13
Urr
2008

Zertan arituko dira belgikar 1, 2 katalan eta 100 euskaldun IMHn?

Edurne Bilbao (IMHren komunikazio arduraduna), Mikel Urdangarin (Ahize - AEK) | 2008, Urria 13 - 14:27

Urriaren 23an, Elgoibarko IMHn, Makina-Erreminta Institutuan, goizez, 30+10 Mintegia burutuko da hirugarren urtez. Bertan, hizkuntza-kudeaketaren gaineko ponentziak aurkeztuko dituzte Belgika, Katalunia eta Euskal Herritik etorritako 19 aditu eta aritu. Enpresen funtzionamendua eta erantzukizunaren kudeaketa hobetzen lagundu dezaketen hausnarketa, praktika on eta produktuen berri emango dute.

Hainbat puntu landuko ditugu aurtengo 30+10 Mintegian:

  • Berrikuntzaren eta hizkuntzen urtea izanik, bien arteko loturei buruz arituko zaizkigu Pilar Kaltzada, Innobasqueko Komunikazio-zuzendaria, enpresaren ikuspegitik, eta Igor Calzada Renoko Unibertsitatean ikerketa egiten ari den MIKeko proiektu-zuzendaria, hiritartasunaren ikuspegitik. Azken hori, berrikuntza mintegiaren funtzionamendura ekarriz, bideo-konferentziaz arituko da Renotik.
  • Kanpoko esperientzietatik ikasi: Batetik, Bruselako gune elebidunean kokatuta dauden enpresetan eman diren aldaketen berri jasotzen duen ikerketa aurkeztuko digu Université de Namurreko Luk Van Menselek, eta, bestetik, katalanez aritu nahi ez duten langileei begira hainbat enpresatan landu diren Taller de Foment edo Sustapen-tailerren berri ere jasoko dugu Elena Blaya eta Jordi Boschen hitzaldian.
  • Bertako esperientzietatik ikasi: Euskaltel, Tekniker, Ideko, Urkotronik eta GKN Legazpiren esperientziak aurkeztuko dira. Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak erantzukizunaren koste eta onurei buruzko aurkezpena egingo du, eta horretaz gain, talde txiki eta norbanakoen ohituretan eragiteko tailer eta proiektuen berri ere emango dute Emun eta Elhuyar aholkularitzek (hurrenez hurren, Elias Zumalde eta Ana Labaka). EHUko irakasle Daniel Hermosillak Ahize-AEKrekin lantzen ari den ikerketa-proiektuaren oinarriak azalduko ditu, eta, praktika gehiagorekin osatzeko, Kutxako 600 langileri egindako elkarrizketen analisiaren berri emango digu Imanol Minerrek.
  • Enpresaren marka-irudiari buruzko alde teorikoa eta praktikoa ere landuko dira. Alde batetik, enpresen aholkulari eta EHUko irakasle Sergio Mongek hizkuntza eta markaren arteko loturak aztertuko ditu, eta, kasu praktikoan, Euskaltelek aurkeztuko du nola kudeatzen duen euskara identitate-marka gisa.
  • Urtero bezala, softwareak pisua izango du mintegian. Informatika arloan ematen ari den bilakaerak aniztasuna kudeatzeko gero eta aukera handiagoak ematen baititu. Alde batetik, nazioarte mailan eragin handia duen enpresa baten hizkuntza-kudeaketa eta produktuak ezagutzeko aukera izango dugu: Microsoft. Bestetik bertako bi erreferentzia: ESLEk, Euskadiko Software Libreko Enpresen elkarteak, software mota horrek eskaintzen dituen aukeren berri emango du, eta Elekako Iñaki Irazabalbeitiak dokumentu eleanitzak erlazionatzeko teknologia aurkeztuko du.
  • Arlo berria: Aurtengo berezitasunetako bat izango da Andres Urrutia Notario eta Euskaltzainburuak emango duen hitzaldia. Izan ere, orain artean gutxi landu izan den arlo bati ekarpena egingo dio: lege-dokumentuak kudeatzeko zerbitzua aurkeztuko du.

Mintegi honen antolatzaileak IMH – Elgoibarko Makina-Erremintaren institutua, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitza dira, eta nahi duen orori parte-hartzeko gonbitea egiten diote. Aldibereko itzulpen zerbitzua izango da, eta entzule etorri nahi duenak bi bide ditu izena emateko:

  • Telefonoz: 943 74 41 32 (Leire Alberdi)
  • Posta elektronikoz: imh@imh.es.

 Egitaraua ikusteko edota izena emateko: http://www.imh.es/albisteak/30-10-mintegia-enpresa-eta-hizkuntza-kudeaketa/view

Etiketak: enpresa | euskara | hizkuntza | imh | jardunaldiak | lan-mundua | normalizazioa |
Bidalitako artikuluak

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia