14
Ira
2011

Eitb nahierara, baina jaitsi gabe

Aspaldian aipatu genuen hemen Eitb-ren webgunea ikus-entzunezko dokumentuen iturri handia izan daitekeela euskara irakasleontzat. Bai, txukunagoa, ordenatuagoa akaso, erakargarriago eta txuloagoa askorentzat, baina dokumentu-iturri izateko arazoak izango ditugu hemendik aurrera.

Irrati saioak mp3 formatuan eta bideoak mp4-n jaisteko aukera ematen zigun lehengoan, eta orain ez eitb.com-en, ez eitb.tv berrian ez da aukera hori zuzenean agertzen, eta edukiak babestuta daudela ematen du gainera. -k oharatarazi digu tweet honetan.

Badirudi audioa eta bideoa RTMP protokoloan eskaintzen direla orain, beste telebista kate askok egiten dutenaren antzera, bideoak jaitsi edo kopiatzea eragozteko asmoz. Eta horrek konexio barik erabili behar dituztenei oso zaila jarri die jaistea eta beste leku batera eramatea, klasera esate baterako.

Bila ibili naiz, eta ez dut alternatiba errazik aurkitu. Eitb.tv-tik ("nahierara") programa hau erabilita jaitsi daitezkeela dirudi, ez eitb.com-etik ordea. RTMP protokolo horretan eskaintzen diren edukiak jaisteko beste alternatiba batzuk daude munduan, baina ordenagailuen erabiltzaile arruntarentzat konplikatuak edo astunak izan daitezke gehienak.

Audioei dagokinez, lehengo podcast-ak mantentzen dira, eta hortik bai, mp3 formatuan jaitsi daitezke edukiak, behar dugun entzungaia podcast-etan badago behintzat.

Bideoei dagokienez, lehen aipatu dudanaz gainera, ingelesezko bertsio honetan lehengo interfazea gorde dute, eta bideoak jaisteko aukera zuzena mantentzen da, baina erdarazko bideoak dira dirudienez.

Tira, ikus-entzunezko material horiek konexiorik gabe erabili behar dutenentzat jaitsi eta leku batetik bestera eramateko aukera gehiago edo errazago ezagutzen badituzue eskertuko dizuegu jakinaraztea. Hemen behintzat ez dute azaltzen.

Saihestea

Saltsera (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Iraila 14 - 22:33-(e)an bidalia.

Aupa. 

Iduri luke orain telebista guziek, barne herri telebistak direnek, ez dutela gehiago utzi nahi jendea bideoak deskargatzera, nahiz azaldu klaserako dela, beren onetan ere... . Batzuk ohartuak ginen ezinezkoa zitzaigula, usaian erabili tresnekin ez eta beste batzuekin 

Ondorioz, eta norbaitek beste aterabide bat atxeman artean, baliteke saihestea eta bideoak grabatzea. Hau da deskargatzeko molderik ez bada, kopiatzea.  Camstudio, Debut, edo plantaila grabaketak egiten dituzten beste logiziel batzuekin, grabaketa ongi parametraturik (soinu eta plantaila zabalera eta beste)

  1. Debut ideki
  2. Grabaketa hobespenak hautatu. Soinuarengatik Jack doblea eman soinu irteeratik sarrerara
  3. grabaketa abiatu
  4. bideoa abiarazi pantaila osora ekarriz eta ahal denean HD kalitatean (hobe da bai irudi bai soinuarentzat)
  5. bukatu denean salbatu grabatu dena eta txukundu beharrekorik bada txukundu adibidez FreeMake- ekin 
  6. Kitto

Pare bat aldiz egin izan dugu pazientziarekin eta zerbait aski ona atera zaigu. Agian, saltsa piska bat egitea da. Baina anitzen artean jarririk ere ez dugu besterik atxemanik. 

Izan ontsa. 

 

Eitb nahierara

Marian (ez da egiaztatu)-(e)k 2011, Iraila 27 - 21:21-(e)an bidalia.

Guk Camstudiorekin egin izan dugu, baina dezenteko lana ematen du... Dena dela, besterik ezean, bideoak horrela kaptura daitezke.  Windows XPn StreamTransport erabiliz bideo bakarra jaistea lortzen dut, baina ordenagailua itzali eta berriro piztu arte ez du besterik jaistea lortzen; Windows 7n ez dut programa horrekin ezer jaisterik izan.Ea inork irtenbide errazagoren bat proposatzen digun.

Stream transport

Benito-(e)k 2011, Iraila 29 - 03:22-(e)an bidalia.

Nik STrekin proba batzuk egin ditut XP eta W7rekin eta eitb.tv-tik (nahierara) lortu dut gauzak jaistea, baina eitb.com-etik arazo asko eta audio fitxategiren bat jaistea baino ez dut lortu.

Beste alternatiba batzuk ere badaude, baina konplikatuak dira erabiltzaile arruntarentzat, RTMPdump eta horrelako tresnak. Komando-lerrotik erabili behar izaten dira eta prozesu konplexua izaten dute.

EITBtik audioak jaisteko lotura

Benito-(e)k 2012, Urtarrila 16 - 18:27-(e)an bidalia.

Orain konturatu naiz irratiko saioak eta grabazioak entzuteko orrietan fitxategia jaisteko lotura jarri dutela. Hemen ikus dezakuzue adibidez. Goian eskuman, "embed code" eta konpartitzeko ikonoen ondoan "jaitsi" lotura agertu da. Bertan klikatuta mp3 fitxategia jaitsiko duzue.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia