!name-ren blog-a

21
Mar
2007

Astigarragako AEK euskaltegiko ikasleen kantua

Astigarragako AEK euskaltegiko ikasleek kantu batean bildu dute haien euskara ikasle esperientzia. Kantuaren inguruan "bideoklipa" ere prestatu dute. Horrelakoetan garrantzitsuena ez denez ahotsen kalitate edota afinazioa, mesedez ez erreparatu horrelakoetan. Kantua Morauk egin eta Bittor Ullak musikatu du. Hitzak, berriz, ikasleek egin dituzte eta esan beharra dago euskaltegi guztiak hartu duela parte prozesu horretan. Emaitza.... "Eurovision" jaialdia irabazteko modukoa.

23
Ots
2007

Internet bidezko ikasle batekin solasean

Askotan sumatu dugu faltan, bereziki on-line bidezko ikastaroen inguruan ari ginela, ikasleen ahotsa. Badakit honetan ahaleginetan ari garen gehienak inoiz ikasle ere izan garela, baina, hezkuntza munduarekin harreman lausoagoa duten ikasleen ahotsa da oraingo honetan interesatzen zitzaiguna.

Horretarako, iturrira jo izan nahi dugu eta Bakarne Sein Idazkuntza Lantegiko tutorearen bidez hitzordua jarri dugu bertan ari den ikasle batekin, Peio Telleriarekin, alegia. Bartzelonan bizi bada ere, aurreko aste buruan EHra etorri dela probextuta, solasaldiaren helburua azaldu, mikroa tartean jarri, eta ikastaroarekin, bere esperientziarekin, tutorearen lanarekin zer ikusirik duten hainbat kontu jorratu ditugu. Modu naturalean jorratu nahi izan ditugu(nahita eman nahi genion giro informal hori)ikaslearen ahotsa garbiago entzungo zelakoan.

Guztira 50' baino gehiago irauten duen solasaldia izan da emaitza. Horregatik, errazago entzuteko, 8 zatitan banatu dugu. Dena den, norbaitek osoa entzun nahiko balu, amaieran dauka elkarrizketa osoa.

ELKARRIZKETA 

1 Zatia: Zergatik aukeratu on-line bidezko ikastaro bat? 

2 Zatia: Lehen kontaktua ikastaroarekin. 

3 Zatia: Jasotako argibideak eta lan erritmoa.

4 Zatia: Lan egiteko modua.

5 Zatia: Tutorearen eragina. 

6 Zatia: Harreman idatzia eta tonua. 

7 Zatia: Tutorearen jarduna. 

8 Zatia: Emaitza zer. 

 

Elkarrizketa osoa 

 

Espero dugu interesgarria gertatzea. 

13
Abe
2006

MOODLEn inguruko screencastinga

Joan den egunean MOODLER blog  interesgarrian, screencastingaz ari zirela (modu sinplean agertzeko pentailazoen bidez osatzen diren "filma" laburrak) Tarragonako Rovira i Vigil unibertsitatekoek sortutako
tutorial txukun hau aipatzen zuten. Uste dut oso erabilgarria gerta daitekeela MOODLEN erabilpenean trebatu nahi duen edonorentzat, bestela egin ezazu proba. Zalantzaik ez teknika oso erabilgarria dela, are gehiago azalpenak on-line bidezkoak badira, badakizu irudi bakar batek hamaika hitz baino gehiago balio omen du. Neu behintzat ez nago oso ados, baina...... ezin da ukatu aukera mordoa ematen dituela, eta ez dirudi hain korapilatsua.

05
Aza
2006

WEB 2.0 ikastaroaren ondoren

Uste dut, azkenean zerbait ulertzen hasi naizela ditxosozko WEB 2.0 horren inguruan. UEUk Eibarren antolatutako gai horren inguruko ikastaroari eman behar eskerrak. Ikastaroa oso interesgarria gertatu da, alde batetik emailea Gorka Julio oso aproposa delako, bai ikastaroa dinamizatzerakoan zein edukiak azaltzerakoan eta, bestetik, bertan jasotakoak asko eta gainera onak izan direlako.

Bost egunetako ikastaroan asko aritu gara Blogen eta haiek lantzeko tresnen inguruan, bide batez haien erabilpen posibleak zein ematen dizkiguten aukerak ezagutuz. Azkenean, uste dut ulertu dudala "jarioaren" kontua eta behingoagatik zentzua hartu dutela "sindikazio" eta antzeko terminoek. Wikien inguruan ere aritu ginen eta sekulako aukerak ematen dituen bidea da, orain arte saiakera trakets batzuk eginagatik ere kontu asko ez nituela kontuan hartzen uste dut. Azkenik, hainbat tresna erabilgarri ezagutu genuen; hori izen dantza! Technorati, Del.icio.us, etab....

Gauza asko eta denbora gutxi. Ikastaroaren interesgarritasunaren bi seinale:
1- Saio bakoitza hain laburra gertatzea. Hiru ordutako saioak ziren.
2- Saioa amaitutakoan buruan geratutako ideia zurrunbiloa. Informazio asko jaso izanaren seinale.

Dena dela eta hoberena, idatzi honen hasieran azaldu bezala, aste bete igaro ondoren, dantzan zebiltzan ideia guzti horiek halako zentzu globala hartu dutela elkarren ondoan jartzerakoan, eta horrela hasi naizela ulertzen zer den WEB 2.0 hori; sekulako interesa duten baliabide eta tresna jakin batzuk baino , gehienbat, tresna horiek ahalbidetzen duten jarrera aldaketa bezala irudikatzen dut gaur egun (badakit ez dudala ezer deskubritu, niretzat basamortuan saia topatzea bezalakoa izan da), baina, niri ideiak ordenatzeko eta, batik bat, hezkuntza praktikarekin uztartzeko beharrezkoa den ikuspegi orokorrago eta osatuagoa antzematen laguntzen dit.

Ideiak asentatzen doazen moduan, proba txikiak egiten hasi beharko, horretarako irrikitan bainago, eta ikusiko dugu zer ematen duten, denbora eta pazientzia, eta besteekin konpartitu eta kontrastatzea. Horregatik, blog hau erabili nahi dut esperientziak azaldu eta haien inguruan aritzeko. Asmoak asmo, ikusiko dugu noraino iritsiko garen.

19
Urr
2006

Idazkuntza lantegia. MOODLE inguruko esperientzia bat AEKn

Azken hilabeteetan MOODLE inguruan dabilen ingurumaria dela eta interesgarria iruditu zaigu AEKn azken lau urtetan garatu dugun esperientzia baten berri ematea. Uste baitugu gure ibilbidea argigarri eta lagungarri gerta daitekeela honetan hasi nahi duen edonorentzat.

Badira urte batzuk AEKn MOODLE-ekin lan egiten hasi ginela eta hasieran internet bidez ikastaroak sortzeko soilik baliagarria gertatzen zen tresna, ezagutu eta erabili ahala, askoz ere emankorrago eta erabilgarriago gertatu zaigu. Balizko on-line ikasleei bideratutako Ikastaro pilotu batekin hasi ginen; Idazkuntza lantegia eta poliki-poliki bestelako zereginetarako erabili dugu barne komunikazio tresna bezala eta barne formaziora begirako ikastaroen eskaintza zabaltzeko, besteak beste. Denborarekin, praktikarekin eta hausnarketarekin konturatu gara, beste askori gertatu zaion moduan, hasieran oso modu murritzean aurreikusi genituela programa honek eskaintzen zizkigun aukerak, nolabait gutxietsi genuela MOODLek gure jardunari ekarri ziezaiokeen onura.

Idazkuntza lantegiaren bilakaera izan daiteke aipatutakoaren adibide nagusia. Hasieran, HABEk internet bidezko ikastaroak garatzeko emandako diru laguntzen baitan sortua, gure proiektua garatzeko programa informatiko egokienaren bila abiatu ginen. Ezaugarri nagusi bat behar zuen erabiliko genuen programak, erraz manipulatzeko modukoa izan behar zuen ezagutza informatuko gutxi zeukan edozein irakaslerentzat, halakoxea baitzen egitasmoaz arduratutako irakaslearen egoera eta HABEk emandako dirulaguntzaren tamaina. Beste era batera esateko, ezin genuen, eta era berean, ez genuen nahi, diru truke, gure egitasmoaren neurriko programa osatuko zigun enpresa batengana jo.

Lehen bistadizoan ezaugarri horietara primeran egokitzen zen MOODLE (ez dakit nork, ez dakit nori, ez dakit non irakurritakoa kontatuta jaso genuen haren berri). Software librea zen, erraz manipulatzeko modukoa eta, batez ere, erraz ulertzen zen haren oinarrizko funtzionamendua, beraz, erraz azaldu geniezaiekeen ikasleei. Hau poza, hasi gintezkeen lanean.

Emozioak, ziurrenik, apur bat itsutu gintuen, ordea. Gure eskemak ez ziren teknologiak adina arin aldatu eta, ikusiko duzuen moduan, MOODLEk duen baliorik nagusienak alde batera utzi genituen. Idazmena lantzeko hainbat material egokitu, digitalizatu eta sareratzea izan zen gure lehen lana. Uste genuen aski izango zela hori internet bidezko ikastaro arrakastatsua gauzatu ahal izateko; eskura genuen materialik txukunena sareratzea.... Bi akats nagusi zeuden planteamendu horren baitan, ikastaroaren lehen esperimentazio faseak laster batean erakutsi zigun, alde batetik, ez dela aski materiala euskarri berri batean eskaintzea, nahiz eta, material oso aproposak izan, ez badituzu hasieratik kontutan hartzen ikastaro birtualek dituzten ezaugarri nagusiak. Bestetik, ez zegoela parekatzerik material guzti hori txukuntzen eman beharreko denbora eta lortutako emaitzak. Nahiko saiakera frustrantea izan zen hura. Baina, besterik ez bada, programaren barruak eta aukerak nahiko ongi ezagutzeko parada eman ziguna.

Eskerrak esperimentazio fasean geunden! Ez genuen hanka gehiegi sartu. Hurrengo saiakerari begira dagoeneko zintzilikatuta geneuzkan edukiak ezin genituen zaborretara bota, hainbesteko lana egin eta gero! Hori bai, moldatu eta osatu beharra zeuden eta haietan nabigatzeko aukera eman zezakeen ibilbide "estandar" eta tutorizatua gehitzea bururatu
Logoa
zitzaigun. Horrela, bagenuen bestelako edukiak, bat batekoagoak, erakargarriagoak eta, batez ere, bestelako lanketak (moldatuak edo berriak) eskaintzeko aukera, ordura arte bildutakoari muzin egin gabe, gainera. Eduki guztiahaldunen "diktadura" hautsi eta unean uneko edukiak, laguntza, aholku edota dena delakoak luzatzeko aukera genuen horrela. Gure lehenengo ikasgaia; MOODLE ez zegoen hainbat sistema "adituen" moduan irakasle/ tutore/ aholkulari/ dinamizatzaile/ moderatzaile/ editorearen lana ordezkatzeko prestatua, haren lana osatu, erraztu, eta ezaugarri jakin batzuetara egokitzen laguntzeko, baizik. Horrelaxe eskuratu genuen hasieran ihes egindako ideia garrantzitsuenetako bat.

Bigarren saiakera honetan emaitzak gazi gozoak gertatu ziren. Asko aurreratu genuen hainbat alorretan; errazagoa eta jarraikiagoa zen ikasle eta tutorearen arteko komunikazioa, lan egiteko moduak egokitzeko era zegoen, zehatzagoa zen lanaren jarraipena, ikasleek ongi baloratutako eduki osagarri mordoa gehitu genuen... Idazkuntza lantegiak ikastaro osatuaren itxura hartu zuen, azkenean! Baina, horrekin batera, kezkagarriak ziren hainbat datu jaso genituen. Lehenik eta behin, ikasleen lan jarduna izugarri murrizten zen ikastaroak aurrera joan ahala, aspertu edota nekatuko balira bezala (badakit hori oso fenomeno arrunta dela on-line burutzen diren ikastaroetan) eta ondorioz abandonu tasa izugarria zela ikasle horien artean. Datu hauen inguruan hausnartzen ari ginela ohartu ginen, oso ideia sinplearen ondorioz, ez zela aski, ikaslearen arrakastari begira, ikasle eta tutorearen arteko harremana ziurtatzea ez bazen harekin batera ikasleen arteko elkarreragina bultzatzen edo ahalbideratzen. Hau bai hanka sartze borobila, soziokonstruktibismoan oinarritutako programa ikasleen arteko elkarreragina bultzatzen ez duen ikastaroa bideratzeko! Orain ikusita, astakeri hutsa dirudi, baina, horrela ikasten omen da...

Ikastaroaren hirugarren eskaintza egiteko, publikoa egiten zen lehena, ikasleen arteko elkarreragin hori bideratzea izan zen gure ardatz nagusia. Hori sinpleagoa gertatu zen, MOODLEk horretarako hamaika tresna eskaintzen baitu, mutur aurrean eduki, baina, ezjakintasunagatik, erabili ez genuen hainbat tresna; foroak, txatak, wikiak.... Tresna horiek tutorizatutako programazioan integratzeaz gain, ikasleen arteko elkar ezagutza bideratzeko hainbat estrategia garatu genuen; taldeak sortu, lan komunak bideratu, etab...... Ikasleen emaitzak eta jarraipena dezente hobetzeaz gain, hiru hilabete iraun zituen ikas komunitate txiki eta bizi bat sortu zen. Posiblea zen gure ikastaroari bizitza ematea. Orain badakigu, hasieran ihes egin ziguten ideien artean hauxe zen garrantzitsuena; ezagutza eraikitzeko nahitaezkoa da elkar eragina, baita, edo, batez ere, internet bezalako tresna batekin ari zarenean.

Aurtengoa izango da ikastaroarekin ematen dugun laugarren urtea eta "komertzialki" eskaintzen dugun bigarrena eta oraindik hobetzeko asko badugu ere uste dut bide onetik gabiltzala, hurrengo urratsen nondik norakoak a eta emaitzen berri emango dugu hemendik aurrera. Gure asmoa ikasleen lanak eta 2.0 jarreren ikuspegitik bideratzen hastea da. Dena den, norbaitek idazkuntza lantegia gaur egun zertan den begiratu nahi badu aski du IDAZKUNTZA LANTEGIRA  jotzea eta gonbidatu gisara sartzea, horrela askoz ere argiago ikusiko baitu orain arte azaldutakoa.

Espero dut gure esperientzia beste norbaitentzat baliagarri gertatzea, eta hasi berriei gure akats berdinak burutu ez ditzaten argibide xume baina argiak ematea. Bide batez, esan, biziki estimatuko ditugula zuen ekarpenak. Eutsi goiari eta MOODLE erabili.

Andoni Tolosa

Sindikatu edukia