkarrizketa, solasaldi handia. ikasleekin jositako sare hori ehuntzen du haiekin hartu-emanean, elkarreraginean; sakea egin,  pilota jaurti, jaso eta bueltan jaurti. Etengabeko solasaldi batean dihardu, hamaika feedback klase tratatu eta haiekin jokoa berregin, egokitu...
  • Sinpletasuna, argitasuna. Argi azaldu eta argi jardun. Ideiak eta gauzak eskuragarri egin, dosi txikietan, gradual, egunez egun apurka-apurka gehituz. Diskurtso eta ideia konplexuak galbahetik pasa eta dosifikatu, hurreratu.
  • Remixa. Eduki eta formatuen aukera desberdinak aintzat hartu eta josten ditu. Ideiak jaso eta testuingurura ekarrita josten ditu soineko berri baten forman. Hizkuntzaren lagin errealak jaso eta tratatzen ditu. Ez da mugatzen espazio eta formatu estandarretara, betikoetara, aukera guztiak aintzat hartzen ditu. Ez du bilatzen erabateko originalitatea, baina edukiak jaso eta nahasteko ohitura eta gaitasuna du.
  • Edukia. Benetako zerbait esatea edo entzutea, edo benetako zerbaiten gainean jardutea bilatzen du. Hizkuntza bera ere benetakotasun horren menpean nahi du, komunikazioan zer den jakin nahi du, komunikazioaren edukiekin zer lotura duen unean-unean
  • Beta iraunkorra. Inoiz ez da perfektu sentitzen, beti dago bertsio-berritzearen beharra, kontzientea da horretaz, larritu gabe baina konformatu gabe. Hobekuntzarako bidea edonondik zabaldu daiteke. eta ate-begi guztiak ditu irekita. Praktikan probatu eta aurkitzen ditu erroreak eta arteztu beharrekoak.

J.Ramónen grafikotik boteprontoan datozen burutazioak izan dira horiek. Bipuntuzerismoaren beste ezaugarri batzuk ere jorratu litezke agian: partekatzearen kultura, gardentasuna, pertsonalizazioa eta abar.

Esango duzue hori ez dela irakaslearen eredu klasikoa, ideia tradizionala. Ez, ez nuke hori esango neuk ere, baina irakaslearen 2.0 ezaugarri horiek, ez dut uste web2.0k ekarri dituenik ere, lehenagotik ari gara horietako askoren aldarria entzuten. Eta esango nuke aspaldian direla  hizkuntza-irakaslea deskribatzeko eredu politkoki zuzena. Badakizue, praktikan jartzea kostatu arren, edo harekin kontraesan garbian egon arren, aldarrikatu behar den hori.

Ez diet nik kontra egingo, ez, aitzitik, bide ona erakusten dutela uste dut, eta gainera askotan berba potolo-anbiguoen atzetik zehazki zer dagoen ulertzea kostatzen bada, akaso web2.0 horrek ekarri duenari kuku egin diezaiokegu, ideiak ulertzen eta aplikatzen lagunduko digun adibideren edo argibideren bat aurkituko dugu beharbada.

Irudia. J.Ramón Ele. Lizentzia: cc-by-nc-sa

2.0 Hizkuntza Irakaslea

Ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Azaroa 6 - 11:37-(e)an bidalia.

Bat nator hausnarketa horrekin: web 2.0rekin lotzen diren ezaugarri horiek nahiko errotuta daude hizkuntzen irakaskuntzan eta, ausartuko naiz esaten, bereziki euskararen irakaskuntzan. Baliabideetan ditugun eskasiek bestelako bideetara bultzatu gaituzte eta remixak (zenbaitetan oso pobreak, aitor dezagun), sinpletasuna, argitasuna eta beta iraunkor horretan mugitzen trebeak gara.

Beharbada horregatik ez dugu hain beharrezko sentitzen IKT tresnak erabiltzea, ez baitute "behar bat asetzen". IKTak erabili gabe ere, gai gara aipatu ezaugarriak garatzeko. Baina ez nago oso ziur horregatik izango den.

Alde batetik, tresna hauei benetako etekina ateratzeko bada hitz gako bat: ELKARLANA. Euskaltegietako hormak bota eta sareak eraikitzea, trukeak egitea, bai materialenak, bai ideienak, bai ikasleenak. Zoritxarrez, hori ez da gertatzen ari eta oso kezkagarria da, hain sektore murritza eta baliabideetan eskasa den honetan.

Bestetik, teknologia bera oraindik arazo da. Tresna desberdin asko erabiltzeko trebezia behar da, tresna horiek ulertu eta ikas-prozesuan proiektatu. Konfiantza izan behar da eta ikasleek ere gogoa izan behar dute erabiltzeko. Horrek badu bere kostea, formazioan eta azpiegituretan, eta ikasle-bezeroak ongietorria egiten ez badie, zalantzagarria da halako inbertsiotan sartzea.

Nolanahi ere, orain urrun samar nabil euskaltegietatik eta agian gauzak aldatu dira. Zuek esango didazue erratuta ote nabilen...

Sare sozialak

Benito-(e)k 2010, Azaroa 6 - 14:11-(e)an bidalia.

Helduen euskara irakasleen kasuan irakaslearen eta ikas-taldearen ikuspegi "sozial" hori aspaldian dabil hor nire ustez, kasu askotan behintzat. Ikastaldea sare sozial txikia bihurtzeko ahalegina esan nahi dut, eta lortu ere lortu ohi dela uste dut. Hizkuntza sare sozial hori ehuntzeko orratza, eta hizkuntza ikastea haria, intereseko gaia nonbait. Beharbada sare horiek euskararen oihal zabalean jostea izan daiteke oraingo erronka, sare txiki horiek euskaldunok osatu beharko genukeen makrosarean integratu. Eta beste erronka bat akaso, orratzetatik josteko makinetara ekartzea izan daiteke, sare horiei teknologia eta bitarteko berrietan jartzea.

Ikaslearekin lortzen den saretze hori bestalde, irakasleen artean ez da hain erraz gertatzen, kontu profesionalei begira behintzat. Eta akaso hor bipuntuzerismoaren beste ezaugarrietan dugu akatsa: partekatzearen kultura, norbera edukien sortzaile, remixgile eta hedatzaile izan eta agertzea, lanaren ikuspegi baikorra, norberaren esperientziaren balorazioa eta irekitasuna, diskurtsoaren sinpletasuna eta laburtasuna ... Ikaslearekin jokatzen den paper sozial hori irakasleen artera eta kontu profesionaletara ekartzea da nonbait. Alegia, lanaz hitz egitea, esperientziak eta ideiak konpartitzea eta hausnarketa kolektiboa bideratu eta dinamizatzea falta zaigula esango nuke. Halako akademizismoa, norberaren lanarekiko segurtasun falta eta edukien ikuspegi itxia izan daitezke horretarako oztopoa.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia