Euskara institutuaren webgunean egin dut osteratxoa bide batez, zer dagoen eta zer dabilen ikusten. Guretzako baliagarria-edo. Oraingoz asko-asko ez.
Egungo euskararen hiztegia. Proiektu nagusaren ataletako bat. Ereduzko Prosa Gaur corpusean oinarria hartuta hiztegia egitea da asmoa. Une honetan F, G eta H letrak baino ez daude proba modura.
Hiztegi batua euskal prosan. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko sarrerak eta Ereduzko Prosa Gaur corpusean dauden sarrerak parekatzen ditu. Hemen daukazue azalpena. Bietan agertzen den ala ez, eta EPGn zenbat sarrera dauden. Hau ere ez dago osatuta. F, H, I, J eta K letrak besterik ez. Interesgarria izan daiteke hitz edo erro baten maiztasuna ezagutzeko, "erabiltzen da" edo "ez da erabiltzen" epaia eman orduko adibidez.
Ereduzko prosa gaur. Esan bezala, gaur egungo euskararen Corpus arakatzailea da. Literatura eta prentsako testuetan oinarrituta. Euskararen irakaskuntza arauetan soilik oinarrituko ez badugu, halako tresnak ez datoz batere txarto. Dena dela, corpusean interneteko testuak ere integratzea komeni delakoan nago. Badago eta corpus horretan apenas topatzen den hitzen bat. ;-)
Tira ba, asko ez, baina unibertsitatetik sorpresa atseginak etortzen hasiko direla dirudi.
Patxo Landa lagunarekin ibili naiz gaur arrastian teknoendredoen gainean platikatzen. Bere asmo eta proiektu batzuk kontatu dizkit, gaztelania-irakasle diharduten hiru lagunen artean martxan ipini berri duten Tres Tizas gehien bat.
Oso proiektu interesgarria, hizkuntzaren irakaskuntzaren hiru arlo berezitan: HIPIn (Hizkuntza indartzeko programak eta ikasgelak), LHIn ( lanbide hastepenetarko ikastegiak) eta DBHn, hizkuntz-klaserako aktbitate errazak batu eta zabaltzea dute asmoa. Web2.0 tresnekin bloga eta wikia atondu dituzte horretarako. Wikian eskuragarri dauden aktibitateak zehatz azalduta eta baliabideekin ondo hornituta aurkeztu dizkigute. Guztion eskura dauden bitartekoekin eta -bereziki- gogo eta ilusioarekin gauza politak egitea ez da zaila, ez.
Tres Tizas hau ez da izan aste honetan ikasmaterialak eta aktibitateak sareratzeko aurkitu dudan adibide bakarra gainera. Egun batzuk lehenago Anibal de la Torre irakasle-blogari ezagunak sarean baliabideak konpartitzeko gune berria (berreskuratua hobeto esanda) aurkeztu zigun: Recursos Educativos en Red. Lehengo esperientzia bat berreskuratu eta Drupal softwarearekin (Karrajuan erabiltzen duguna), sarean dauden baliabide edukatiboen direktorio kolaboratiboa egin du, kategoria eta etiketekin sailkatua, eta baloratzeko puntuazio sistema batekin hornitua. Del.icio.us eta Zabaldu.com-en arteko zerbait. 600 baliabide baino gehiago ei dauzka karteran, eta gainera norberak aurkitzen duena bidaltzeko aukera ere ematen du.
Bestalde, OpenAcademic-en klaserako sortzen diren ideiak eta ikasgaiak eta berauek zabaltzeko eta antolatzeko bideen inguruko gogoeta egin dute, Thoughts on Sharing Lessons artikuluan. Beharrak eta interesak aztertuta, tresna hau proposatu dute. Funtsean sarean produzitzen diren "lekzioak" jasotzen dituen agregatzailea da, jaso ahala iturriaren arabera sailkatu eta aurkezten dituena. Ideia ona, eta ezaguna ere egiten zait. Tresna osatuago baten lehenengo pausoa izango litzateke hau, ikasmaterialak partekatzeko eta eskatzeko zerbitzuak ere beharko lirateke OpenAcademic-ekoen arabera.
Azken gune hau ere Drupal-ekin eginda dago, eta duela hilabete batzuk ikasmaterialak sareratu eta partekatzeko FreeTeach.com gunea gogoratu dut, Drupalekin eginda hura ere.
Tira ba, lehen esan dudan bezala, badira klasean zer egingo ote dut galderatxo horri erantzuten laguntzeko modu errazak, teknologiaren aldetik behintzat.
Didaktika eta irakaskuntzaren inguruko testuen bilduma da (bai, didaktikarion teoria-txapa-psikolasto horiek guztiak). SUEkoen asmoa era guztietako materialak guztion eskura uztea da, eta wiki erara publikatu dituzte testuok.
Wikian antolatuta, proiektua irekita dago guztion parte-hartzera, eta halaxe bota digute gonbidapena guztioi Didakteka osatzera:
Didakteka proiektu irekia da eta parte hartu nahi duten guztiei zabalik dago: dagoeneko eskura dauden artikuluak handituz, zuzenduz edo beste dokumentu batzuk sortuz.
Osatu ez ezik, materialak erabili eta zabaltzeko aukera ere eman digute CC-BY litzentziapean jarrita.
Ideia ona, duda barik, eta gutxien-gutxienik konpartitzeagatik eskerrak ematea merezi duena.
Eta norberak aportatzea ere bai. Animatuko gara? Hasteko Karrajuan fundamentuzko zerbait aurkitzen baduzue (neureen artean kostako da), beldur barik eroan ahal duzue Didaktekara.
Lehenengoa sarean publikatzen diren materialen agregatzailea da (edo berri-emalea nahi baduzue), eta bigarrena taldeak egiteko gune baterako proba.
Ez dira "produkzio-guneak" alegia, esperimentu mailan daude biak eta orain arte gehiago erabili ditut probak egiteko eta jolasteko benetako gune edo zerbitzua egiteko baino.
Azkenotan berriz, Ikasbilen RSS jarioak eskaintzen hasi direnetik eta Scribd-n ikasmaterial batzuk gordetzen ditudanetik, konturatu naiz sarean badabilela ikasmaterialen jariotxo interesgarri bat, eta Klaserako hori norbaitentzat baliagarria izan daitekeela.
Klaserako.karrajua.org horretan RSSen bidez han eta hemen publikatzen diren gauzak jaso eta kronologikoki publikatzen ditu, berrienak lehenengo.
Beraz, interesgarria izan daiteke eskolak ematen dabiltzanentzat zer material edo dokumentu berri irten diren jakiteko.
Baina egunero kontsultatzeko astirik-ohiturarik jende askok edukiko ez duenez, eta RSSren misterioak oraindik askorentzat bastante misterio direnez, aukera berria gehitu diot. Feedburner zerbitzuaren bidez publikatzen diren materialak e-postaz jasotzeko aukera.
Han, ezkerrean E-postaz harpidetu ipintzen duen koadrotxoa dago.
Sartu zure e-posta helbidea eta "Harpidetu" klikatu. Leiho berria zabalduko da.
Leiho horretan zure helbidea eta letra-zerrenda bat agertuko da. Letra horiek beheko koadroan tekleatu eta "Complete Subscription Request" ipintzen duen botoian klikatu.
Orain mezu bat etorriko zaizu (ingelesez, ea itzultzen dudan) postara konfirmatzeko. Berton link bat ikusiko duzu, klikatu eta nabigatzailean leiho bat zabalduko da zure harpidetza eginda dagoela konfirmatuaz.
Zein berri jasoko duzu?
Orri honetan dauzkazu Klaserako.karrajua.org harpidetuta dagoen iturrien zerrenda. Baina labur esanda hauek dira:
Iturri berriak agertu daitezke (oxala!) eta jakin ahala (edo zuek abisatu ahala) horiek ere gehitzeko modua dago. Beti ere RSS jarioa badaukate.
Zer dago?
Egunero mezua jasoko duzue publikatu diren azkenengoekin. Jatorrizko lekuan publikatzen direnetik zuenera heldu arte bizpahiru egun pasa daitezke txarrenean.
Klaserako.karrajua.org-ek beste leku batzuetako mezuak jaso baino ez du egiten, iturriaren arabera informazio gehiago edo gutxiago edukiko duzue. Ikasbileko materialetan adibidez izenburua baino ez da heltzen.
Beraz, dokumentu originalak ikusteko jatorrizko lekura joan behar duzue. Horretarako interesatzen zaizuen artikulua Klaserakon zabaldu eta behean "irakurri originala" estekan sakatu behar duzue.
Klaserakon dena dela aukeratxo pare bat daukazue:
Materiala izartxo batzuekin baloratu. Zenbat izar ipini nahi duzuen gainean klikatu.
Materialen inguruko iruzkinak egin. Iritzia, klasean erabiltzeko ideiak, erabili osteko balorazioa... Nahi duzuena.
Hobetzekoak
Materialak sailkatzeko etiketak ipini ditut. Etiketatze sistema automatikoa da, ni ez naiz ibiliko etortzen diren guztiei etiketak ipintzen, zorionez asko dira eta. Batzuetan sistemak ondo jasotzen ditu etiketak, baina beste kasu batzuetan maila edo aurretik ipinita dauka baten bat baino ez. Sailkapen sistema ez da oso zehatza zoritxarrez. Saiatuko naiz hobetzen, baina iturriek ematen digunak markatzen du hori.
Zuek proposatzen eta abisatzen dituzuenak.
Zer ez da?
Klaserako.karrajua.org ez da norberaren materialak sarean jartzeko gunea. Ez dago idazteko edo fitxategiak igotzeko aukerarik alegia. Klaserako ideiak eta materialak egiten badituzue eta zabaltzeko eta konpartitu nahi badituzue, aukera hauek dauzkazue adibidez:
Aurrera doa matrikulazio kanpaina. Joan den larunbatean gehigarri hau banatu zen Vocento taldeko egunkariekin. Euskaltegi talde batek sustatu du gehigarria Ikusi, ikasi. Da el paso hacia el euskera leloarekin.
Barruan Mertxe Mugika (AEK) eta Gurutze Sarasolarekin (IKA) elkarrizketa, informazio-artikulua eta euskaltegien zerrenda.
Santurtzin ez dituzte klaseak debalde emango hala ere. Albistea bestelakoa da, baina ez horregatik interes gutxikoa. Baliabide Zentro Birtuala antolatu dute santurtziarrek, han gunean erregistratu ostean, testuak, ikastaroak eta kontsultarako baliabideak eskainiko dituzte doan, norberak bere kontura erabiltzeko hala ere.
Era berean, gaur Maite Goñi ikteroak aspaldian zabaldu zuen EGA ikastaroa osatu eta berrantolatu duela kontatu digu. Lan polita egiten dabil Maite. Susmoa daukat hala ere euskaltegietako jendearen kolaborazio gehiago bereziki estimatuko lukeela.
Publizitateaz hasi gara, baina Santurtzikoak eta Maite ez dut uste publizitateagatik ari direnik. Baten batek pentsatuko du horrelakoekin jendea ez dela euskaltegietara etorriko akaso. Nik kontrakoa uste dut, baliabideen zabalkundeak euskara ikastera animatzeko eta euskaltegietara etortzeko gehiago egingo du animatu uxatu baino.
Hori bai irakasleari buruko min bat ekar diezaioke honek guztiak, ezin izango da materiala banatzera mugatu.
Tira ba, neuk ere egingo dut neure ekarpen txikitxoa.
Honez gero gehienok ezagutuko duzue Zabaldu.com. Badakizue, erabiltzaileek sarean aurkitu dituzten gauza aipagarriak bidaltzen dituzte eta beste erabiltzaileen balorazioekin gehiago edo gutxiago zabaltzen dira. Sistema hau ingelesezko Digg-ek ipini zuen martxan, eta kasu gehienetan arrakastatsu suertatu da.
Hizkuntza desberdinetan egin dira bertsioak, Zabaldu.com daukagu euskaraz, eta inguruan hauek besteak beste: Scoopeo (frantsesez), Meneame (gaztelaniaz), La tafanera (katalanez), Chuza (galizieraz)...
Digg tematikoak ere eratu dira, adibidez gaztelaniazko Docencia.es, hezkuntzaren inguruko gunea.
ESL (English as second language, Ingelesa bigarren hizkuntza bezala) ikasleentzako direktorio soziala izateko jaio da, baina ingelesa ez ezik hizkuntza hauetarako ere egin dituzte atalak: gaztelania, alemanera, portugesa, frantsesa eta txinera. Other languages atala dago gainera, bestelakoak sartzeko.
Abian hasi da gunea eta momentuz gutxi baina denerik aurkitzen da: ikasmaterialak, podcast-ak, ariketak, blogak, eta artikuluak markatu dituzte erabiltzaileek.
Hemen berton aspaldian egin dugu berba euskara ikastearen inguruan baliabideak zabaldu eta sozializatzeko plazen beharraz, Karrajuan esperimentu pare bat ere egin dugu. Ekaineko BBB hartan ere honetaz jardun genuen (bide batez, hurrengoa noizko?).
Digg estiloko gune hauek normalean nahiko aktiboak izaten dira. Interesgarria dirudi euskara ikastearen inguruko halako gune bat. Ezta? Sarean markatzeko eta komentatzeko generoa egon badago.
Santurtziko Udal Euskaltegikoak bereziki aktiboak ditugu gure sektore honetan, didaktika zein teknologia alorretan. Eta abuztuan geldirik ezin egon eta webgunea berdiseinatu egin dute.
Aurrekoan atari osoa antolatzeko Moodle erabili zuten. Orain JoomlaCMSa erabilita berdiseinatu dute, atariaren sarrera gehien bat. Moodle Ikasgela birtualerako kontserbatu dute.
Oraindik berregokitzapena amaitu barik dagoela dirudi, haren albiste ematen dute, baina labur-labur. Hala ere nobedade batzuk ikusi ahal dira. Albistegi ezberdinak atondu dituzte: euskaltegia, ekitaldiak, ikastaroak eta azterketak eta deialdiak. Inkestak ere jarri dituzte. Interesgarriena proiektuak atalean dugu, didakteka atalean hain zuzen ere. Bertan sartu eta wikia dela konturatuko gara. Honela azaldu dute sarreran:
Didaktekaren helburu nagusia euskara-irakasleen esku era guztietako materialak uztea da, teoria eta hausnarketa uztartuz hezkuntza-praktika mesedetzeko asmoz. Horretarako, euskara irakatsi eta ikasteko tresnak, baliabideak eta dokumentazioa era sistematikoan eta kolaboratiboan bildu eta sailkatu nahi ditugu.
Euskara irakasleontzako baliabide bilduma egin nahi da dirudienez, era kolaboratiboan. Dagoeneko material batzuk jarri dituzte eskura. Erabili duten software-arengatik (Mediawiki), euskalduntze-alfabetatzearen wikipediaren traza hartu dakioke.
Gure sektorean kolaborazioa eta han-hemen dihardugunon parte-hartzearen beharra sarri azpimarratu dugu hemendik ere. Seguruenik horretara heltzea tresna eta teknologiatik haragoko arazoa ere bada. Kolaborazioa suspertzeko harremanak eta ohiturak zabaltzearena adibidez.
SUEkoen proiektu honi jarraitu egin beharko zaio beraz.
Lehengo astekoan ideia batzuk bota ziren han eta hemen. Funtsean, Josuk ederto laburtu duen legez, adar bi: Ikasleei begira zer? Eta irakasleoi begira zer?
Ideien bila hasita, saiatuko naiz inspirazio iturri batzuk zerrendatzen: aukerak, ereduak, tresnak....Zeuek osatzeko edo borobiltzeko.
Ikasleek zer behar/nahi lezakete?
Bi gauza posible: ikasteko baliabideak eta praktika.
Ikasteko baliabide iturri oparoa daukagu Ikasbilen adibidez. Ikasleak zer gehiago, edo beste zer behar luke? Ez dakit galdera honi argi erantzuten. Ikasleren bat badabil hemen inguruan berak pistak ematea eskertuko genuke. Interneten zeren bila ibiltzen zarete?
Pista modura edo, Karrajuan berton klaserako baliabideak atalean EGA eta ariketak dira gehien bilatzen direnak. Ez dakit bilatzaileak ikasleak ala irakasleak diren hala ere.
Praktika bideratzeko sare sozial moduko batzuek funtzionatzen dute beste hizkuntza batzuk praktikatzeko. Hemen dauzkazue nik orain arte del.icio.us-en batu ditudanak. Euskara praktikatzeko ere balio dezakete? Nire ustez hortik pista asko hartu daitezke, eta praktika eta hobeto dakienarekiko komunikazioa izan daitezke ikasleen eskakizunak.
Irakasleak
Irakasleok "klasean zer egin?" galdera hori sozializatzeko bideak aurkitu behar ditugula, eta lehengoan formatoei eta behar izanei buruz bota zirenak aintzat hartuta.
Norberaren materialak zabaltzeko bideak
Testuak. Bota dezagun gehienok testuen edizio eta maketazio programak erabiltzen ditugula: Word, Open Office edo, ausartenen kasuan QuarkXpress edo Freehand-en moduko maketazio eta diseinu programak. Sortzen diren artxiboak ez dira sarean argitaratzen errazak, html-ra ekartzea konplexua izan daitekeelako, edo artxibo handiak sortzen direlako. Horrezaz gainera, paperean inprimatu behar izaten dugu gehienetan. Bide posibleak:
Testu horiek PDFra ekarri. Gehien bat maketazio programa konplexuekin egindakoak. Horrela formatu bateragarritasuna ziurtatuko genuke. Hala ere, editatzeko aukera asko ere galtzen dira. Honetarako baina, oso soluzio interesgarria Scribd izan daiteke. PDF fitxategiak gorde, erakutsi eta .doc formatuan jaisteko aukera ematen du. Hau editatzeko edo moldatzeko moduak izan daiteke, egia da konbertsioan irudiak galtzen direla, baina testuak nahikoa ondo eskuratu daitezke horrela. Scribd-en aukera interesgarria bestalde, fitxategiak blog edo webgune batean txertatzearena da. Eta, zer esanik ez, word dokumentuak ere konpartitu daitezke han.
Dokumentuok sarean eskura ipintzeko, bestalde, disko gogor birtualak ditugu ugari han eta hemen. Ale pare bat botatzearren: box.net, xdrive, fabrik... Askoz gehiago daude, eta guztiek ematen dute aukera fitxategiak konpartitzeko. Beraz, ez dut uste, zabaldu nahi izanez gero, geure testuak (materialak, ideiak...) zabaltzeko oztopo handirik dagoenik.
Media fitxategiak. Audio eta bideo fitxategiekin egiten dugu lan gero eta sarriago. Kasu honetan, beharbada, arazo larriena ez da izaten sarean nola konpartitu, disko gogor birtualek honetarako aukera ere ematen digute adibidez, edo P2P sareek ere bai, zer esanik ez podcast-ak egiteko zerbitzuak. Hori fitxategiok dagoeneko nonbait gordeta ez daudenean (Ikasbilen adibidez).
Hala ere, kontuan hartuta, gaur egun oraindino teknologiaren bidezko ikas-ereduak (autoikaskuntzaren ingurukoak adibidez) ez direla ohikoena izaten, arazoa eskola presentzialean erabiltzeko orduan etortzen da. Audio fitxategiekin egia esanda, ez da arazo handirik izaten, mp3 formatua zabaldu denetik sarritan kopiatu baino ez da egin behar izaten. Bideoa izaten da konplexuagoa. Youtube-ren moduko guneetatik bideoak jaistea, oraindik orain, ez da samurra izaten, eta klaseratzea gatxagoa, kalitate minimo batekin behintzat. Konponbide posibleak:
Ordenagailu eramangarriak erabiltzea. Edukiz gero errazena, baina badakit hau oraindik ez dagoela guztion eskura. Gainera, ordenagailu eramangarrien pantailak ez dira izaten hamabost lagunek batera ikustekoak. Eta bideo-proiektorea ez dago oraindik euskaltegi guztien horniduran sartuta.
DVDak erabiltzea. Edizio lana egin behar da, eta, denboran baino ez bada ere, luze jotzen du eta, gainera, abilidade tekniko apur bat behar izaten da. Egin ahal da, baina konplexu samarra suertatu daiteke.
Ez zait soluzio errazagorik bururatzen bideoak zabaltzeko. Ez da arazo samurra, baina, egia esanda, beharbada, hain larria ere ez da, jakinda, adibidez, dagoeneko badabiltzala bideo bildumak euskaltegietan (Ikasbilena kasu). Beharbada bideoak ikusteko modua aldatuta ere aukera berriak zabaldu daitezke, hau da, taldekide guztiek ikusi behar dute bideoa elkarrekin eta aldi berean derrigor? Ez dakit ba, beste aukerarik?
Laburbilduz, irakasleok konpartitzeko uste dut baditugula aukerak eta tresnak sarean. Akaso arazo handiena gure ideiei eta jarduerei forma emateko eta zabaltzeko lana hartzearena izan daiteke. Motibazio hori emateko seguruenik, sareak (irakaslearena, ez sare informatikoak) zerbait aportatu behar dio norberari: tresnak, baliabideak, egin duena hobetzeko ideiak, talde-sentimendua, edo, besterik gabe, bere lanagatiko eskerrak.