07
Aza
2007

Artzainak eta pastoreak

Zarata zabaldu da Wall Street Journaleko Keith Johnsonek idatzi duen Basque Inquisition: How Do You Say Shepherd in Euskera? artikuluarekin.

Atzo jakin nuen artikulua argitaratu zela, Tiraka blogetik hain zuzen ere. Artikulu hori agertuko zela aurretik ere banekien baina. Keith Johnson hori gurean ibili zen duela aste batzuk batekin eta besteekin berbaz, neurekin ere bai. Eta dirudienez beste hainbat jenderekin ere egin ditu elkarrizketak. Ez dakit denok sartzen ote garen "local idiots" kategorian, baina askori memelo aurpegia geratu bai.

Harrituta geratu da hemengo jendea han esandakoak irakurrita. Johnson hemen ibili zen egunetan interesatuta eta jator-jator ibili ei zen, eta badakizue, erraztasun handia daukagu urruneko norbait horrela datorrenean emozionatu eta ia etxekotzat hartzeko. Gure berri "behar den modura" emango duelakoan-edo.

Aizu! aldizkarirako ere egin zioten elkarrizketatxoa, eta han adierazi zuena irakurrita ez zen etorri dena inondik ere espero izango. Egia esanda, WSJko artikuluan irakaskuntza eta metodologiaz gutxi irakurri daiteke.

Nirekin jardun zuenean esan zidan interesa zeukala hizkuntza ikastea zelan bideratzen dugun, euskara bezalako hizkuntza zaila. Eta lehenengo galdera halako zerbait izan zen: Nola ikas daiteke euskara bezalako hizkuntza zaila?

Gaztelaniaz polito egiten du Johnsonek, eroso, zuzen eta beriketan jarduteko arazo barik. Hizkuntz-irakaslea izan ei da: gaztelania eta ingelesa, biak irakasten egin du lan. Azentua igartzen zaio hala ere, ama-hizkuntza ingelesa dauka duda barik. Galiziarren estiloko galde-erantzuna bota nion: "Eta zuretzat gaztelania hizkuntza erraza izan da?"

Pentsatzen geratu zen, gaztelaniaren zailtasunaz inoiz lehenago pentsatu ez balu bezala. Azkenean, bizi den lekuan (Madrilen) gaztelania leku guztietan dagoela eta ez zaiola bereziki zaila egin bota zuen lehengoan. Dena dela, gaztelania berez ingelesa bezalako hizkuntza germaniar batetik datorrenarentzat ez dela hain hizkuntza samurra konturatu zen: generoa, aditzaren konplexutasuna eta irregulartasuna....

Euskara alde horretatik "errazagoa" izan daitekeela erantzun nion, baina, bai, ez dugu hain erraz "aurkituko". Hori bai, bidea norabide bietan egiten duen jendea dagoela hemen: gaztelania, berak bezala, Hegoaldean denok ikasi behar izan dugu, lehenengo edo bigarren.

Hizkuntzei buruzko hitz aspertu lerdo batera pasatu ginen gero, hizkuntza hau eta bestea eta halakoa eta honakoa... Atsegin, eztabaida barik, ohiko berriketa lasaietan legez. Egia esanda libretatxoan gauzatxo pare bat baino ez zuen idatzi.

Pertsona batekin berba eginda, badakizue, ateratzen duzun informazioa ez da esaten duenetik datorrena soilik, pertsonari buruzko ideia bat ere egiten duzu: nor den, zer pentsatzen duen, nolakoa den...

WSJko hori idatzi duena ez zitzaidan begitandu hain zuzen ere, baina, era berean, badakizue, hizkuntza edo eremu geografiko desberdinetan konbentzio soziokultural eta portaera arau desberdinak ere badaude, eta norberak (pertsonei buruz) interpretazioak egiteko dauzkan bideak desitxuratu egin daitezke.

Hortik harrapatu ote gaitu Duero bazterreko txikitoak? Hori bai pastorea!

Idiota lokalak

Luistxo Fernandez (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Azaroa 8 - 09:16-(e)an bidalia.

Idiota lokalak dira bi: Joseba Arregi, Leopoldo Barreda.

Esan izan balute, "Emakumearen lekua, sukaldea", jarraituko lukete batak Kalakan eta besteak lasai Legebiltzarrean legebiltzarreko buru Izaskun Bilbaok ezer esan barik?

Ez seguruenik

Benito-(e)k 2007, Azaroa 8 - 15:54-(e)an bidalia.

Ez seguruenik. Patxi Baztarrikaren erantzuna baino ez dugu izan oraingoz.

Eta elkarrizketatutakoren batek "Euskara beste hizkuntzen gainetik dago", edo "Euskara Jainkoaren hizkuntza da" esan izan balu?

Diooo! Halako bat bota behar nuen ba! Total, astakeriak entzun-irakurtzen hasita, barre behintzat egingo genuen. Tongue out

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia